Liburuak irakurriz dibertitu eta literaturaz solasean goxo-goxo jardutera gonbidatu du Paperezko Lagunak irakurle talde sortu berriak. Jon Benito idazlea eta Garoa liburu-dendako kideak daude proiektu honen atzean, eta gaur arratsaldean aurkeztuko du bere burua jendaurrean, 19:30ean, liburu-dendako sotoan . «Lagunei posta elektronikoz egin diegu deialdia, eta sare sozialen bidez ere iragarri dugu. Orain, ikusi nahi dugu zenbat jende gerturatzen den, eta gerturatzen diren guztien artean taldeari forma eman nahiko genioke. Taldearen nondik norakoak azalduko dizkiegu, eta jada lehenengo irakurketa zein izango den ere azalduko diegu», dio Garoako Eneko Agirrek aurkezpenaren inguruan.
Garoa liburu-dendako arduradunek betidanik izan dute irakurketa talde bat abian jartzeko gogoa. Baina Jon Benito idazlea izan zen herri mailan eta lagunartean literaturaz hitz egiteko taldea sortzea proposatu ziena. Benito beraren ekimena izan bazen ere, elkarlanean mamitu dute proiektua. «Pare bat aldiz elkartu ginen, guk geneukan ideia eta berak zuena bateratzeko. Egia da Zarautzen badela horrelako talderik Sanz Enea liburutegian; bata, euskaraz eta bestea, gaztelaniaz. Beraz, aztertzen aritu ondoren, beste bat sortzeko premia bazegoela iruditu zitzaigun», nabarmendu du Agirrek.
Papezko Lagunak taldearen helburuak garbia dira: «Liburu beraren inguruan jendeak irakurketa ezberdinak egitea gustatuko litzaiguke. Lagun giroan, liburuan azaltzen diren gai ezberdinak jorratu nahi ditugu, baina ez maila literatoan edo intelektualean, eta liburua goitik behera azpimarratuta. Baizik eta norberari iradokitzen zaizkion gauzak kontatzea gainerako kideen aurrean». Azken finean, irakurketa taldearen izenak ere «gertutasun» hori islatu nahi du.
Dozena bat edo hamabost lagun inguru bildu, eta kafetxo bat hartzen liburuaren inguruan hitz egitea dute helburu. Garoa liburu-dendako sotoa izango dute topagune, hilabetean behin; hileko hirugarren asteko ostegunetan, 19:30etik aurrera. Saioak Jon Benitok gidatuko ditu, eta aldian-aldian, aztergai izango duten liburuaren egilea gonbidatu nahi dute. Hasiera batean, irakurketa guztiak euskaraz izango dira. Edonola ere, «jendeak gaztelaniaz zerbait egin nahiko balu, ikusiko genuke».
