Hartu parte zure hiriko mugikortasun planetan: ibili norabide egokian! Hori izango da aurtengo Mugikortasun Asteko leloa. Helburua, berriz, mugikortasun iraunkorragoaren aldeko apustua egin, eta herritarrak sentsibilizatzea izango da. Gaurtik larunbatera bitartean, hainbat ekimen izango da herrian, helburu hori betetze aldera. Besteak beste, gaur Bringas familiak Zeelanda Berrian zehar bizikletaz egindako bidaia kontatuko du, ikus-entzunezko baten laguntzaz, gaztetxean. Etzi, aldiz, Kirola eginez ikasi bizikleta modu egokian erabiltzen ekimena izango da Itxasmendin, eta larunbata Nire Autorik Gabeko Eguna.
Aurten ere Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin egin du bat Zarautzek. Mugikortasun jasangarria sustatzea da aste horretako eginbeharra. Ildo horretatik, mugikortasun eredu zehatza bultzatzen da egun horietan, auto pribatua baztertuz eta oinez, bizikletaz edota garraiobide publikoan ibiltzera animatuz herritarrak. Aurten, gainera, Europako ekimenaren hamargarren urteurrena dela eta, garraioaren energia eraginkortasunean eta hiriko mugikortasun planetan parte hartzea sustatzean zentratu dira.
Elkar errespetatu
Garraio publikoa, oinezkoak eta zikloturistak dira mugikortasun iraunkorraren hiru oinarri nagusiak. «Kutsadura murriztea bada helburua, motordun ibilgailuak baztertu behar dira».
Garraio publikoaren erabilera bultzatzea administrazio publikoei dagokiela nabarmendu du udalak: «Auto pribatuaren erabilera murrizteko derrigorrezkoa da garraio publikoa zabaltzea. Garapen iraunkorreko ikuspuntutik, kohereentena litzateke. Gure ingurumena eta bizi kalitatea mantendu nahi badugu, horrelako aldaketak martxan jarri behar ditugu». Udalak horren inguruan zenbait erabaki hartu duela gogoratu du, hala: autobus zerbitzua aztertu eta hobekuntzak egin ditu eta udan hondartzara gerturatzeko autobus zerbitzua abiatu du, besteak beste.
Horrekin batera, zikloturistak eta oinezkoak mugikortasun iraunkorra bultzatzeko «funtsezkoak» direla adierazi dute, eta hortaz, autoei eta motorrei «lekua kendu» behar dietela: «Elkar errespetatu behar dute». Udalak bidegorri sarearen inguruko parte hartze prozesua amaitzear duela iragarri du; sarearen proposamena faseka garatzen ari da.
Mugikortasun mahaia
Auto pribatuaren erabilera murrizte aldera, ekainean hasi eta uztaila bitartean, mugikortasun eredua eztabaidatu zuten herritarrekin. Orain, Mugikortasun Astea aitzaki hartuta, mugikortasun mahaia abian jarriko dutela gogoratu dute, TAO sistema, autobus zerbitzua eta antzerako neurriak lantzeko.
Era berean, Eskolako Agenda 21 ekimenak hamar urte beteko ditu larunbatean bertan. Hori dela eta, erakusketa ibiltaria antolatuko dute egun horretarako. Horrez gain, informazio puntua ere izango da; bertaratzen direnek Zarauzko ikastetxeek azken hamar urteotan egin duten lanaren berri izango dute.
————————–
Egitaraua
-Irailak 18, gaur
19:00. Gaztetxeak eta Zarauzko Udalak antolatuta, Kiwizibidaia ikus-entzunezkoaren emanaldia, Putzuzulon.
-Irailak 19, bihar
17:30-19:30. Zarauzko Udalak antolatuta, bide heziketarako zirkuitua, Lege Zaharren Enparantzan. 6-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da.
-Irailak 20, osteguna
17:30-19:30. Zarauzko Udalak eta Jira Bira klubak antolatuta, Kirola eginez ikasi bizikleta modu egokian erabiltzen ekimena, Itxasmendin, txirrindularitza entrenamendurako erabiltzen duten atletismo pistan.
-Irailak 22, larunbata. Nire autorik gabeko eguna
Egunean zehar. Nire Autorik Gabeko Eguna dela gogorarazteko, autobusa doan izango da..
10:00etatik aurrera. Zarauzko Zikloturista Elkarteak eta
Zarauzko Udalak antolatuta, Txirrindulari Txikien Eguna. Lizardi Institutuan, Araba kalean.
11:00-14:30. Zarauzko Udalak antolatuta, erakusketa ibiltarioa jarriko dute Lege Zaharren Enparantzan, Agenda 21 proiektua gizarterako.
