
Kultura zinegotzi Gari Berasaluze, Garoako ordezkari Imanol Agirre eta Nahia elkarteko Edurne Larrañaga Sortaldearen kanpoaldean, atzo (Amaia Ventas/Urola Kostako Hitza)
Hiru hilabeteko jardunaren ostean, Sortaldeak ateak itxi ditu. «Malekoiaren kulturatik kulturaren maleikoira» igaro ondoren, amaitutzat eman du udako denboraldia. Garoa liburudendak eta Zarauzko Udaleko Kultura Sailak 72 egun, 272 ordu, egin dituzte elkarlanean, eta lankidetza horren emaitza «positiboa» izan da. Guztira, 8.000 bisitaritik gora hartu ditu itsasoari begira dagoen kultur eremuak uda sasoian. «Lehenbiziko urtea izateko ez dago gaizki», zehaztu du gunearen kudeatzeaile Imanol Agirrek, Garoako arduradunak.
Berrogei bat ekimen antolatu dituzte bertan; askotarikoak, gainera: zinema emanaldiak, erakusketak prentsaurrekoak, hitzaldiak, kontzertuak, liburua aurkezpenak, pailazoak eta tailerrak, besteak beste. Horrez gain, 400 liburutik gora utzi dituzte, Liburu irekiak zerbitzuaren bitartez. Beach library kontzeptua herrira ekarri, eta norberak aukeratutako liburua maileguan hartu eta hondartzan irakurtzeko aukera eskaini dute Sortaldean. Mailegatutako liburuetatik %97 itzuli dituztela jakinarazi du Garoako ordezkariak. Baten batek urrutira bidaiatu ere, bidaiatu duela aitortu du: «Suediatik Jo Nesboren The Leopard liburua bidali digute orain egun gutxi, Sorry for being late (barkatu atzerapenagatik) idatzita». «Sorpresa handia» izan dela esan du, liburua zekarren paketea irekitzen zuen bitartean.
Liburuei garrantzia kendu gabe, guneko protagonistak gaztetxoak izan direla diote Sortaldeko arduradunek. Horren adierazle dira lokaleko hormetan zintzilik dauden 220 marrazkiak. Herritarren parte hartzea ere nabarmendu du Agirrek: «Zarauztarrek hamar-hamabi kaxa ekarri dituzte liburuz josita, Sanz Eneak eta hainbat argitaletxek utzitako bilduma osatzeko».
Balorazio positiboa
«Lehenbizko pausoa indar handiarekin eman genuen, eta indarrarekin jarraituko dugu», nabarmendu du Agirrek. «Apustu berriek» dakarten «arriskua» izan du Sortaldeak Kultura zinegotzi Gari Berasaluzeren arabera: «Udan egindako zenbait ekimenek ez dute zehazki erantzun positiboa izan, baina batzuetan hanka sartu beharra dago. Horrela ikasten da». Dena den, denboraldiko balorazioa espero zutena baino «are positiboagoa» dela esan du.
Berasalezurekin bat etorri da uda sasoian Sortaldean aterpe izan duen Nahia artisau elkarteko Edurne Larrañagak: «Bisitari ugari izan ditugu, eta hori dela eta, oso kontentu gaude. Tailerretan ere jende askok hartu du parte». Hori dela eta, eskerrak eman dizkio udalari, «aurten aukera hori eskaintzeagatik»: «Aurrera begira ere aukera hori izatea espero dugu».
Erakusketen bilgune
Datorren udan ere Sortaldeak emango du «eman beharrekoa». Beste hainbeste ekimen eta zerbitzu eskainiko dituela aurreikusi du Berasaluzek. Udazken, negu eta udaberrian, ordea, «ez du udan funtzionatu duen moduan funtzionatuko»: erakusketen bilgune izango da, batez ere. Hala ere, Sortaldeak «kultur ekimenen kabi» izaten segituko du, eta ateak irekita izango ditu: «Egun gutxi barru aurkeztuko dugun sormenerako bekarekin, Daniel Txopitea artista gazteentzako bekarekin, oso lotuta egongo da hasiera batean». Artista gazteek lanak bertan sortu eta erakusteko balioko du beka horrek.
Oraingoz eremua hustu eta horretarako prestatzeko itxita egongo da. Bizpahiru aste ingurura irekiko dute berriz ere, «lehenengo erakusketarekin eta formula berri batekin». Udan, berriz, «beste indar batekin» helduko diote kultur eremu horri, «egitarau zabalagoarekin».