«Baserritik.com webgunearen bitartez saltzen eta etxera banatzen ditugun produktuak bertatik bertara ezagutaraztea». Helburu horrekin antolatu du elkarteak eskualdeko produktuen azoka larunbaterako. Askotariko postuak izango dira Lege Zaharren Enparantzan, 09:00etatik 14:00etara. Artzain gazta, barazkiak, hestekiak, sagardoa, ardoa, mermelada, kontserbak… denetarik aurkitu ahalko dute herritarrek zein bisitariek, guzti-guztiak Urola Kostan ekoitzitako produktuak.
11:00etatik 14:00etara, berriz, hainbat produktu dastatzeko aukera izango da horretarako bereziki prestatuko postuan. Besteak beste, txistorra, txorizoa eta gazta pintxoak probatu ahalko dituzte bertaratzen direnek, txakolinarekin lagunduta.
Azoka birtuala eta postua
Elkartea pasa den urrian hasi zen inguruan ekoitzitako produktuak etxez etxe banatzen. «Ongi funtzionatzen» duela nabarmendu du elkarteko lehendakari Eustakio Aristik. Eskaera gehienak Urola Kostako herritarrek egiten dituzte, eta bolada batean Donostialdetik ere egiten zituztela azaldu du.
«Zerbitzua probatu duena gustura dago, baina oraindik bultzada behar du», dio. Asmo horrekin antolatu dute estreinakoz larunbateko ekimena. «Azoka birtualaren bitartez eskaintzen duguna ezagutarazi beharra daukagu», gaineratu du: «Jendeak gure produktuekiko konfiantza hartu dezan eta Gipuzkoa osora zabal dadin zerbitzua».
Bi oinarri ditu Baserritik.com elkarteak. Bertako kide Joxi Azpillaga errezildarrak jakinarazi duenez, gertutasuna da lehentasuna: «Eskualdeko produktuak eskaintzen saiatzen gara, ahal bada Zarauzkoak. Eskatzen dizkiguten produktuak herrian bertan ez baldin badaude, eskualdean aurkitzen ditugu, eta bestela Gipuzkoan». Zenbait produktu, ordea, urrutiagotik lortzen dituzte, patata eta ardoa, esaterako, Arabatik.
Lehenbiziko sektoreari bultzada ematea da elkartearen beste asmoetariko bat. «Lehengo ohituretara itzultzea» da xedea, Azpillagaren arabera: «Bertako produktuenganako estimua sustatu beharra dago». Azoka tradizionaletara itzultzeko asmoz dabiltza: «Azokak gainbeheran dauden egun; jendeak ez dauka denbora postuz postu erosketak egiten jarduteko. Horri irtenbidea eman behar zaio». Ildo horretatik, Zarauzko Merkatu plazan postua ireki zuen elkarteak duela gutxi. «Turismo aldetik indartsua da Zarautz, eta leku paregabea da gure produktoen erakuslehio izateko», nabarmendu du elkarteko lehendakariak.