Hamahiru urtez Zarauzko Udaleko PPko zinegotzia izan da Rafa Olaizola (Zarautz, 1965). Kargua utzi du, baita lana ere, apaizgai sartzeko. Iruñan hasi da ikasten, baina herria ez du ahaztu: «Asteburuetan hainbeste maite dudan Zarautzera itzultzen naiz».
Horrenbeste udalbatzar saiotan egon ondoren, zer sentitu zenuen zure agur udalbatzarrean?
Hamahiru urte eta hiru hilabete izan dira, eta tristura eta oroimina sentitu nituen. Izan ere, pasioz bizi nuen zeregina utzi dut; nire ahalmenen mailan, eta nire akats guztiekin, saiatu naiz Zarautzen alde lan egiten.
Beste zinegotziek zer esan zizuten kargua utziko zenuela jakinarazi zenuenean?
Harritu egin ziren, eta tristura handia eragin ziela esan zidaten. Faltan emango nindutela, eta nirekin lan egitea plazera izan zela ere esan zidaten.
Urte askotan izan zara zinegotzi Zarauzko Udalean. Zerbait emango al duzu faltan?
Herritarren proposamen zehatzak eta unean uneko arazoei buruz informazio asko izan dut udaleko batzordeetako bileretan, eta udaletxekoekin dudan harreman zuzenagatik. Faltan emango dut hori. Nire bizilagunei eragiten dieten kontu guztien inguruan zuzeneko informazioa izaten nuen, eta orain ezin izango dut hain gainean egon; pena da.
Zer irakatsi dizu herri mailako politikak?
Izugarri ikasi dut. Hirigintza arloko kontuek, esaterako, sakoneko ikasketa eskatzen dute. Gizarte gaien arloan jende askoren zoritxar eta pobreziaren ingurukoak ezagutu ditut; kultura arloan egiten diren ekimen zenbaezinak… Herri mailako politikak erakutsi dit administrazio kudeaketa ulertzen, eta nire herriaren benetako arazo eta beharrak ezagutzen.
Gauza onak zein txarrak gertatu dira PPko zinegotzi izan zaren bitartean. Zein izan da momentu txarrena?
Ni hasi eta gutxira Jose Ignacioren [Iruretagoiena] hilobiaren ondoan bonba bat lehertu zen, eta hori izan da nire zinegotzi ibilbideko momentu mingotsena, gogorrena. Horrekin batera, baita zinegotzi bat hiltzen zuten une bakoitza ere.
Hain zuzen ere, ETAk hil zuen Iruretagoiena alderdikidearen ordez sartu zinen zinegotzi. Nola gogoratzen dituzu une haiek?
Jose Ignacio oso laguna nuen. Txikiak ginenetik ezagutzen genuen elkar. Nire amonaren etxe ondoan bizi zen, Aritzbataldeko futbol zelai zaharretik gertu. Txikitatik izan genuen harremana. Nahigabe momentuak izan ziren, ezintasun sentsaziozkoak. Atentatua oso gertutik bizi izan nuen; leherketaren ondorengo minutuan bere autoa aurkitu nuen, lanerako bidean. Kea zerion. Ikaragarria izan zen. Une hartan otu zitzaidan bakarra izan zen: «Zer egin dezaket nik honen aurrean?» Eranzuna 13 urte hauek izan dira.
Momentu txarrena egon den bezala, momentu onena ere egongo da.
Merkataritza eta ostalaritza zinegotzi gisara kudeaketa ardurak izan nituen garaia izan zen onena. Merkatariekin eta ostalariekin harreman zuzena nuen, eta merkatu berriaren irekiera kudeatu nuen, baita Zurekin ostalari elkartearen eraketan nire apurra jarri ere. Beste momentu onak, Malla Harri kargalekuaren eraberritzean parte hartu nuenekoa, eta berriena, berriz, toldoak hondartzan jartzeko egindako lana.
ETAren mehatxuagatik bizkartzainekin bizi behar izan duzu hainbat urtez. Orain mehatxu hori desagertu da, eta horrek ez al dizu jarraitzeko gogorik eman?
Bizkartzainak eraman edo ez eraman, horrek ez du zerikusirik izan nire erabakian. Buruan aspalditik nuen zerbait zen hau, eta momentua iritsi dela sentitu dut.
Bildu alkatetzan dela utzi duzu kargua. Zer moduzko harremana izan duzu koalizioarekin?
Harreman adiskidetsua izan da, errespetuzkoa. Zarautzekin lotutako gai guztietan laguntzen eta parte hartzen saiatu naiz, eta nire kritikak, oposizioko kide bezala, modu objektiboan egindakoak izan dira.
Zeinek ordezkatuko zaitu Zarauzko Udalean?
Ez dakit. Dagoeneko ez daukat inolako loturarik alderdiarekin, eta alderdiko kideek aukeratuko dute nire ordezkoa. Printzipioz, Liliana Alberdiri tokatzen zitzaion ni ordezkatzea Zarauzko Udalean, zerrendan bigarrengoa delako. Baina arrazoi pertsonalengatik uko egin dio kargu horri, eta beste ezer ez dakit.
Zinegotzi kargua utzi zenuen udalbatzar berean, gaixo dauden presoen inguruko mozio batean alde bozkatu zenuen. Horrek arazorik ekarri al dizu PPrekin?
Bozketa horrek ez dit inolako arazorik ekarri alderdi barruan. Beti esan izan dut publikoki legea betetzeko dela, eta hilurreneko preso eriei buruzko mozioa zenez, oso argi nuen nire botoa; bai legezko arrazoiengatik, bai gizatasunagatik.
Karguaz gain, lana eta hainbat zaletasun atzean utzita joan zara Iruñera. Gogorra izan al da erabakia?
Ez da erraza izan Zarautz uztea, zinegotzi kargua uztea, 26 urtez lan egin dudan enpresako lankideak uztea. Lankide bakoitzari diskretuki esan nahi nion agur, baina ustekabean laneko azken egunean agur festa prestatu zidaten. Ezustean harrapatu ninduen; oso hunkigarria izan zen.
—————————————–
Hauteskunde kanpainan PPk ez du ekitaldi garrantzitsurik egingo eskualdean
Arantza Quiroga da PPko zerrendaburua Gipuzkoan, urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Urola Kostako herritar bakarra dago zerrendan; Maria Pilar Elias. Azkoitiko Udalean PPko zinegotzi izandakoa, zerrendan 25. postuan ageri da. Zerrenda ixten, alegia. Partidu Popularraren hauteskunde programa sarean dago ikusgai, www.somosmasdel51.com webgunean. Euskaraz nahiz gaztelaniaz eskuratu daiteke 131 orriko programa. Programaren sarreran azpimarratzen denez, «PPk eskaintzen duen aukera bakarra da. Lidergo berria eskaintzen du, errealitate berriekin konpromisoa duen lidergoa, eta XXI. mendeko interdependentzia mundura bideratutakoa. Kudeaketa publikoa berritzen du, gainera». Eskualdeari dagokionez, PPtik jakinarazi dute «ekitaldi garrantzitsurik ez» dutela egingo bertan.
