Hiru urterako lankidetza ituna sinatu du Zarauzko Udalak Irrien Lagunekin

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko urriaren 12a

Irrien Lagunak Klubak eta Zarauzko Udalak hezkuntzarako lankidetza hitzarmena sinatu dute, 2012 eta 2015 urte bitarterako. Udalak 1.410 euroko diru laguntza emango dio, eta haren proiektua bultzatzen lagundu. Horren truke, hainbat beherapen egingo dio erakundeari. Batetik, hilero klubak Irria aldizkariaren ale bana bidaliko du herriko ikastetxe guztietako 5 eta 8 urte bitarteko haurren ikasgela bakoitzera. Guztira, 47 ikasgela dira, eta urtean hamar zenbaki jasoko ditu bakoitzak. Irrien Lagunek %48ko beherapena egingo dio aldizkariak ikastetxeetarara bidaltzeko; hiru euro kobratuko dio aleko (ale bakoitzaren ohiko prezioa 5,75 eurokoa da). Bestetik, Irrien Lagunak osatzen duten pertsonaiek urtean bi ipuin kontaketa saio eskainiko dituzte Sanz Enea liburutegian. Era berean, urtean hiru ikuskizun handi eskainiko dituzte: haurrentzako animazioa eta ikuskizun bat ekainean, San Pelaio jaietan, Haurren Egunean; haurrentzako animazioa, puzgarriak eta ikuskizun bat irailean, Haurren Euskal Jai Egunean, eta apirilean hirugarrena, kulturarteko Zarauztik Mundura festaren egitarauaren baitan. Horrez gain, bi pertsonaik osatutako formatu txikiko beste bi saio ere egingo dituzte, bata udako egitarauaren baitan eta bestea neguan. Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, klubak irrizaletzat hartuko du Zarauzko Udala, eta ondorioz, horri dagokion beherapena egingo dio ekitaldien prezioetan; %15ekoa, zehazki. «Eskatzera eta eskaintzera gatoz», esan du Joseba Mirena Agirretxe Porrotx-ek. «Zarauztarrek gure proiektua bultzatzen lagunduko digute, eta [...]

Karmele Alberdi Hezkuntza zinegotzia, Joseba Mirena Agirretxe Porrotx eta Irrien Lagunak Klubeko sustapen arduradun Iñigo Arandia, hitzarmena sinatu ostean, herenegun (Amaia Ventas/Hitza)

Irrien Lagunak Klubak eta Zarauzko Udalak hezkuntzarako lankidetza hitzarmena sinatu dute, 2012 eta 2015 urte bitarterako. Udalak 1.410 euroko diru laguntza emango dio, eta haren proiektua bultzatzen lagundu. Horren truke, hainbat beherapen egingo dio erakundeari. Batetik, hilero klubak Irria aldizkariaren ale bana bidaliko du herriko ikastetxe guztietako 5 eta 8 urte bitarteko haurren ikasgela bakoitzera. Guztira, 47 ikasgela dira, eta urtean hamar zenbaki jasoko ditu bakoitzak. Irrien Lagunek %48ko beherapena egingo dio aldizkariak ikastetxeetarara bidaltzeko; hiru euro kobratuko dio aleko (ale bakoitzaren ohiko prezioa 5,75 eurokoa da).

Bestetik, Irrien Lagunak osatzen duten pertsonaiek urtean bi ipuin kontaketa saio eskainiko dituzte Sanz Enea liburutegian. Era berean, urtean hiru ikuskizun handi eskainiko dituzte: haurrentzako animazioa eta ikuskizun bat ekainean, San Pelaio jaietan, Haurren Egunean; haurrentzako animazioa, puzgarriak eta ikuskizun bat irailean, Haurren Euskal Jai Egunean, eta apirilean hirugarrena, kulturarteko Zarauztik Mundura festaren egitarauaren baitan. Horrez gain, bi pertsonaik osatutako formatu txikiko beste bi saio ere egingo dituzte, bata udako egitarauaren baitan eta bestea neguan.

Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, klubak irrizaletzat hartuko du Zarauzko Udala, eta ondorioz, horri dagokion beherapena egingo dio ekitaldien prezioetan; %15ekoa, zehazki.

«Eskatzera eta eskaintzera gatoz», esan du Joseba Mirena Agirretxe Porrotx-ek. «Zarauztarrek gure proiektua bultzatzen lagunduko digute, eta guk geure esku dagoen maitasuna, pentsaera eta ekintzak ekarriko ditugu herrira». Euskal Herria «txikia» eta euskara hizkuntza «gutxitua» izanik, ez duela «garrantzia txikiagoa» dio. Hala, «txikitasunetik proiektu sendoa, iraunkorra eta baloretan aberatsa» osatu behar dela nabarmendu du.

Hori dela eta, ikastetxe gisa klubaren webgunean erregistratzeko eskatu die haiei, eta ahal den heinean eduki egokiak igotzen hastea. Horrekin batera, aldizkariaren harpidetza sustatzeko galdegin die, 3 eta 8 urte arteko ikasgela bakoitzeko, baita gurasoen artean ere. Proposamenak bideratzeko eta kezkak agertzeko ere eskatu diete ikastetxeei, horretarako propio sortu den Ikastetxe Irrizaleen Sarean—aldizkariaren harpidetza egin, eta webgunean erregistratu diren ikastetxe guztiek osatzen dute sare hori—.

Bidaide naturala
Klubak haurren heziketan duen garrantzia aitortu du Hezkuntza zinegotzi Karmele Alberdik, sustatzen dituen baloreengatik oinarrizko proiektu hezitzailea delako,  eta euskararen normalizazioan duen garrantziaz jabetuta.

Irrien Laguneko sustapen arduradun Iñigo Arandiak Zarauzko Udala klubaren «bidelagun naturala» dela nabarmendu du, beti egin duelako euskararen eta kulturaren aldeko apustua. Euskara eta kultura dira, hain zuzen, klubaren balore nagusiak. «Mila koloreko» munduan, bizikidetzan, partaidetzan eta naturaganako errespetuan ere oinarritzen da haren proiektu hezitzailea. Hori sustatzeko, hiru esparrutan egiten dute lan: etxea eta familian, ikastetxetan eta jendartean—udalak, erakundeak, aisialdi taldeak eta gainerakoetan—. Hainbat ildo abian dituen arren, heziketarako bi egitasmo nabarmen ditu: aldizkaria eta webgunea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide