Irribarrea eta elkartasuna, horiek dira gaixotasunen aurrean «botika onenak», Arritxu Iribar kirol kazetariaren arabera. Horiek dira baita ere Mobibike Egunaren bi ardatzak: irri egitea, «urtean zehar gaizki pasa dutenek egun zoriontsua igarotzeko»; eta elkartasuna, Aspanogi ezagutarazi eta hark antolatzen dituen ekintzak aurrera eraman ahal izateko laguntzak lortzeko. Igande honetan ospatuko dute festa handia laugarren urtez, Zarautzen.
Aurten ere, bizikletaren inguruan egingo dute jaia, baina hainbat bidelagun izango dituela adierazi du Jose Luis Fernandez Vilches minbizia duten gurasoen elkarteko ordezkariak: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak; hainbat txirrindulari profesional, Markel Irizar eta Aimar Zubeldia, tartean; ZRT Zarautz Rugby Taldea , Pagoeta, Irrien Lagunak eta beste zenbait elkarte; Ken 7 taldea, Demode Quartet…
Guztiek beren hondar alea jarri dute Mobibike Eguneko egitarau zabala prestatzeko, eta hala, ekitaldi ugariko egun borobila osatu dute. Goizean, BTT trabesia izango da, Pagoeta elkarteak lagunduta. Jarraian, triatloi txikia egingo dute eta gero, txirrindulari profesionalekin, herrian zehar bizikleta itzulia.
Arratsaldean, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izango da, 17:00etan Aritzbatalde kiroldegian. Katxiporretako Aitziber Ugartemendiak zehaztu du ez dela ikuskizun soila izango; ekitaldi parte-hartzailea izango da. Pailazoekin batera, hainbat talde eta elkarte izango dira oholtza gainean, saltoka eta dantzan. «Giroa bero dago», nabarmendu du Iribarrek. Izan ere, jendea «ondo pasatzeko gogoz» dago, Aimar Zubeldia txirrindulariak adierazi duenez. Ikuskizunean parte hartu nahi dutenek dagoeneko eskura ditzakete txartelak, sei euroan, Lukas eta Lau okindegietan eta Biyona dendan.
Zirkuitu ez kutsagarriak
Goizeko eta arratsaldeko ekitaldien artean, uztarri modura, haurrentzako hainbat zirkuitu antolatuko dituzte, gurpil gainean egiteko. Aspanogiko kide Alberto Gonzalezek azaldu du gutxi kontsumitu eta kutsadurarik gabeko ibilgailuak izango direla zirkuitu horretako ardatzak: «Minbizia sortzen duten erregairik erabiltzen ez duten garraiobideentzako zirkuitua izango da: bizikleta, monopatin eta patineteentzat». Donosti Rollerreko kideak hartuko dute parte bertan, eta baita bizikleta bereziekin ikuskizunak egin ere. Bertan parte hartu nahi dutenek bost euroan erosi ahalko dute eskumuturreko bat, eta horrekin, sei orduz zirkuituan ibili ahalko dute.
Zirkuitua girotzeko taberna jarriko dute, eta baita Irrien Lagunak elkarteko puzgarriak ere. Alaitasunez eta euskaraz, balore hezitzaileak sustatzea helburu duen taldeak bat egin du igandeko ekimenarekin, hala. «Gure balore garrantzitsuenetariko bat da elkartasuna, eta horregatik sortu genuen Elkartasun elkartea», adierazi du elkarteko ordezkari Uxue Ugartemendiak. Ildo horretatik, Irria aldizkariko azaroko alean tokitxo bat gordeko diote Aspanogiri.
Horrez gain, Orbea enpresak emandako bizikleta profesionala zozkatuko dute. Txartelak enpresak jarriko duen karpan izango dira salgai.
Egitaraua
-09:00. BTT trabesia.
-10:00. Triatloi txikia.
-11:00. Pertsonaia ospetsuekin bizikleta bira.
-11:30-17:30. Umeentzako zirkuituak eta erakusketa.
-17:00. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saio berezia.
