Jose Mari Illarramendiren omenez jokatuko dute larunbatean estreinakoz Zarauzko Halterofilia Saria. Illarramendi izan zen, Emilio Olazabalekin batera, herrian halterofilia sustatzen hasi zena. 1968. urtean sortu zuten lehenbiziko gimnasioa eta ordutik kirol horren inguruan hainbat lan egin zuen zarauztarrak. Iazko irailean hil zen eta aurten Halterofilia Kriteriumari haren izena jartzea erabaki du zuzendaritza batzordeak.
Hori ez da, ordea, berrikuntza bakarra. Aurten, Zarauzko sariarekin batera Espainiako Halterofilia Ligako hirugarren jardunaldia jokatuko da. Etziko proba, beraz, Espainiako Ligarako puntuagarria izango da. Ohi bezala, itsas pasealekuan lehiatuko dira 24 jasotzaileak, Lecera taberna eta Gurutze Gorriaren artean. Eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian egingo dute. Aurten arratsaldean soilik—aurreko urtetan goizez zein arratsaldez izaten zen— jokatuko dute txapelketa. «Geroz eta zailagoa da halako proba bat antolatzea eta aurten arratsaldez soilik egitea erabaki dugu», azaldu du ZKEko Halterofilia ataleko kide Inko Ilarramendik. 16:00etatik aurrera, bi txandatan lehikatuko dira: lehenbizi gazteenak edota puntuazio baxuena dutenen txanda izango da, eta gero, maila onena dutenena.
Aurkari gogorrak
Zarauztarrek arerio gogorrak izango dituzte larunbatean. Danena K.E. taldeko kideak izango dira, herritarrekin batera, Espainiako Ligarako puntuak biltzeko aukera izango dutenak. Beste biak, Akitania eta Ziburu, Frantziako Ligaren baitako taldeak dira.
Illarramendi zenaren semeak jakinarazi duenez, zizurkildarrak Espainiako sailkapenean laugarren postuan daude: «Historikoki, oso talde indartsua da Danena, oso jasotzaile punteroak ditu». Akitaniako taldekideek ere «maila ona» erakutsi dutela nabarmendu du. Hain zuzen, aurreko asteko jardunaldian Danenakoen aurretik sailkatu ziren. Ziburukoa, berriz, «talde umilagoa» dela jakinarazi du: «Aurreko biekin alderatuz, maila baxuagoa dute».
Zarauztarrei dagokionez, irabazteko aukera gutxi dutela dio: «Marka ona lortu ahal izateko maila oneko sei jasotzaile behar dira. Egun zaila da hori lortzea».
Tartean, herri kirolak
Ohi bezala, herri kirol erakustaldia egingo dute Zarauzko probaren baitan. «Aspalditik elkarlanean dihardugu haiekin. Gimnasioan elkarrekin aritzen gara eta gertuko harremana dugu», azaldu du.
Lehenbiziko eta bigarren txanden artean zein amaieran egingo dituzte saioak. «Ongi etorriko zaigu indarberritzen garen bitartean ikusleak entretenitzeko». Aurten, Agustin Landarbide eta Izeta aita-semeak, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.-a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV, ariko dira harria jasotzen; aizkoran, berriz, Fausto Mugertza I.a, besteak beste.
