“Kudeaketa oso ona aurkezten dugu; jendeak hori kontuan izatea espero dugu”

Onintza Lete Arrieta 2012ko urriaren 16a

Eusko Legebiltzarrerako PSE-EEko Gipuzkoako zerrendan hamahirugarren ageri da Patxi Elola (Zarautz, 1956). Zarauzko Udaleko zinegotziaren ustez bere alderdiak eta Patxi Lopez lehendakariak «lan ona» egin dute Eusko Jaurlaritzako lehen agintaldian, eta igandeko hauteskundeen berezitasuna nabarmendu du: «PSE-EEko Eusko Jaurlaritza ETAren mehatxupean jaio zen.  Gaur ez da hori gertatzen, eta horrek poza eta lana ondo egin izanaren lasaitasuna ematen dizkigu». Zure alderdiko Patxi Lopez lehendakariak hauteskundeak aurreratzea erabaki du, hainbat hilabetetan gutxiengoan gobernatu ondoren. Oraingoan, ezker abertzaleak ere hartu ahal izango du parte Eusko Legebiltzarrerako lehian. Lehendakaritzari eustea posible ikusten al duzu? Ibarretxek bere lehen agintaldian aurreratu egin zituen hauteskundeak; ez da aurreneko aldia izan. Ezker abertzalea hauteskundeetan sartzen denez aukerarik ikusten al dugun irabazteko? Dudarik ez. Lehen baino zailagoa da, baina aukera hor dago, eta hauteskundeak igaro ondoren ikusi behar emaitzak, baita aukerak ere. Baina itxaropentsu gaude, kudeaketa oso ona aurkezten dugulako, eta espero dugu hori herritarrek kontuan izatea. Lehendakariak esan du EH Bildurekin ez lukeela akordiorik egingo. Beraz, beste aukera guztiak ditugu; EAJ, PP eta inkesten arabera, Ezker Anitza-EB. Lehen ere egonak gara EAJrekin, PPrekin ere bai. Gaurko PPrekin oso zaila ikusten dut akordioa, PP murrizketen peoi ikusten dugulako; egoera okerragora garamatza PPk. Ezker Batuarekin inolako arazorik ez dugu; [...]

Patxi Elola PSE-EEko zinegotzia eta hautagaia (Onintza Lete Arrieta/Hitza)

Eusko Legebiltzarrerako PSE-EEko Gipuzkoako zerrendan hamahirugarren ageri da Patxi Elola (Zarautz, 1956). Zarauzko Udaleko zinegotziaren ustez bere alderdiak eta Patxi Lopez lehendakariak «lan ona» egin dute Eusko Jaurlaritzako lehen agintaldian, eta igandeko hauteskundeen berezitasuna nabarmendu du: «PSE-EEko Eusko Jaurlaritza ETAren mehatxupean jaio zen.  Gaur ez da hori gertatzen, eta horrek poza eta lana ondo egin izanaren lasaitasuna ematen dizkigu».

Zure alderdiko Patxi Lopez lehendakariak hauteskundeak aurreratzea erabaki du, hainbat hilabetetan gutxiengoan gobernatu ondoren. Oraingoan, ezker abertzaleak ere hartu ahal izango du parte Eusko Legebiltzarrerako lehian. Lehendakaritzari eustea posible ikusten al duzu?
Ibarretxek bere lehen agintaldian aurreratu egin zituen hauteskundeak; ez da aurreneko aldia izan. Ezker abertzalea hauteskundeetan sartzen denez aukerarik ikusten al dugun irabazteko? Dudarik ez. Lehen baino zailagoa da, baina aukera hor dago, eta hauteskundeak igaro ondoren ikusi behar emaitzak, baita aukerak ere. Baina itxaropentsu gaude, kudeaketa oso ona aurkezten dugulako, eta espero dugu hori herritarrek kontuan izatea. Lehendakariak esan du EH Bildurekin ez lukeela akordiorik egingo. Beraz, beste aukera guztiak ditugu; EAJ, PP eta inkesten arabera, Ezker Anitza-EB. Lehen ere egonak gara EAJrekin, PPrekin ere bai. Gaurko PPrekin oso zaila ikusten dut akordioa, PP murrizketen peoi ikusten dugulako; egoera okerragora garamatza PPk. Ezker Batuarekin inolako arazorik ez dugu; oraintxe ere elkarrekin gobernatzen ari gara Andaluzian eta Asturiasen (Espainia).

Egun herritarrentzat garrantzia handiena duen arloa ekonomikoa da. PSE-EEtik zer proiektu duzue? Nola laburbilduko zenuke?
Guk uste dugu Madril eta Europa egiten ari diren politika neoliberalek eraman gaituztela gaurko egoerara, eta gauzak beste era batera egin daitezkeela. Alde batetik, argi dugu ez dugula murrizketarik egingo osasungintzan, hezkuntzan, politika sozialetan… Patxi Lopezek jadanik ezezkoa eman du, beti ere legeak onartzen duen heinean. Hori esanda, guk uste dugu industria sustatu behar dela. Eta, nola sustatu daiteke? Bada, alderdi sozialista orain arte egiten ari den bezala. Alde batetik, Euskal Herriko industria mundura zabalduz. Mundu globalizatu honetan, merkatua ireki behar da. Patxi Lopez munduan zehar ibili da Euskal Herriko industriariekin, merkatuak irekitzeko. Ireki egin behar dugu, ezin dugu bertan gelditu. Euskalduna beti izan da oso aurrerakoia industria mailan, izan da ausarta, eta historian ezagunak gara industria mailan. Baina gaur egun krisia dela-eta hemen ere oso gaizki pasatzen ari gara. Eusko Jaurlaritzatik zer egin dezakegun? Enplegu plan bat egin behar dugu.

