
Euskal Jaien bezperan, Aurresku Zaharra dantzatu zuten Mollari eta Iratzarriko dantzariek elkarrekin (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Herriko bi dantza talde historikoak batu, eta talde berria osatu dute. Hainbat arrazoi dago Mollarri eta Iratzarriren bateratze horren atzean, baina nagusia biek partekatzen duten filosofia da. Euskal kulturaren bultzatzaile izatea dute biek ala biek helburu,, haurrek herriko festetan euskal dantzak egiteko gaitasuna izan dezaten.
Azken boladan bi dantza taldeek izandako «indar aldaketak» ere izan dute zerikusia erabaki horretan. Adierazi zutenez, Mollarriko eta Iratzarriko egungo dantza irakasleak oso gazteak dira. Iratzarriren kasuan, gehienek Zarauztik kanpo ikasten dute, eta denbora gutxi dute eskolak emateko. Mollarriri dagokionez, haur talde asko dago egun, eta ez dago hainbeste irakasle.
Ildo horretatik, hainbat alditan bildu ostean, dantza talde «bakarra eta eraginkorra» sortu dute. Dagoeneko hasi dira entseguekin, gainera.
Egoitza, Ebro Etxean
Lizardi aretoa zena eraitsi zutenean egoitza gabe geratu zen Iratzarri dantza taldea. Gauza bera gertatu zitzaien Mollarriko kideei ere. Horiek urte askoan Salbatore Mitxelenan izan dute lokala, baina ikastolak psikomotrizitate gela gisa erabiltzeko baliatu du gunea. Modelo zinema aretoa ere itxita egon da, eta ondorioz, Zarautz kultur azpiegitura txukun gabe geratu.
Dantza talde bateratuaren aurkezpenean adierazi zuten moduan, leku finko baten beharra zutela eta, lehenbailehen hasi ziren lokala lortu ahal izateko ate joka. Zarauzko Udalak «asko lagundu» die lan horretan, «aukera anitzak» eman dizkielako eta azkenean haientzat «egokiena» dena utzi dielako. Hala, Ebro Etxean entseatuko dute aurrerantzean; erretiratuentzako informatika gela lekuz aldatu du udalak, Ebro Etxea osorik kultura ekimenetara bideratzeko. Eraikineko areto batean izango dute dantzariek entsegatzeko eta dantza taldearen materiala gordetzeko tokia.
Indarrak hartuta datoz dantza talde berriko kideak, eta «indartsu» jarraituko dute lanean, «guztientzat onena dena lortu artean». Beteranoen bideari jarraitzea dute helburu, horiei esker baitute duten lekua. Hainbat urtean bezala, « gogor eta musutruk» jarraituko dute lanean.