Udako formatuari agur esan, eta bide berriari ekingo dio Sortaldeak. Aurrerantzean, Daniel Txopitea bekadunentzat lan lekua izateaz gain, hainbat erakusketa hartuko du. Donejakue Bidearen inguruko erakusketa izango da ibilbide berri horren lehenbiziko geltokia. Gaur zabalduko dute Iparraldeko Santiago Bidea argazki eta luma irudien erakusketa. Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak mende laurdena bete duela eta, omenaldi gisa antolatu dute. Bertan, Manuel Barrenetxea donostiarrak egindako Donejakue Bidearen 50 bat marrazki bildu dituzte, baita kostako bideko 80 argazki inguru ere. Azaroaren 18ra bitartean izango da ikusgai itsas pasealekuko kultur gunean, ostiraletan 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta jaiegunetan 12:00ak eta 14:00ak, eta 18:00ak eta 20:00ak bitartean.
«Zarautz plaza egokia da halako erakusketa bat hartzeko», nabarmendu du Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek. Izan ere, Donejakue Bidearen Zarauzko Lagunek «lan handia» egiten dute mundu zabaletik etortzen diren erromesei harrera egin, lagundu, informatu eta ostatu ematen; Zarauzko «enbaxadore» izaten, azken finean. «Orduak igarotzen dituzte sinesten duten horren alde lanean. Lan hori musutruk egiten duten boluntarioen lana ezagutarazi eta aitortzeko modu bat da erakusketa hau».
Artista erromesa
Barrenetxeak ederki ezagutzen du Donejakue Bidea. «Erromes zaharra naiz ni. 1985an egin nuen lehenbiziko aldiz bidea; artean ez zen kostako biderik, ez egokituta behinik behin». Hala, ibilbide frantsesa, existitzen zen bakarra, egin zuen Barrenetxeak hainbat urtetan: «Baldintza kaskarretan egin genuen, zenbait tokitan eskaletzat hartu gintuzten. Baina egin, egin nuen».
Hankez gain, irudimena lantzeko ere baliagarri izan zitzaizkion bidaia horiek donostiarrari. «Ikusten nuena lumarekin irudikatzeko ohitura hartu nuen. Donostiara itzultzean marrazkiak egiten jarraitu nuen, bidaia hori nolakoa izan zen erakusteko». Egun, 80 bat irudi ditu etxean; horietatik 50 erakutsiko ditu erakusketan gaurtik aurrera.
Gehientsuenak paisaien irudiak dira, baita eraikinenak ere, elizak eta kanpandorreak, kasu. Argazkiak ere generikoak dira, Irundik hasi eta Deba bitarteko herriak eta monumentuak islatzen dituzte.
Azken urtean, gora
Donejakue Bidearen Lagunak elkarteko zuzendari Fernando Imaz eta idazkari Angel Ayesa izan ziren lehenbizikoak kostako bidea egiten XX. mendean, Irundik irtenda. «Orduan ez zegoen gidarik ezta maparik ere. Bideak aztertu zituzten, gerora bidea erakusteko gezi horiak jartzeko», azaldu du Gipuzkoako elkarteko lehendakariorde Paco Martinezek. Elkartea sortu eta handik zazpi urtera, 2004ean, sortu zuten lehenbiziko aterpetxea, Deban, eta 824 erromesek hartu zuten ostatu bertan. 2006ean, Donostiako Jakintza eskolan atondu zituzten 18 bat plaza, «modu prekarioan».
Ordutik ostatuen kopurua hazten joan da eta urtetik urtera boluntarioen lana areagotuz doa. Iaz 20.000 erromes baino gehiago igaro ziren Gipuzkoako aterpetatik. Aurten, nazioarteko 18 herrialdetatik, Europako 29 herrialdetatik eta Espainiako 17 erkidegotatik etorritako lagunak jaso dituzte. «Egun ez dago munduko hainbeste lekutatik etorritako jendea hartzen duen erakunderik», zehaztu du Martinezek.
Zarautzen, esaterako, 2.600 erromes jaso dituzte Ebro Etxean, udan. Horrez gain, urtean zehar ere beste hainbeste hartzen dute Gurutze Gorriaren egoitzaren alboan zein Igerain aterpetxean. Helburua bisitariek herriaren eta herritarren «irudi ona» izatea da. «Gure asmoa bisitan etorritakoak itzultzea da, eta, batez ere, gure altxorra erakustea», gehitu du Donejakue Bidearen Lagunen Zarauzko taldearen arduradunak, Jesus Olaizolak. Horretarako, «ezinbestekoa» da bisitariei sentsazio ona ematea. «Garrantzitsuena erromesak ongi zaindu eta babestea da, gerora itzul daitezen», dio Martinezek.
Ildo horretatik, azken urtetako gorakada kontuan izanda, zerbitzua egonkortzeko dute helburu zarauztarrek. Olaizolaren arabera, Ebro Etxean beste hainbat ekimen izaten da neguan, eta Zarauzko elkarteko ordezkariak urte garai horretan erromesei ostatu emateko irtenbide bila dabil egun.
Erromesentzako aterpetxe ia guztiak udalek utzitako eraikinak izan ohi dira. Martinezek erromesen gorakada hori aprobetxatu eta aterpeak ekimen pribatuek bidera ditzaten animatu ditu.
