Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Onartu dituzte 2012rako aurrekontu orokorrak Zarautzen. EAJ, PSE-EE eta PPko zinegotziek Udal Gobernuak propostatutako aurrekontuen kontra bozkatu zuten herenegungo osoko bilkuran; Bildu eta Aralar-Ezker Anitza udal taldeek, berriz, alde. Hamar kontrako boto eta hamar aldeko, guztira (Aralarreko Andoni Ibarguren ez zen plenoan izan). Gehiengoz onartu zituzten hala 2012rako diru partidak, Juan Luis Illarramendi alkatearen kalitatezko botoarekin.
Udal Gobernuak, gainera, «azken momentuko» hiru aldaketa gehitu zizkion maiatzaren 30ean behin-behinean onartutako aurrekontu bateratuari. Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrek hartu zuen hitza: «Agenda 21 saila orain arte udaletik eraman izan da. Aurrerantzean, ordea, Urola Kostako Udal Elkartea arduratuko da hura kudeatzeaz. Beraz, sail horretarako aurreikusitako 21.714 euroak beste zenbaitetan banatzea erabaki dugu». Ildo horretatik, Zarauzko Musika Bandaren eta Artezaleak taldearen artean banatu dute diru hori: bakoitzari 10.000 euro ematea proposatu zuen Eizagirrek. Aho batez onartu zituen aldaketok Udalbatzak.
Hala ere, PP, Aralar-Ezker Anitza, PSE-EE zein EAJk ez direla «euren aurrekontuak» adierazi zuten. Udal Gobernua «beranduegi» ibili dela nabarmendu zuen PPko Rafa Olaizolak: «Ezin dira abuztuan onartu aurrekontuak». Aralar-Ezker Anitzako Mariana Aranburuk «bestelako aurrekontuak behar» direla adierazi zuen, eta aurrerantzean «beste modu batera» prestatu beharko liratekela: «lehenago, lasaiago eta elkarrekin».
Krisi garaia kontuan izanik, halako aurrekontuak ez direla «onargarriak» esan zuen PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak, ez direla «ezkerreko aurrekontuak». Hala ere, alderdi sozialistak aurkeztutako 44 helegiteak bi onartu izana «aurrerapausoa» dela aitortu zuen: «Bada zerbait behintzat; pozez hartu dugu erabakia. Etorkizunean bide horretatik jarraituko duzuela espero dugu».
EAJko bozeramaile Imanol Lasak «faltan eman» du Udal Gobernuak aurrekontuak elkarlanean egin izana: «Gu saiatu gara, baina ez dugu lortu. Denon artean egin beharreko lana zen. Ekonomia alde batera utzita, ikuspuntu politikotik adostasunera heltzeko asmorik ez du erakutsi Udal Gobernuak».
Ibargurenek kargua utzi du
Andoni Ibarguren Aralar-Ezker Anitzako bozeramaile ohia ez zen plenoan izan. Pasa den astean iragarri zuen kargua utziko zuela. Aser Lertxundi alderdikideak hartuko du haren lekukoa. Hori dela eta, Udalbatzak haren ibilbidea gogoratu zuen. Aranburuk, hunkituta, «lagun ona eta kide ona» dela nabarmendu zuen, eta «penaz» gogoratu zuen: «Gustura jardun dugu elkarrekin lanean». Olaizolak haren jarrera eskertu zuen: «Beti izan ditu ateak parez pare zabalik. Ezberdinak izan arren, beti izan dugu harreman ona». Bost urtean «zenbaitetan haserretu» diren arren, «estimu handia» diola esan zuen Elolak. «Zorte ona opa diot aurrerantzean». Nahiz eta «askotan elkar ez ulertu», lankide «ona» izan dela gogoratu zuen Lasak: «Baina batez ere zorrotza izan da; ausardiaz jokatu du».
Eider Illarramendi alkateordeak ere zorte ona opatu zion «bere abentura berrian». «Urtebetez soilik jardun dugu elkarlanean, baina eskertzen dut hark egindako lana». Alkateak Ibargurenek erakutsitako «indarra» txalotu zuen, eta eskerrak eman.