“Herriak hitz egin du, askatasunez lehen aldiz, eta pozik gaude, nahiz eta emaitzak ez izan gustukoak”, adierazi berri du Patxi Elolak, PSE-EEko hautagaiak eta Zarauzko zinegotziak. “Emaitzak onartu ditugu, beti egin dugun bezala. Patxi Lopezen gobernuak oso kudeaketa ona egin du, eta hala ere behera egin du emaitzetan; aztertu egin beharko da zergatik”.
Dena den, PSE-EE ez da hausnartu behar duen bakarra: “Zarauzko Bilduk hausnartu egin beharko du, baita ere, udal hauteskundeetan izandako emaitzekin alderatuta, zergatik izan dituen okerragoak Legebiltzarrerako bozetan”. Bilduk irabazi zituen udal bozak Zarautzen, baina Legebiltzarrerako bozetan EAJ izan da lehen indarra Zarautzen, eta Bildu bigarrena.
Legebiltzarraren konposizioari dagokionean, PSE-EEk eta PPk izango duten funtzioaz galdetuta, zera adierazi du: “Bi ardatz daude Legebiltzarrean. Batetik, subiranotasunaren aldekoa dago; horren aldekoak dira bi alderdi nagusiak. Eta bestetik ezker politikak daude. Guk ezker politika egiten jarraituko dugu, eta topatuko ditugu bidelagunak hainbat gaietan: fiskalitateari edo ongizateari dagokionean, esaterako. Lau alderdi nagusi izango gara Legebiltzarkidean, eta edonorekin adosteko prest egongo gara ezker politika egiteko”.