Hezegunearen aberastasuna

Zarauzko Hitza 2012ko irailaren 19a

Arkamurka Natur Elkarteak 25 urte darama Erriberetako parkea deritzon egitasmoa aurrera atera nahian. «Urteak joan dira, eta tristeziaz ikusi dugu egitasmo hori eta beste natur ondasunak nola joan diren hondatzen herrian». Iñurritza, Irita eta Asti parke bihurtzea aldarrikatu izan dute natur taldekoek, eta industria oro Errotaberrira eramateko eskatu. Horrez gain, Zarauzko Udalari eskaera zuzena egin zion pasa den ekainean: Iritako hezegunea berreskuratu eta natur parke bihurtzeko bitartekoak jartzeko. Aurrerapausoak —Eusko Jaurlaritzak Iritan industriagunea egin ahal izateko diru laguntzak «beste lehentasunetara» bideratu ditu, eta Ur Agentziak muga eta debekuak jarri ditu bertan betelanak egiteko— eman badira ere, oraindik «zeregina» badagoela diote natur taldeko kideek. «Iñurritzako padura berreskuratu dugu, baina Ihidieta-Sakeletxeko lezkadia arriskuan dago egun. Gure ardura da Iñurritzako estuarioa Euskal Herriko hezegune bizien mapan kokatzea». Hori dela eta, lur eremu hori naturalizatzeko «ahalegin berria» egin du Arkamurkak. Ildo horretatik, Erriberetako parkea erakusketa antolatzen ari da Merkatu plazako bigarren solairuan. Ostiralean zabalduko dute, 18:30ean, eta urriaren 28ra bitartean izango da ikusgai. Gunearen interesa Elkartetik adierazi dutenez, erakusketa hainbat funtsetan dago oinarrituta. Batetik, gunearen interes patrimoniala eta historikoa nabarmenduko dute: «Hezeguneak hirigunea sortu aurreko paisaiaren argazki biziak dira. Horrez gain, erriberak deritzon eremuan mendeetan Zarautzen ogibide eta lantoki izan ziren soro eta baratzak [...]

Arkamurka Natur Elkarteak 25 urte darama Erriberetako parkea deritzon egitasmoa aurrera
atera nahian. «Urteak joan dira, eta tristeziaz ikusi dugu egitasmo hori eta beste natur ondasunak nola joan diren hondatzen herrian». Iñurritza, Irita eta Asti parke bihurtzea aldarrikatu izan dute natur taldekoek, eta industria oro Errotaberrira eramateko eskatu. Horrez gain, Zarauzko Udalari eskaera zuzena egin zion pasa den ekainean: Iritako hezegunea berreskuratu eta natur parke bihurtzeko bitartekoak jartzeko.
Aurrerapausoak —Eusko Jaurlaritzak Iritan industriagunea egin ahal izateko diru laguntzak «beste lehentasunetara» bideratu ditu, eta Ur Agentziak muga eta debekuak jarri ditu bertan betelanak egiteko— eman badira ere, oraindik «zeregina» badagoela diote natur taldeko kideek. «Iñurritzako padura berreskuratu dugu, baina Ihidieta-Sakeletxeko lezkadia arriskuan dago egun. Gure ardura da Iñurritzako estuarioa Euskal Herriko hezegune bizien mapan kokatzea».
Hori dela eta, lur eremu hori naturalizatzeko «ahalegin berria» egin du Arkamurkak. Ildo horretatik, Erriberetako parkea erakusketa antolatzen ari da Merkatu plazako bigarren solairuan. Ostiralean zabalduko dute, 18:30ean, eta urriaren 28ra bitartean izango da ikusgai.
Gunearen interesa
Elkartetik adierazi dutenez, erakusketa hainbat funtsetan dago oinarrituta. Batetik, gunearen interes patrimoniala eta historikoa nabarmenduko dute: «Hezeguneak hirigunea sortu aurreko paisaiaren argazki biziak dira. Horrez gain, erriberak deritzon eremuan mendeetan Zarautzen ogibide eta lantoki izan ziren soro eta baratzak zeuden. Erriberetako parkean bizirik mantendu nahi dira horiek, natur baliabideekin batera».
Bestetik, hezegunearen interes paisajistikoa erakutsiko dute erakusketan: «Paisaia paregabea da, laua, ur putzu etengabez osatua eta lekadiz josia. Hegaztiak elikatzera joaten dira bertara, eta ezkutaleku gisa ere erabiltzen dute» . Interes turistikoari ere tartea egingo diote ekimen berrian. Hondartzaz gain, Zarautzek bestelako «altxor turistikoa» du hezeguneotan. Natur balio horiek bisitariak erakarriko lituztekeela deritze: «Ez da turismo masifikatua izango agian, baina bai fidela».
Bestelako interesa ere badu guneak: Kantauri isurialde osoan hezegune horretan soilik bizi diren hegaztiak ikus daitezke. Galium arenariun-a edota zingura hibiskoa jarri dituzte adibide gisa.
«Haurrek etxeak eta etxeak ikusten dituzte. Hirigintza eta natura bateragarriak direla erakusten duten eredu gutxi daude herrian», diote. Hori dela eta, guneak duen alde pedagogikoa ere erakutsiko dute: «Hiriguneaz gain, halako espazio naturalizatu eta bizia indartuz, bi munduak lotu daitezkeela ulertzen dugu. Haurrekin bisitan joateko leku aparta da, beraz».
Bizi kalitatea hobetu

Horrez gain, zarauztarren bizi kalitatea hobetuko duela diote: «Zarauzko hezeguneek hirigunea mugatzen dute, urbanizazioaren zabaltokia dira, pasealeku eta itsaso-erreken arteko dinamikaren antzoki». Ildo horretatik, uholdeen aurkako alternatiba izan daitekeela ohartarazi dute: «Euri erauntsi handiak marea handiekin batera izaten direnean, uholde arriskua areagotu egiten da, itsasgoran behinik behin». Horri aurre egiteko, alternatiba proposatu dute proiektuan: ibaiko ura pilatzeko Erriberetako parkean konporta bat egokitzea.
Hori guztia ikusgai izango da ostiraletik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide