Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Udalek kalean eragin nahi dute, eskualdeko herritarren hizkuntza eskubideak betearazten lagundu. Hori ardatz hartuta, Kaleko Euskara Zerbitzua jarriko dute abian, kalean hizkuntzaren erabileran begia jarri, eta aisialdiko hainbat esparrutan euskara bultzatzeko.
Jon Agirresarobe Orioko Euskara zinegotziak adierazi duenez, aurkeztu berri duten zerbitzua bateratua izango da, bi zentzutan. Batetik, bailarako bost herrietan izango du eragina, Zumaiatik hasi eta Aiara bitartean. Asmo, irizpide eta ekintza antzekoekin, haren arabera. Lan horretarako, hiru lagun kontratatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak, Lanera Kontratazioak programaren bidez: Lorea Esnal, Jaione Larrarte eta Julio Lopez. Zumaiaz eta Getariaz arduratuko da lehenbizikoa, Zarautzez bigarrena eta Orio eta Aiaz azkena.
Bestetik, herri bakoitzeko testuinguru sozioekonomikoa kontuan izan eta beharretara egokituko den arren, zerbitzuak eragin esparru berak izango ditu. «Merkataritzan, kirolean, aisialdian… eragitea izango da jomuga», nabarmendu du Orioko zinegotziak. Dagoeneko lehenbiziko lanketa esparrua definitu dute: merkataritza.
Euskara normalizatzeko
Aipatu langileek Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako establezimendu guztiak bisitatuko dituzte, egitasmoaren berri eman eta Kaleko zerbitzuaren eskaintza aurkezteko. Eskualdeko establezimenduetan ageriko elementuetan euskararen erabilera normalizatzea da helburua.
Aurreratu dute bisita horietan zerbitzuen katalogoa eskainiko dietela merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako ordezkariei, besteak beste, ageriko elementuak euskaraz jartzeko aukerak, idazki ereduak, ikastaroak eta oinarrizko materiala, diru laguntzen informazioa eta itzulpenak egin eta zalantzak argitzeko zerbitzuak azaltzeko. Aste honetan hasiko dira bisitekin. Ondoren, establezimenduei beste tresna eta zerbitzuak eskainiko dizkiete, bezeroei zerbitzua osorik euskaraz eskaini ahal izateko.
«Ez da, ordea, bakarra izango. Pixkanaka-pixkanaka beste alorretara zabaltzen joango da dinamizatzaileen lana, euskara normalizatzeko bidean», gaineratu du Agirresarobek. Horretarako, www.kaleko.org webgunea sortu dute. Gune horretan euskararen inguruko albisteak eta informazioa bateratuta emango da, eskualdekoa nahiz orokorra. Era berean, euskararen inguruko ekitaldi eta informazioen agenda izango da ikusgai, eta baita merkatarientzako zerbitzuen katalogoa ere. Eskaerak internetez egiteko aukera ere eskainiko du.
Bestalde, euskaraz idatzi eta lan egiteko tresna baliagarriak aurkituko ditu erabiltzaileak gunean eta baita hizkuntza eskubideen inguruko informazioa ere. Horrez gain, herritarrek hizkuntza urraketen berri emateko aukera ere izango dute,galdeketa bat beteaz. «Herritarrak aktibo bihurtu nahi ditugu, urraketak bistara ditzaten», gehitu du oriotarrak.