
Eider Iraola zestoarra eta Ander Beldarrain aiarra gailendu ziren iazko trikitilari txapelketan (Argazkilaria: Ibon Errazu)
Gaur jokatuko dute Trikitilari Gazteen XXXII. Txapelketa. Guztira hamar bikotek hartuko dute parte bertan: Aretxabaletako Beñat Ganboa eta Mungiako Julene Otegik; Irati Gutierrez eta Amets Ormaetxea arrasatearrek; Etxalarko Itsaso eta Irune Elizagoienek; Josune Arakistain eta Alaitz Eskudero debatarrek; Paul Eizmendi eta Eider Manso donostiarrek; Eneritz Aulestiak (Zarautz) eta Julen Alonsok (Orio); Garazi Otaegik eta Maria Lasa zizurkildarrek; Erika Lavillardek (Donibane Lohitzune) eta Maddi Sarasuak (Itxassou); Leire Etxezarreta eta Maider Azkarraga-Urizar arrasatearrek eta Larraulgo Andoni eta Ibai Urbietak. Kanporaketak jokatuko dituzte lehenbizi, 19:30ean. Txapelketa, berriz, 20:30ean hasiko dute.
Bikote bakoitzak lau pieza jo beharko ditu: trikitia, porrusalda, fandangoa eta arin-arina. Hainbat sari banatuko dute. Lehenbiziko postuan sailkatzen den bikoteak 250 euro jasoko ditu, txapelaz eta garaikurraz gain.Txapeldunordeek, berriz, 175 euroko saria eskuratuko dute. Herriko lehenengo bikoteari ere sari berezia emango diote.
Bertaratu nahi dutenek, aurrez Turismo Bulegoan eskuratu ahalko dituzte sarrerak. Egunean bertan ere erosi ahalko dira, Zinema Pilotalekuko lehiatilan hiru euroan. Gazte txartela erakutsiz gero bi euroko kostua izango du txartel bakoitzak.
Bertsoak eta dantza
Trikitilari Gazteen XXXII. Txapelketa ez da, ordea, Euskal Astearen barruan antolatu duten bakarra.
Ostiralean Bertsolari Gazteen XXXVI. Txapelketa jokatuko dute leku berean, 22:00etatik aurrera. Pasa den abuztuaren 30ean eta 31n Azken Portu auzoko Urpekoak elkartean kanporaketak jokatu ostean, gazteek irudimena eta abilezia neurtuko dituzte Lizardi Saria izenarekin ezagunagoa den bertso txapelketan. Honakoak izango dira lehiatuko diren parte-hartzaileak: Unai Gaztelumendi añorgatarra, Oier Aizpurua eta Aitor Urbieta zarauztarrak, Beñat Iguaran amasarra, Irungo Manu Goiogana eta Haritz Gasabal.
Giro onaz gozatzeko «aukera paregabea» izango dela adierazi dute Zarauzko Turismo Bulegotik. Hori dela eta, hitzordua galdu nahi ez duten bertsozaleek turismo bulegoan bertan eskuratu ahalko dituzte txartelak aurrez, hiru euroan. Egunean bertan ere eskuratu ahalko dira sarrerak, Gaztelekuko lehiatilan bi euroren truke.
Labakari saria
Bertsolari Gazteen XXXVI. Txapelketaren baitan, gainera, XXVIII.Basarri Saria emango diote Ane Labakari. Aurten, lasarte-oriatarra gailendu da bertso paper txapelketan, Zu sortari esker. Jakinarazi duenez, maitasunak eragiten dizkion sentimenduak eta emozio eztandak islatu ditu lan horretan. Epaimahaikideek «baliabide eta deskripaben egokiz» osatutako lana dela nabarmendu dute. Hori dela eta, 1.100 euroko saria jasoko du Labakak.
Aitor Albistur errenteriarrak eskuratu du bigarren saria. Amonaren bizipenetan oinarritutako Abuelita lana «oso gustagarria» dela iritzi dio epaimahaiak. 750 euroko txartela jasoko du horrek. Aurrez, 19:30ean Binakako Dantza Txapelketa egingo dute, Lege Zaharren Enparantzan.
—————————
Triki Air txapelketa jokatuko dute estreinakoz igandean, Putzuzulon
Estreinakoz, Nazioarteko Triki Air Txapelketa antolatu dute iganderako, Euskal Jai Egunerako, Putzuzulon. Jakinarazi dutenez, Air Guitar txapelketaren “euskal bertsioa” da eta trikitirik erabili gabe trikitia jotzean datza. Bikoteka, hirukoteka edota taldean bildu eta minutu batez trikiti doinuak interpretatu beharko dituzte parte-hartzaileek.
Txapelketaren nondik norakoak ezagutarazteko bideo laburra sortu dute eta hemen dago ikusgai.