Juan Agirre (Donostia, 1965), Amaral taldeko kidea, «gustura eta ilusioz beterik» dago. Abuztuaren 25ean kontzertua eskainiko du Zarautzen Eva Amaralekin batera, ZRT Zarautz Rugby Taldeak antolatutako Bultzarock ekimenaren baitan. Hori dela eta, esker ona agertu dio talde horri: «Izugarrizko esfortzua egin du kontzertu hau antolatzeko».
Dagoeneko salgai daude sarrerak www.ticketmaster.com webgunean, edota Gipuzkoako hainbat salmenta puntutan ere. Azkoitian Zurt tabernan eros daitezke txartelak; Azpeitian Iraurgin; Getarian Mahastin; Orion Salatxon; Zarautzen Bederen, Txiki Polit, Basarri eta Batzokian eta Zumaian Trapaia eta Otezuri tabernetan.
Abuztuaren 25ean Zarautzen emango duzue kontzertua. Hacia lo salvaje diskoaren biraren baitan, Euskal Herrian emango duzuen kontzertu bakarra izango da.
Hacia lo salvaje disko berria aurkeztu genuenetik ez gara Euskal Herrian izan. Donostian zein Bilbon egin genuen aurkezpena iaz, eta orduz geroztik ez gara itzuli. Espainiako hainbat hiritan izan gara, baina Euskal Herrian oraindik ez. Zarautzen jotzeko aukera eskaini zigutenean, beraz, gustura jaso genuen gonbita.
Zer moduzko harrera espero duzue?
Ikusle euskaldunak gure herrikoen antzekoak dira, lotura dute zentzu horretan. Jende askori gustatzen zaio gure musika, eta asko joaten dira gure kontzertuetara. Hortaz, Zaragozan eta Euskal Herrian jotzean antzeko sentitzen gara, etxean bezala, alegia.
2011n aurkeztu zenuten zuen azken lana, Hacia lo salvaje. Nolako erantzuna izan du?
Izugarria izan da entzuleen erantzuna. Ez genuen halako harrerik espero. Normalean disko bat sortzen dugunean ez dugu ezer espero izaten. Disko bat ekoiztea bakarka lana izaten da; barruan duguna askatzen saiatzen gara. Horregatik, disko bakoitza aurkeztu dugunean ez dugu ezer zehatza espero izan, gure lana jendearengana iristea, besterik ez. Azken disko honek izan duen harrera, beraz, ez genuen inondik inora espero. Erantzun zabalena izan duen diskoa izan da, dudarik gabe. Eta hori eskertzekoa da.
Sorpresa izan da, beraz?
Bai. Hamar bat urte daramagu musika sortzen, eta guztira sei disko kaleratu ditugu. Eskarmentua badugu, hortaz. Hala ere, ez genuen asmo horrekin egin, eta beraz, ez genuen aurreikusi halako arrakasta izango zuenik. Aurrerantzean ahalik eta kontzertu onenak eskaintzea da gure lana, jendearen harrera eskertze aldera.
Zer da primitiboranzko ihes hori?
Aurreranzko ihes bati egiten dio erreferentzia diskoaren izenburuak, atsegin ez dugun errealitate batetik ihes egiteko. Zehazki, abesti baten izen bera jarri diogu diskoari. Eva Amaralek egin du letra, eta nik erritmo kaxarekin eta baxuarekin konpondu dut. Abesti berezia da, guztiz.
Grabatzen ari zinetela, zera esan zenuen: «Aurrez egindako zerbaiten gisako abestiren bat sortu genuela konturatzen banintzen, zuzenean ezabatu egiten nuen». Disko hau eta beste guztiak ezberdinak al dira?
Bai, hala da. Ez zaigu errepikatzea gustatzen. Amaralen abestiek hainbat faktore komun dute, ahotsa eta zenbait doinu; taldearen izaera mantentzen dugu disko guztietan. Baina, beti berritzen saiatzen gara, aurrez egin ez dugun zerbait sortzen. Abestiak laburmetraiak bezala dira: istorio bat kontatzen da, behin. Istorio hori bi aldiz kontatzeak ez du zentzurik.
Zein formatu izango du abuztuaren 25eko kontzertuak?
Hacia lo salvaje diskoko hamabi abestiak joko ditugu, eta baita aurreko diskoetako beste hogei bat kantu ere. Kontzertu luzea izango da, beraz. Luzea, indartsua eta baita oso elektrikoa ere.
Amaralen aurretik joko duen gonbidatua aukeratzeko, ZRT Zarautz Rugby taldeak lehiaketa bat abiatu zuen. Zuek aukeratu behar izan duzue talde edo bakarlari hori bost finalisten artean. Zaila izan al da prozesu hori?
Gure ustez, finalistetako edonork jo zezakeen gure aurretik, guztiak baitira onak. Bost finalistek jotzea gustatuko litzaiguke, beraz. Guri askotariko musika gustatzen zaigu, ez dugu estilo zehatzik. Guretzat musikak entzulearengan eragina izatea da garrantzitsuena. Hori dela eta, bostek dute gure babesa. Izan ere, gu horrela hasi ginen: taberna txikietan jotzen genuen, eta tartean-tartean talde garrantzitsuen aurre gonbidatu gisa jotzeko aukera izaten genuen.
ZRTek antolatu du kontzertua, Bultzarock ekimenaren baitan. Zer deritzozu halako talde batek hainbesteko oihartzuna duen kontzertu bat antolatzearen inguruan?
Ikaragarria iruditzen zaigu ZRTk egin duen esfortzua. Guk eskertu besterik ezin dugu egin. Hori dela eta, ahalik eta ondoen jotzen saiatuko gara, datozen urteetan halako ekimenak antolatzen jarrai dezan.
Aurrera begirako proiekturik ba al duzue esku artean?
Une honetan Chavela Vargasen omenezko disko bat lantzen ari gara, buru-belarri. Kaliforniara (Ameriketako Estatu Batuak) egindako azken bidaian Tijuanako lagun batzuk proiektu horretan parte hartzea proposatu ziguten, eta guk gustura onartu genuen. Atsedenik hartu gabe ari gara, beraz, lanean estudioan, hemendik astebeterako-edo amaitu behar dugulako. Ez dugu, beraz, astirik aisialdirako.
——————————————-
Mobydick getxoztarra izango da Amaral taldearen aurre gonbidatua
Mobydick abeslari getxoztarra izango da Amaral taldearen aurre gonbidatua, abuztuaren 25ean Santa Klara komentuaren atarian eskainiko duten kontzertuan. Lehiaketa bidez aukeratu dute bakarlaria; gainontzeko finalistek—El Extraño, Vanpopel, Planta Baja eta Latitud 43 taldeak— baino puntu gehiago eskuratu ditu.
ZRT Zarautz Rugby taldeak eskerrak eman dizkie lehiaketan parte hartu duten talde guztiei eta baita botoen bidez parte hartu duten entzuleei ere. Amaralen aurretik jotzeko aukeraz gain, 500 euroko saria eskuratu du Mobydickek.
