Zarauzko eta eskualdeko eskubaloizaleak zorteko izango dira asteburu honetan, Txaparrotan Hondartzako 9. Eskubaloi Txapelketa jokatuko baita Zarauzko hondartzan, Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi sailak antolatuta. Ekimena gaur arratsaldean abiatuko da, 154 talderen parte-hartzearekin, eta gainontzeko edizioetan egin bezala, Desertu Txikian jokatuko dituzte partidak parte-hartzaileek.
Eskubaloia eta hondartza giroa uztartzen dituen ekimenak urtez urte eskubaloizale eta jarraitzaile gehiago bildu ditu eta aurten hainbat taldek txapelketatik at geratu behar izan dute toki falta dela medio. Talde zarauztarrez gain, Orio, Zumaia, Getaria, Irun, Baztan, Elgoibar, Lizarra, Donostia eta Tolosako taldeek ere hartuko dute parte egitasmoan.
Eskolartekoak eta helduak
Eskolartekoen artean, 91 talde eman dute izena; 678 neska-mutilek, alegia. Maila horretako partidak gaur 14:30etik aurrera jokatuko dira arratsalde osoan zehar. Igande goizean 10:00etatik aurrera izango dira haurren final-laurdenak, finalerdiak eta finalak.
Helduen mailan 63 taldek parte hartuko dute txapelketan; nesketan 23 talde eta mutiletan 40 talde. Denera, 468 jokalari ariko dira. Bihar jokatuko dira helduen mailako partidak 10:00etatik aurrera, eta 21:30ean jokatuko dute azken partida. Igandean 15:00etan jarraituko dute txapelketarekin eta 19:00etatik aurrera helduen finalak jokatuko dituzte.
Txaparrotan txapelketako antolakuntzak kantina jarriko du asteburuan zehar Desertu Txikian. Horretaz gain, larunbat gauean, Noraezean eta Ihes Naiz musika talde zarauztarrek kontzertua emango dute Desertu Txikian egitasmoaren baitan.
