Argiaren aztarnaren atzetik

Zarauzko Hitza 2012ko urriaren 9a

Argiaren inguruan zenbat teoria, ikerketa eta antzeko ez ote dira egin. Argiaren jiran, zenbat artelan ez ei dira sortu. Artistak argia izaten du lagun, sorkuntzarako argi bezala baldin bada ere. Ilunpea ere izan dezake, barrura begiratu eta kolore griseko aldarteak itotzen badu. Bestelako gogoetak ere eragiten ditu argiak artistengan; esaterako, Zaloa Ipiñari (Bilbo, 1986) eragin diona: Zenbat eta nolako lekuak betetzen ditu? Galdera horren jiran pentsatzen hasi, eta Argiaren aztarnak lan bilduma sortu du, Bilbao Arteko bekaren baitan. Urriaren 4tik dauka Zarautzen ikusgai, Torre Luzean. Azaroaren 4a bitartean egongo dira hamazazpi lanak horman jarrita, eta egunero dago ikusteko aukera, 18:00etatik 20:00etara bitartean. «Argiak bete dezake espazio edo leku hutsa, eta bete dezake betea. Azken batean, espazioa osorik hartzeko gai da». Horra Ipiñaren erantzuna, argiaren aztarnaren atzetik abiatu ondorengoa. «Denok behar dugu argia, ikusteko. Horren eragilea da. Artearen historian, Errenazimenduan, kasu, oso lotuta egon ziren biak, artea eta argia. Kolore pila bat sortzeko gai da bere kabuz». Argia zer den galderari emandako erantzuna da. Erakusketa ikusten duenak paretean zintzilik ikusiko ditu lanak, bere horretan, eta Ipiñak nahiko luke begira ari dena honetaz jabetzea: «Hormatik irteten dira lanak, eta teknika bi dimentsiokoa erabili dut. Argazkietatik abiatzen dira, eta gero, bolumena hartzen dute. [...]

Torre Luzeako erakusketan ikusgai dauden lanetako batzuk (Argazkia: Zarauzko Udala)

Argiaren inguruan zenbat teoria, ikerketa eta antzeko ez ote dira egin. Argiaren jiran, zenbat artelan ez ei dira sortu. Artistak argia izaten du lagun, sorkuntzarako argi bezala baldin bada ere. Ilunpea ere izan dezake, barrura begiratu eta kolore griseko aldarteak itotzen badu. Bestelako gogoetak ere eragiten ditu argiak artistengan; esaterako, Zaloa Ipiñari (Bilbo, 1986) eragin diona: Zenbat eta nolako lekuak betetzen ditu? Galdera horren jiran pentsatzen hasi, eta Argiaren aztarnak lan bilduma sortu du, Bilbao Arteko bekaren baitan. Urriaren 4tik dauka Zarautzen ikusgai, Torre Luzean. Azaroaren 4a bitartean egongo dira hamazazpi lanak horman jarrita, eta egunero dago ikusteko aukera, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

«Argiak bete dezake espazio edo leku hutsa, eta bete dezake betea. Azken batean, espazioa osorik hartzeko gai da». Horra Ipiñaren erantzuna, argiaren aztarnaren atzetik abiatu ondorengoa. «Denok behar dugu argia, ikusteko. Horren eragilea da. Artearen historian, Errenazimenduan, kasu, oso lotuta egon ziren biak, artea eta argia. Kolore pila bat sortzeko gai da bere kabuz». Argia zer den galderari emandako erantzuna da.

Erakusketa ikusten duenak paretean zintzilik ikusiko ditu lanak, bere horretan, eta Ipiñak nahiko luke begira ari dena honetaz jabetzea: «Hormatik irteten dira lanak, eta teknika bi dimentsiokoa erabili dut. Argazkietatik abiatzen dira, eta gero, bolumena hartzen dute. Lana horrela egiten dudala konturatzea gustatuko litzaidake», egin du gogoeta. Jabetzen da, ordea, berari buruzko zerbait irakurri ezean, zaila egingo zaiola ikusleari beste honen ingurukoa barneratzea: «Gerta daiteke argiak espazioa erabat betetzen duen horretaz ari naizela ez konturatzea, baina ez dit axola».

Eta ilunpearen inguruan egin ote du gogoetarik? «Itzalak sortzeko behar dugu argirik eza, eta nire lanek itzalak sortzen dituzte, transparentzien bidez eginak direlako». Lan egiteko moduan ere, lagun izaten du ilunpea: «Argazkiak ateratzeko, ni ilunpean jartzen naiz, eta kanpoan egoten da argia. Azken batean, argiak ilunpea behar du».

Torre Luzean sartzea baino ez da geratzen orain. Gelan barneratu, Ipiñaren lanei begira jarri, eta burua argiaren jiran pentsatzera bota. Finean, argia hamaika gogoetaren iturri izan da, eta orain, aukera hemen bertan dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide