«Horrelako lanak, normalean, kutxa batean geratzen dira artxibatuta»

Aritz Mutiozabal 2012ko irailaren 12a

Huhezin ikus-entzuteko komunikazioa ikasi ondoren, Bartzelonako ECIB zinema eskolara abiatu zen Usua Garin (Zarautz, 1987) dokumentalgintzari buruzko master ikasketak egitera. «Fikzioan gauzak zuk nahi dituzun moduan egin ditzakezu. Zuk kontrolatzen duzu guztia. Dokumentala, ordea, nahiz eta gauzak ondo planifikatu, bizitza errealetan oinarrituta dago, eta egunerokotasunera moldatu behar duzu. Eta horrek asko erakartzen nau», dio egileak. Gaur arratsaldean, 19:00­etatik aurrera, Bartzelonako egonaldian filmatutako Rhythm of life dokumentala aukeztuko du Sortaldea Kultura Eremuan. Noiz hasi zen erritmoa hartzen Rhythm of life dokumentala? Duela bi urte Bartzelonara joan nintzen dokumentalgintzako mas­ter ikasketak egitera, eta master horretatik sortu zen ekoizpena. Ikasle guztiok proiektu bat aurkeztu behar izan genuen, eta, ondoren, eskolak duen programa baten bitartez, aurrera aterako diren hiru proiektu aukeratzen dituzte; horien artean nirea zegoen. Jarraian, klasekide guztiok hiru taldetan banatu ginen, bakoitzak rol edo ardura bat hartuta, dokumentalak lantzen hasteko. Espero al zenuen guztien artean zure proposamena aukeratzea? Jende ugari ginen, eta proiektu oso interesgarriak zeuden. Aurkezterakoan, nork bere ideia nola  saltzen zuen ere kontuan hartuko zutela esan ziguten. Nik irudi ikusgarri batzuk erakutsi nizkien, Kiyan dokumentaleko pro­tagonis­tarenak, eta gustatu egin zitzaien. Zergatik aukeratzen duzu dantza garaikidea eta aipatutako  dantzari horren egunerokoa gai bezala? Dokumentalak gurekin harreman intimoa izan zuen zerbaiten inguruan [...]

Garin

Usua Garin (Aritz Mutiozabal/Urola Kostako Hitza)

Huhezin ikus-entzuteko komunikazioa ikasi ondoren, Bartzelonako ECIB zinema eskolara abiatu zen Usua Garin (Zarautz, 1987) dokumentalgintzari buruzko master ikasketak egitera. «Fikzioan gauzak zuk nahi dituzun moduan egin ditzakezu. Zuk kontrolatzen duzu guztia. Dokumentala, ordea, nahiz eta gauzak ondo planifikatu, bizitza errealetan oinarrituta dago, eta egunerokotasunera moldatu behar duzu. Eta horrek asko erakartzen nau», dio egileak. Gaur arratsaldean, 19:00­etatik aurrera, Bartzelonako egonaldian filmatutako Rhythm of life dokumentala aukeztuko du Sortaldea Kultura Eremuan.

Noiz hasi zen erritmoa hartzen Rhythm of life dokumentala?
Duela bi urte Bartzelonara joan nintzen dokumentalgintzako mas­ter ikasketak egitera, eta master horretatik sortu zen ekoizpena. Ikasle guztiok proiektu bat aurkeztu behar izan genuen, eta, ondoren, eskolak duen programa baten bitartez, aurrera aterako diren hiru proiektu aukeratzen dituzte; horien artean nirea zegoen. Jarraian, klasekide guztiok hiru taldetan banatu ginen, bakoitzak rol edo ardura bat hartuta, dokumentalak lantzen hasteko.

Espero al zenuen guztien artean zure proposamena aukeratzea?
Jende ugari ginen, eta proiektu oso interesgarriak zeuden. Aurkezterakoan, nork bere ideia nola  saltzen zuen ere kontuan hartuko zutela esan ziguten. Nik irudi ikusgarri batzuk erakutsi nizkien, Kiyan dokumentaleko pro­tagonis­tarenak, eta gustatu egin zitzaien.

