Udako jardunari agur esatera

Zarauzko Hitza 2012ko urriaren 5a

Egun hauetako eguraldia uda luzatzeko bada ere, udazkenak bete ditu egun batzuk. Udarekin batera joan ziren urte sasoi horretan egiten den hainbat jarduera. Hondartzan egiten dira horietako asko; esaterako, boleia. Zarautzen, ohiko irudia bilakatu da azken urteetan, eta gero eta jende gehiago aritzen da kirol horretan. Udako denboraldiari amaiera emateko, jokoan aritzen direnek festa antolatu dute biharko. 16:00etan izango da, Desertu Txikian, eta boleian jokatuz agurtuko dute udako jarduna. VII. Kenpes Oroimenezko Hondartzako Bolei Txapelketa izena eman diote, eta antolatzaileetako bat da Aritz Baraibar (1980, Iruñea). Berak eman ditu biharkoaren nondik norakoak: «16:00etan hasiko gara, eta taldeak hiru jokalariz osatutakoak izango dira. Izena ematea egun berean egingo da, lekuan bertan. Hiruko taldea osatzen ez dutenei ere azaltzeko esan nahi diegu, taldeak momentuan bertan zozkatuko ditugulako». Topaketaren egitura ere han zehaztuko dute, talde kopuruaren arabera. Txapelketa ez, topaketa «Ez da txapelketa izango, lehiatik kanpo ibiliko gara. Topaketa da, eta festa giroa sortzea da asmoa. Musika eta giro paregabea ez dira faltako», azaldu du Baraibarrek. Jana eta edaria antolakuntxak eramango ditu –beren buruari hala deitzen diote–. Dagoeneko, zazpigarren urtez egingo dute Topaketa, eta onartu du ez zutela hainbeste egitea espero: «Harrituta gaude urtez urte egiten jarraitzen dugulako». Udan aritzen dira hain gogoko [...]

Egun hauetako eguraldia uda luzatzeko bada ere, udazkenak bete ditu egun batzuk. Udarekin batera joan ziren urte sasoi horretan egiten den hainbat jarduera. Hondartzan egiten dira horietako asko; esaterako, boleia. Zarautzen, ohiko irudia bilakatu da azken urteetan, eta gero eta jende gehiago aritzen da kirol horretan. Udako denboraldiari amaiera emateko, jokoan aritzen direnek festa antolatu dute biharko. 16:00etan izango da, Desertu Txikian, eta boleian jokatuz agurtuko dute udako jarduna. VII. Kenpes Oroimenezko Hondartzako Bolei Txapelketa izena eman diote, eta antolatzaileetako bat da Aritz Baraibar (1980, Iruñea).
Berak eman ditu biharkoaren nondik norakoak: «16:00etan hasiko gara, eta taldeak hiru jokalariz osatutakoak izango dira. Izena ematea egun berean egingo da, lekuan bertan. Hiruko taldea osatzen ez dutenei ere azaltzeko esan nahi diegu, taldeak momentuan bertan zozkatuko ditugulako». Topaketaren egitura ere han zehaztuko dute, talde kopuruaren arabera.
Txapelketa ez, topaketa
«Ez da txapelketa izango, lehiatik kanpo ibiliko gara. Topaketa da, eta festa giroa sortzea da asmoa. Musika eta giro paregabea ez dira faltako», azaldu du Baraibarrek. Jana eta edaria antolakuntxak eramango ditu –beren buruari hala deitzen diote–.
Dagoeneko, zazpigarren urtez egingo dute Topaketa, eta onartu du ez zutela hainbeste egitea espero: «Harrituta gaude urtez urte egiten jarraitzen dugulako». Udan aritzen dira hain gogoko duten kirolean jokatzen, eta biharko antolatzeko elkartzen dira: «Gure arteko zerbait da, eta ez gara elkarte edo talde bat». Maiatzean hasten dira hondartzan jokatzen, eta hilabete honen bueltan amaitzen dute. Kenpes Oroimenezkoa izenaren izanak beste zerbait ematen badu ere aditzera, «Kenpes bizirik dago. Antolakuntxan ibili zen lehen, eta orain, kanpoan da, lanagatik. Horregatik diogu ez dela gure artean izango bihar».
Berrogeita hamar bat kide espero dituzte, «aurreko urteetako partaidetza kontuan hartuz, baina eguraldiak eragina izango du». Ona dago emanda, uda giroa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide