«Bilduk, demokraziaz duen kontzeptu mugatuari jarraituz, agintean egoteak nahi duena egiteko eskubidea ematen diola uste du», salatu du PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak. «Gure herria herriko taberna balitz bezala erabiltzen du, kartelekin, eskuorriekin eta pankartekin zikinduz».
Bilduk herriko bi sarreretan errauste plantaren aurkako panel bana jarri izana salatu du PSE-EEko bozeramaileak. «Garai berriak direla aitzakia hartuta, ETAren ametsgaiztoa oraindik salatu ez dutenek presa handia izan zuten Heriotza zigorrik ez. ETA ez zioten kartelak kentzeko», gaineratu du. Aipatu kartelok aurreko agintaldian jarri zituztela gogoratu du Elolak, zinegotzi guztien onespenarekin. «Horien lekuan errauste plantaren aurkako pankartak jartzeko baimena eman dute, besteon oniritzirik gabe, aurrez jakinarazi gabe».
Horma «zikinak»
Bildu agintean dagoenetik, herriko hormak «zikinak» daudela salatu du, «egunero ETAko presoen aldeko aldarriekin» egiten dutela topo. «Haien meritu bakarra jendea hil eta herritarrak ikaratzea izan da».
«Orain bi kartelok jarri dituzte. Ez dute sinadurarik, baina Bilduk babestutako proiektu eta leloa daramate». Elolak esan du zarauztarrek birziklatzearen eta hori sustatzearen alde daudela «argi eta garbi» adierazi dutela. «Baina atez atekoaren kontra daude».
«Zer gertatuko litzateke zarauztar, elkarte edota alderdi politiko bakoitzak biribilguneak eta leku publikoak euren proposamenak defendatzeko erabiliko balituzte? Zarautz sekulako anabasa izango litzateke», nabarmendu du. Hori dela eta, Zarautz «garbia» nahi duela esan du eta horretarako panel urdinak erabiltzeko eskatu. «Norberak errespetuz nahi duena adieraz dezan, panel urdinak ditugu herrian. Erabil itzazue».
