Helduentzako euskal dantza ikastaroak abiatu dituzte Zarauzko Aritzbatalde Udal Kiroldegian. Urriaren 3an zabaldu zuten izen-ematea Zarauzko Udaleko Kultura Sailean, baina oraindik inskriba daitezke interesa dutenek.
Larunbat goizetan hastapen mailako ikastaroa eskainiko du Goizane Arregik, 09:30etatik 11:00etara, eta jarraipen mailakoa 11:00etatik 12:30era. Lehen urratsetik oinarrizko plaza dantzak irakatsiko ditu lehenengoan: jauzietara sarrera, fandangoa eta arin-arina, axuri beltza, bolant dantza, eta abar. Bigarrengoa, berriz, hastapen mailaren jarraipena izango da. Larrain dantza eta Lantzek Ihauteria landuko dituzte, besteak beste. Hilean bi larunbatetan 90 minutuko saioa izango da, eta 65 euro kostako da.
Asteazken arratsaldetan, berriz, oinarrizko dantza ikastaroa 18:00ak eta 19:30ak artean izango da. AIKO dantza taldeko Jose Kazaubonek eskainiko du. 90 minutuko saioa izango da, eta 150 euro kostako da.
Ikastaroak aurrera ateratzeko gutxieneko ikasle kopurua osatu beharko dela ohartarazi du Zarauzko Udaleko Kultura Sailak. Osatzen ez bada, ez dute ikastaroa eskainiko.