Inkesta batzuek bizpahiru eserleku ematen dizkie igandeko bozetan Ezker Anitza-IU-LV koalizioari. Beste batzuek, eserlekurik ez. Azken unera arte zalantza hori izango du eskualdeko hautagai Mariana Aranburuk (Getaria, 1957). Zarauzko Udalean zinegotzia da duela hainbat urtetatik, eta legebiltzarkide izateko aukerarik ez duen arren, oso argi azaldu du alderdiaren programa.
Zeintzuk dira Ezker Anitza-IU-LV koalizioaren helburuak hauteskunde hauetan?
Botere ekonomiko eta finantzieroen inposaketen aurrean, matxinada eta desobedientzia euskal parlamentura eramatea da gure helburu nagusia. Gure ustez, krisi edo iruzur honen aurrean konponbide bakarra erresistentzia da, bai kaleetan, bai instituzioetan.
Egoera ekonomikoa da lehentasuna orain. Zein proposamen jaso dituzue programan?
Lehentasuna da langabezia eta eskubide sozialen aurkako erasoak bukatzea. Horretarako zenbait alternatiba proposatzen dugu gure programan. Bi dira nagusiak: neurri fiskalen ingurukoa da lehenengoa. Iruzur fiskalaren aurkako borroka areagotzea, kapitalaren eta lanaren errenten tratamendua berdintzeko erreforma fiskala egitea, eta zergak Eusko Legebiltzarrean erabakitzea, eta ez Gipuzkoako Foru Aldundiko Batzar Nagusietan. Bigarrena 35 orduko lan astea ezartzea da, enplegua sortzeko eta errenta banatzeko neurri gisara.
Nonbaitetik murrizketak egin beharko direla dirudi. Nondik egingo lituzke Ezker Anitzak?
Ez gaude ados murrizketak egin beharrarekin. Hori ez da dagoen bide bakarra, ez Euskadin, ez estatuan, ez Europan. Hala ere, badago non aurreztu gure ikuspuntutik: Eliza Katolikoari ematen zaion dirutik eta hobari fiskaletatik, gastu militarretik, gure herrian hainbeste polizia izatetik…
Etxebizitza eskubideari garrantzia handia ematen diozue programan.
Bai. Hiritar guztiei etxebizitza eskubidea bermatu arte geldiarazi nahi ditugu bankuek eta kutxek martxan dituzten kaleratze prozesu guztiak lehen etxebizitzako hipoteka ordaindu ezin diren kasuetan. Bestetik, banketxeek eta promotoreek gaur egun dituzten etxebizitza stock-ak alokairu sozialerako etxebizitza parke publikoan sartzera derrigortu nahi ditugu, legearen bitartez. Azkenik, gure betiko proposamena dago: hutsik dauden etxebizitzentzako zerga berezia ezartzea. Horiek dira gure lehentasunak etxebizitza arloan.
Osasungintza publikoa eta denentzakoa aldarrikatzen duzue. Eta gainera, odontologia eta oftalmologia zerbitzuak gehitzea horri. Posible al da egungo egoeran?
Funtseskoa da guretzat osasun sistema publiko, doan eta unibertsala eta integrala izatea, eta zerbitzu guztiak eta kalitatezkoak eskaintzea. Posible da, argi daukagu diru nahikoa dagoela baina gaizki banatuta. Adibidez, eta berriro esaten dugu, Euskadin iruzur fiskala 13.500 milioi eurotan baloratuta dago; horrekin bermatzen da osasun sistema publikoa soberan.
Zergatik bozkatu Ezker Anitza-IU-LV? Zer eskaintzen du besteek eskaintzen ez dutena?
Ezkerreko indarra gara, botere ekonomiko eta finantzieroekin loturarik gabekoa. Betidanik giza eskubide guztiak defendatu ditugu, eta, batez ere, borrokarako konpromisoa eskaintzen dugu. Ezker Anitza-IU-LVn gauden guztiok hiritar ororen eskubideen alde eta sistema kapitalista honen kontra borrokan egongo gara arlo guztietan: kalean, gizarte mugimenduetan, lantokietan… Eta borroka hori eraman nahi dugu Eusko Legebiltzarrera.
Nola ikusten duzue Urola Kostako egoera ekonomikoa? Zer hobetu behar litzateke, eta nola?
Urola Kosta, Euskal Herria bezala, ez da irla bat, gobernuetatik inposaturiko murrizketak eta espekulazioak Europako hegoaldearen politika osoa hondatzen ari dira. Urola Kostan langabezia gero eta handiagoa da, eta gure ustez horrek izan behar luke lehentasuna udalentzat eta udal elkartearentzat. Tokiko instituzioetatik neurriak hartu behar dira ekonomia pizteko eta langileei laguntzeko kaleratzearen aurka.
Hautagaien zerrendan zaude, baina ezustekorik ezean, ez zara Legebiltzarrera iritsiko. Zein dira zure helburuak politikari gisara? Zer ematen dizu pertsonalki udalean zinegotzi izateak?
Ezker Anitza-IU-LVn gaudenok ez dugu politika ikusten helburu pertsonalak lortzeko bide bezala, zeregin kolektibo moduan baizik. Gure aspirazioa ez da alkatea edo lehendakaria izatea. Alde batetik, gizartea eta sistema aldatzea dugu helburu. Bestetik, mota horretako helburuak dituenak alderdi handi eta dirudunetara jo beharko du; hemen ez du tokirik. Haustura ere pairatu dugu gure erakundean horrelako jarrerak ez onartzeagatik.
Zarauzko Udalean zinegotzi izateak, batez ere, Zarautz eta zarauztarrak hobeto ezagutzea ekarri dit; beren errealitatea eta arazoak jakitea. Bestetik, udaleko lana nolakoa den ezagutu dezakezu; neketsua eta aspergarria da gehienetan. Azkenik, eta horretarako gaude, noizean behin, zenbait ekimen proposatu eta gauzatzea ahalbidetzen du. Nire kasuan: Emakumeon Kontseilua martxan jartzea, haurtzaindegi berria aldakarritu eta lortzea, edo Modelo zinema berriz irekitzeko konpromisoa, besteak beste.
