«Zarauzko elkartearen ideia hasieratik gustatu zitzaidan»
Elkarrizketa. Hegoi Intxausperen hutsunea betetzera dator Iñaki Mendizabal (Oiartzun, 1966). Bera izango da datorren hiru denboraldietan Enbata traineruaren entrenatzailea. Helburuak argi eta garbi finkatu ditu, gainera: ligako goiko postuetan kokatu nahi du taldea.
Nola heldu diozu erronka berriari?
Urte pare bat ezer egin gabe neraman, eta ZAEko kideak nirekin harremanetan jarri ziren. Egia esan, elkartearen ideia hasieratik gustatu zitzadan, eta birritan pentsatu gabe onartu nuen. Printzipioz, hiru urteko proiektua da, eta gogotsu heldu diot erronkari.
Azken denboraldiko lan talde berak jarraituko al du?
Oro har, ia lan talde bera izango da, nahiz eta arraunlari batzuk joan eta berriak etorriko diren. Dena dela, iazkoaren antzekoa izango da. Arraunlari berriak zein izango diren ziurtatu gabe dago oraindik. Jarraituko ez dutenak, berriz, hiru izango dira: Hegoi Intxauspe entrenatzaile ohia San Pedrora doa arraun egitera; Jon Unanue Urdaibaik lagata aritu da azken bi urteetan, eta bere taldera itzuliko da; eta Igor Isasik arrauna utziko du. Horrez gain, zalantzan daude beste hiru arraunlari.
Hiru urteko proiektua dela nabarmendu duzu. Epe horretan San Miguel Ligara igotzea al da helburua?
Azken helburua horrek izan beharko luke. Hiru urtetan edo ez dakit zenbat urtetan. Oinarri sendoak finkatu nahi ditugu, eta hortik abiatu nahi dugu, betiere gorantz begira. Lehen denboraldian ez dakit, oraindik taldea ez baitut ongi ezagutzen, baina lehen bi urtetan KAE 1 Ligako onenekin borrokatzea da gure xedea. Lehen txandan sartu eta lehiatzea, hain zuzen ere.
Hori lortzeko zertan hobetu beharko luke taldeak?
Fisikoki jende indartsua beharko genukela uste dut, eta Zarauzko Arraun Elkarteko talde lana sendotu. Oraintxe hasi gara, eta momentuz arraunlariak ezagutzen ari naiz, baina goiko postuetan sailkatzeko jendeak ongi prestatuta egon behar du. Beraz, alde fisikoa landu egin beharko dugu.
Hainbat arraun elkartetan aritutakoa zara zu, bai arraunean bai entrenatzaile gisa. Esperientzia zabala duzu, eta hori bermea ere izango da Enbata traineruarentzat, ezta?
Hamar urte inguru daramat arraun entrenatzaile moduan, eta horrek eskarmentu handia ematen dizu. Ez naiz goi mailako taldeetan ibili, baina bai behe mailakoetan, eta horietan harrobi lana egin izan dut; hau da, beheko mailetik arraunlariak atera eta trebatu ditut. Zentzu horretan, behintzat, badut nahikoa esperientzia. Elkarteko entrenatzailetzat jotzen dut nire burua, batez ere etxeko arraunlariak landuz. Eta horixe bera egin nahiko nuke Zarautzen ere.
————————————-
Zarauzko Arraun Elkartea datorren denboraldia prestatzen hasi da. Maila guztietako arraunlariak entrenatzeari ekin diote jada. Talde nagusiak –Enbata traineruak, alegia– entrenatzaile berriarekin, gainera. Azken hiru urteetan traineruaren gidaria Hegoi Intxauspe izan da, eta taldea utzi du. Aurrerantzean, Iñaki Mendizabal oiartzuarra izango da ardura hori bere gain hartuko duena.
Urte zailetan Enbata-ren ardura hartzeak nekatu egin du Intxauspe, eta taldeak aire berria behar zuela adierazi zien elkarteko arduradunei. Hori horrela, Mendizabalengana jotzea erabaki dute. Koxtapen eta Donibanekon arraun egin ondoren, Santiagotarrak, Trintxerpe eta Hondarribia B taldeetako entrenatzaile izana da. Azken bi urtetan atseden hartu du, eta, orain, gogotsu itzuli da, Zarauzko proiektuarekin bat eginik.
Arraunlariak hilabeteko atsedenalditik lanera itzuli dira, eta lehen hilabeteak hartuko dituzte, jarraian denboraldi berriari gogor heltzeko.
Beheko mailetakoak ere hasi dira lanean; neska, haur , gazte eta helduak, eta infantil, kadete eta jubenil mutilak. Arrauna probatzeko, asteartea eta ostegunetan Aritzbatalde kiroldegi aurrera gerturatu daiteke, 18:00etan. ZAEren furgonetak geratzen dira instalazioetarako joateko.