Zergatik aukeratzen duzu dantza garaikidea eta aipatutako  dantzari horren egunerokoa gai bezala?
Dokumentalak gurekin harreman intimoa izan zuen zerbaiten inguruan izan behar zuela esan ziguten. Pertsonalki lotzen gintuen gaia baldin bazen, lantzeko, haria lortzeko eta ukitu propioa emateko errazagoa egingo zitzaigula. Azken finean, lanarekin identifikatuta sentituko ginela. Nik txiki-txikitatik egin dut dantza, Garbiñe Azpitarteren Gabota dantza eskolan. Hemezortzi urterekin, ordea, nire ikasketak egin nituen, baina beti galdetu egin izan diot nire buruari dantzan jarraitu izan banu edo beste bide batzuk urratu izan banitu zer-nolako bizitza izango nukeen gaur egun. Nik bide hori zein izango zen jakiteko gogoa neukan.

Dantzari izatea aukeratu izan bazenu, zer aurkituko zenuken islatu nahi  izan duzu dokumentalean, beraz.
Hori da. Kiyan eta biok bizitzako etapa berean geunden. Ikasketak eginda, espezializatu egiten
zara: ni masterra bukatzen ari nintzen, eta lan mundura jauzi egitera nindoan, eta bera ere egoera berean zegoen. Antzekotasun asko genituen, nahiz eta alor ezberdinak urratu; batak, dantzan eta besteak, ikus-entzunezkoetan. Hala ere, kezka eta beldur berak genituela konturatu nintzen, eta polita izan zen horretaz jabetzea.

Lehendik ezagutzen al zenuen Kiyan dantzaria?
Ez nuen ezagutzen. Bartzelonako kontserbatorioko zuzendariari gure asmoa proposatu nionean, beren klaseetara gonbidatu ninduen. Bi aste egin nituen haien klaseak jarraitzen, baina kamerarik gabe; egun batean argazkiak atera nizkien. Atsedenaldietan dantza ikasleekin hitz egiten nuen, eta nire proiektuaren berri eman nien. Dantzari guztien artean, Kiyan pertsona berezia zela iruditu zitzaidan, bere gorputz espresioagatik. Gainera, pertsona oso irekia iruditu zitzaidan, eta berekin lan egitea erraza izango zela. Elkar ezagutzeko geratu, eta gauza asko zuela kontatzeko ohartu nintzen.

Master ikasketetako hiru proiektuak edo dokumentalek zer-nolako irtenbidea izan dute? Jendaurrean estreinatu al zenituzten?
Eskolako hiru proiektuen estreinaldia Bartzelonan bertan egin genuen, iazko ekainean. Zinema eskola bera arduratzen da guk egindako lanak mugitzeaz eta zinema jaialdietara bideratzeaz. Gure mailako lanen jaialdiak izaten dira; hau da, unibertsitate alorrekoak edo bereziki egile berrientzat antolatutakoak.

Zure lanak bere fruituak eman ditu: III. Mostrari 2011 jaialdian publikoaren saria eman zizuten.
Harrituta geratu nintzen. Eskolaren bitartez jakin nuen jaialdirako hautatu zutela dokumentala, eta ondorengo sariarekin zur eta lur geratu nintzen. Normalean, horrelako proiektuak, nahiz eta sekulako lana kostatu zaizun, kutxa batean geratzen dira artxibatuta. Ez gara egile ezagunak, eta ez da jende askorengana iristen egindako lana. Ondorioz, astebetez jaialdian egotea, Europako egile gazteekin esperientzia partekatzea eta, gainera, egin duzuna onartzea oso polita izan zen. Baita ezusteko gozoa ere.

Gaur arratsaldean Zarauzko Sortaldea Kultura Eremuan aurkeztuko duzu; Euskal Herrian proiektatuko duzun lehen aldia izango da.
Huezin nire irakasle izan nuen  Beatriz Zabalondok aurkeztuko du dokumentala, eta elkarrekin zerbait prestatu dugu gaurko ekitaldirako. Zabalondok ondo ezagutzen du nire lana, eta berak gidatuko du saioa. Aurrena ikus-entzunezkoa ikusiko dugu, eta, gero, elkarrizketa. Amaitzeko, solasaldi bat sortu nahi dugu gerturatzen direnen artean. Pixka bat urduri nago, herrian erakutsiko dudalako.

Aurrera begira, proiektu berririk ba al duzu esku artean?
Gogo biziak ditut proiektu berri batean murgiltzeko, baina ez dut gauza finkorik oraindik. Ideia txiki batzuk, besterik ez. Dena dela, laguntza behar duzu, eta pertsona egokiak behar dituzu kolaboratzeko. Azkenean, eguneroko lan erritmoan sartzen zara, goizetik arratsaldera arte, eta denbora gutxi geratzen zaizu proiektu propioetarako. Hala ere, zeure burua behartu egin behar duzu, gustuko duzun hori egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide