Ertzaintzak bi pertsona identifikatu ditu Zarautzen eta Zumaian ustez herri horietako enpresa banatan iruzurra egiten saiatzeagatik. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.
Iturri horren arabera, joan den asteazkenean izan zen lehen iruzur saiakera. Zarauzko enpresa batera joan zen zortzi pertsonez osatutako talde bat, eta haietako batek enpresaren aurrealdea asfaltatzea eskaini zien enpresako arduradunei “prezio oso onean”. Ustezko iruzurgileek lana “orduerdi inguruan” egin zuten eta faktura ematean, enpresakoak konturatu ziren hitz egindakoa baino “askoz garestiagoa” zela han jartzen zuena. Uko egin zioten ordaintzeari.
Herrizaingo Sailaren arabera, momentu horretan ustezko iruzurgileek enpresakoak mehatxatzen hasi ziren, eta instalazioetan kalteak eragin zituzten. Langileek Ertzaintzari deitu zioten, eta ertzainek ustezko iruzurgileetako bat identifikatu zuten.
Egun horretan bertan, ustez talde bereko beste kide bat iruzur bera egiten saiatu zen Zumaiako enpresa batean. Enpresa hartako kideei iruzurraren berri emana zieten lehenago, ordea, eta Ertzaintzari deitu zioten. Ertzaintzak ustezko iruzurgilea identifikatu zuen.
Jakinarazi dutenez, iruzur mota hau Euskal Herritik kanpora ere atzeman dute, hain zuzen ere Gironan (Katalunia) eta Extremaduran (Espainia) besteak beste.
