Hainbat ekimen izango da Herrira Egunean, bihar

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko uztailaren 27a

Bihar, goizetik arratsaldera, hainbat ekimen izango da Zarautzen, Herrira Egunaren baitan.  Euskal preso eta iheslari politikoei elkartasuna adierazi asmoz, elkarretaratzea egingo dute eguerdian,Giza eskubide guztiak, euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira! lelopean. Gune nagusitik abiatuta, Gurutze Gorriaren paretik,  hondartza zeharkatuko dute dozenaka lagunek, Inpernupeko joareen laguntzarekin. 10:30ean hasiko dira aipatu gunea prestatzen eta 11:00etan zabalduko dute. Malekoia ere atonduko dute. 13:30ean bazkaria izango da; parte-hartzaile bakoitzak bere janaria eraman beharko du etxetik. Arratsalderako buztina, serigrafia eta eskulan tailerrak antolatu dituzte eta baita jolasak ere. Boleibolera eta kaniketara jolastuko dute, besteak beste, hondartzan 16:00etatik aurrera. 19:30ean, berriz, poteo musikatua egingo dute Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta. Parte-hartzaileei elastiko urdina ez ahazteko eskatu diete. Bestalde, Arraio Irratiko kideak ere bertan izango dira. Iazko hondartzako ekimeneko bideoa ikusgai dago http://zarauzkoherrira.wordpress.com webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide