Udako atsedenaldiaren ostean, martxan dira berriz ere ingelesez eta frantsesez kafe tertuliak. Ikasturte berrian ere datak mantenduko dituzte: asteartean izango dira ingelesez saioak eta ostegunetan frantsesez. Gaur egingo dute lehenbiziko saioa ingelesez, beraz. Ordutegia ere mantenduko dute, 17:00etatik 19:00etara izago dira. Berrikuntzak badira, ordea. Euskaldunan beharrean, Txiki Polit tabernan bilduko dira parte-hartzaileak aurrerantzean. «Hasieratik zehaztu zuten politikariek, halako tertuliak egiteko gune pribatuak erabiltzekotan, txandaka egingo genuela», adierazi du kafe tertulien gidari eta udaleko hezkuntza teknikari Arantxa Aldalurrek.
Balorazio positiboa
Urtarrilean ekimena abiatu zutenetik, harrera «paregabea» izan du. «Ekimena iragarri genuenean, ideia eta ilusio soil bat besterik ez zen. Hasieratik jendetza bildu da, ordea. Herritarrek parte hartuko zutela espero genuen, baina ez hainbestek», nabarmendu du Aldalurrek. Izan ere, orotara 140 pertsona bildu dira. Orokorrean, helduak bertaratu dira eta gehienak emakumezkoak izan dira. «Gazteek normalean bestelako gunetara jotzen dute ingelesa edo frantsesa praktikatzeko». Horren aurrean, kafe tertuliekin ez dietela hizkuntza akademiei konpetentzia egin nahi nabarmendu du Aldalurrek: «Helburua herritarrak biltzea da, lagun arteko giroan hizkuntzok praktika ditzaten. Parte-hartzaileei konfiantza emanez, euren kabuz hitz egin dezaten nahi dugu». Izan ere, «norberak bere erritmoa» duela adierazi du: «Ez dugu jendea hitz egitera behartzen, bertaratzen direnak eroso sentitzea da gure asmoa».
Askotariko partaideak
Zarauztarrez gain, beste herrietako parte-hartzaileak ere izan dituzte Aldalurrek zuzendutako saioek, oriotarrak eta getariarrak, besteak beste.. «Ingelesezko saioetan natibo ugari izan ditugu, irlandarrak eta estatubatuarrak, kasu», zehaztu du. Frantsesa praktikatzeko bileretan, berriz, «sorpresaren bat edo beste» izan dute: «Antxon Lafont enpresariak deitu zidan, ea laguntzera etor zitekeen galdetzeko».
Horrez gain, inguruko herrietan ere izan dute ohiartzuna jardunaldiek. Tolosako udaletik deitu diete informazio eske, esateraako.
