
Iaz 608 atzerritar heldu ziren Zarautzera; gehienak, inguruko herrietatik, eta Nikaraguatik eta Hondurastik (Argazkila: Jon Iribar)
Migrazioa fenomenoa dinamikoa da, aldakorra egoeraren arabera. Batez ere, jatorrizko eta helmugako herrialdeetako egoera ekonomikoak baldintzatzen du joera hori. Historikoki jende asko eta asko iritsi da herrira, Zarautzek eskaintzen dituen askotariko aukerek erakarrita. Azken boladan, ordea, batez ere krisiladiaren eraginez, etorkinen fluxua egonkortu egin da. «2004 eta 2009 urteen artean baino bizilagun berri gutxiago jaso ditugu azken urtean. Etorrera ez da eten, ordea. Atzerritarrek herrira heltzen jarraitzen dute», nabarmendu du Zarauzko Udaleko Migrazio teknikari Julen Arangurenek.
Datuei erreparatuz, 608 bizilagun berri iritsi ziren iaz herrira. Horietatik erdia baino gehiago inguruko herritarrak dira. «Beraz, barne migrazioa da nagusiki». Nazioarteko etorkinei dagokionez, herrira bizitzera etorritako gehienak Nikaraguakoak eta Honduraskoak dira. Jakinarazi duenez, gehienak emakumezkoak dira, gazteak, lan bila etorri direnak. Horietako asko etxeko lanez eta zaintzaz arduratzen dira egun.
Horiez gain, Espainiatik ere jendea iritsi da Zarautzera, baina Euskal Herriko zein atzerritik datozenen batez bestekoarekin alderatuz, kopurua baxuagoa da. «Krisialdia dela eta, Espainiatik Euskal Herrirako migrazio mugimendu berria izango dela esan izan dute. 2011n behinik behin ez da halakorik gertatu. Espainiatik hainbat lagun etorri da, baina gutxi», gaineratu du. Datuen arabera, iaz 36 espainiar bertaratu ziren, gehienak Madrildik.
Atzerritarrek «kopuru apalean» etortzen jarraitzen badute ere, herriko migrazio saldoa negatiboa da egun. «2011n herria utzi zuen jende kopurua handiagoa da etorri zenena baino», zehaztu du Arangurenek. Hain zuzen, 789 herritarrek utzi zuten iaz herria, heldu zirenak baino 181 pertsona gehiagok. «Horrek aurreko urteetako joera aldatu du»: Izan ere, Zarautz «historikoki» kanpotarrak jaso dituen herria izan da. Hala ere, Gipuzkoa barruan aldatu dira lekuz: «Ez da gertaera isolatua, betidanik izan da halako mugimendua».
Jarioa, etengabea
Bestalde, azken urteotan Zarautzek izan duen nazioarteko migrazio mugimenduak herriko populazioa gaztetu duela jakinarazi du. «Etorkin gehienak %82, zehazki, lan egiteko sasoian daude; bertakoen portzentaia hori %62koa da, ordea». Zarautz herri «zaharkitua» da. Erretiroko herria izaki—Gipuzkoa barnealdeko adineko pertsona asko hartzen ditu herriak, haien zainketa premietara egokitzen den leku aproposa baita—, etorkizunean zainketarako lanetarako jendea beharko dela iritzi dio . «Zarautz zerbitzuen herria da; ostalaritzak indar handia du. Behar hori beteta dago dagoeneko. Zarauztarrok gero eta zaharragoak gara, eta horrek migrazio mota jakin bat erakarriko duelakoan nago: emakumea eta ertamerikarra». Etorkizunean ere, atzerritarren jario horrek jarraipena izango du: «Emari hori ez da erabat etengo».