Enplegu plan hori nolakoa izango litzateke?
Era askotara egin daiteke. Hor daude gazteak, langabezia, Lanbide ere hor dugu, hura sortu dugu, eta haren bitartez enplegua  sortu behar dugu eta erraztu behar dugu. Eta gai inportante bat: etekina duen industriari zerga gehiago ezarri behar zaizkio, bertan inbertitzen ez badu. Aldiz, bertan enplegua sortzeko erabiltzen badute irabazi horren parte bat, horri lagundu egin behar zaio. Enplegua sortzeko modu bat da hori. Inbertsioak ikerkuntzara bideratzea ere garrantzitsua da, etorkizunera begira. Ikerkuntza, Garapena eta Berrikuntza arloak garrantzia handia du. Herrialde berri batzuk indartsu ari dira merkaturatzen, kostu merkeagoetan. Eta guk ez badugu ezer egiten, atzera goaz. Beraz, ikerkuntza arloa lagundu egin behar da; enpresaburu ausartei lagundu behar zaie. Eta horretarako planak egin behar dira; badaude, baina gehitu egin behar dira.

 Fiskalitateari garrantzia ematen diozue programan.
Dudarik gabe. Dirua nondik jaso, eta zertarako; hori da garrantzitsua ekonomian. Azken agintaldi honetan saiatu gara fiskalitate kontua berritzen, baina Euskadi gaizki egituratuta dago: Eusko Jaurlaritza bat eta hiru diputazio daude, bakoitza alderdi politiko desberdinen esku. Batzuk ezkerrekoak, besteak eskuinekoak. Eta Eusko Jaurlaritzak fiskalitate plan bat aurkeztu duenean, Bizkaiko eta Arabako eskuineko diputazioek ez dute horrekin bat egin. Egon dira harremanak, eta nik uste dut Gipuzkoan zerbait lortu dela ezkerraldetik, Bildu eta PSE-EEren lanketagatik. EH Bildurekin gaurkoz ez genuke bat egingo Gobernuan egoteko, baina politika fiskalean eta beste zenbait gauzatan adostasunetara iritsi gintezke, krisi egoera honi ezkerretik eman behar zaiolako erantzuna. Dena den, ez dakit EH Bildu ezkerreko alderditzat har daitekeen, abertzaletasuna eta independentzia direlako bere lehentasunak.

Hain zuzen ere, HITZA-ri emandako elkarrizketa batean, herri mailako politikari buruz ari zinela, esan zenuen Bildu legezkoa zen bitartean ondo ikusten zenuela haiekin akordioetara iristea…
Zarauzko Udalean, esaterako, zenbait adostasunetara iritsi gara. Oso gutxi, beraiek nahi ez dutelako. Gehiengo handia dutenez, ez dute gure beharrik ikusten. Zenbait kontutan elkarrekin bozkatzen dugu, guk ez dugu inolako arazorik horretan. Beste gauza bat litzateke elkarrekin gobernatzea, bai Eusko Jaurlaritzan, bai Zarautzen. Guk uste dugu egoera berri batean gaudela, baina oraindik ezker abertzaleak pauso batzuk eman behar ditu. Elkarrekin aurrerapausoak eman ahal izateko, egindako kaltea onartzea beharrezkotzat jotzen dugu.

Zarautz aipatu duzu, eta galdetu nahi nizun eskualdeari  buruz. Hemen ere krisiaren eragina nabari da. Ekonomia sustatzeko lehen aipatutako ildo beretik joko zenuke hemen ere?
Urola Kostako Udal Elkarteak lana sustatzeko plan bat aurkeztu du. Ez dute gurekin kontatu eta ez dakit zertan datzan. Hala ere, pentsatzen dut onurak ekarriko dituela. Langabeziari aurre egin behar zaio. Guk uste dugu edozein administraziotik egin behar dela lanketa. Planak udal elkartetik lehendik egiten dira; langabezia arintzeko ikasketak eta lana eskaintzen dira sei hilabeteko programen bitartez. Ofizioak erakutsi eta langile berriak merkaturatzen dituzte. Hortik aurrera, nik uste dut udal elkarteak askoz gehiago ezin duela egin. Izan ere, enpresentzat diru laguntzak behar dira, eta horretarako Jaurlaritza, Europa eta Espainiako Gobernua badaude.

Amaitzeko: murrizketak egin egin beharko dira. Zer moztuko zenukete zuek?
Fiskalitatea aipatu behar da berriz: gehien duenari gehiago kobratuko diogu. Eta hori da eskuinak egiten ez duena. Iruzurraren kontra garbi egingo dugu; ez da normala zerga igoerak denei berdin aplikatzea. Bestetik, Euskadin bikoiztuta daude zenbait administrazio, eta hirukoiztuta ere bai. Eta hor lanketa bat egin behar dugu. Bestetik, PSE-EEk izugarrizko lana egin du, enpresa publikoen inguruan. Beharrezkoak ez ziren enpresa publikoak zeuden industria eta nekazaritza arloetan, horrek sortzen dituen kostuekin, eta kontrolik gabe. Asko egon dira; asko kendu ditugu, eta gehiago kendu behar dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide