Maria Etxe Txiki Eguneko Zentroak 11 pisu tutelatu izango ditu erabilgarri, 65 urtetik gorako zarauztarrentzat. Dagoeneko hornitu dituzte eta aste honetan bertan zortzi pertsona joango dira Gipuzkoa kaleko zentrora bizitzera; hiru emakume eta bost gizonezko, hain zuzen. Banakako pisuetan sartuko dira horiek.
Hamaika pisu tutelatutik zortzi banakoak dira eta beste hiru binaka bizitzeko. Dagoeneko bakarkakoak beteta daude. Binakakoek zein banakakoek, pisu bakoitzak logela bat, egongela, sukaldea, terraza, hozkailua, garbigailua eta komuna izango du. Binakako pisuetako bat ezinduentzako egokituta dago.
Bizilagunek animaliak eduki ahal izango dituzte beraiekin. Jakinarazi dutenez, oraingoz ez dute halako eskaerarik jaso; baina jasoz gero, neurriak hartu beharko direla jakinarazi du Karmele Alberdi Adinekoen zinegotziak, elkarbizitza ona izan dadin. Bestalde, bakoitzak bere erara moldatu ahalko du etxea, «berea izango balitz bezala».
Zerbitzu gehigarriak
Horrez gain, zenbait zerbitzu izango dituzte eskura bertan biziko direnek. Eguneko Zentroko bizilagunek sukalde propioa izango duten arren, jangela atonduko dute beheko solairuan. Ildo horretatik, bertan jan ahal izango da, baita bazkaria nahiz afaria norbere pisura igotzeko eskatu ere. Astero aldatuko zaizkie, gainera, izarak zein eskuoihalak. Era berean, podologia eta ileapaindegi zerbitzua ere eskainiko zaie, «arrazoizko prezioan», eta baita arropa garbitzeko zerbitzua ere. Eneritz Acedo Eguneko Zentroko koordinatzaileak jakinarazi duenez, zailtasunak dituzten pertsonei etxea garbituko dieten langileak ere izango dira Maria Etxe Txikin. Pisuan zerbait puskatuz gero, mantenua Eguneko Zentroko langileen esku izango da.
Egun osoan zehar, egunero, zentroan hainbat pertsona izango da, pisu tutelatuetan biziko diren pertsonek beharrik badute haiei laguntzeko. Gauean ere zaintza egingo dute.
Interesa dutenek irailetik aurrera eman ahalko dute izena udaleko Gizarte Zerbitzuetan; bertan eskuratu ahalko da informazio osoa ere. Bi baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek, nagusiki: zarauztarra izatea eta 65 urtetik gora edukitzea. Horiek izango dute lehentasuna eskaera egiterakoan.
Pisuren bat libre geratuz gero, ordea, 60 urtetik gorakoek ere izango dute aukera eskaera egiteko. Alberdik jakinarazi duenez, pisua ematerakoan eskatzailearen «beharrak» izango dituzte kontuan: «Eskaera asko izanez gero, behar gehien dutenek izango dute lehentasuna». Etxean igogailurik ez duten edota laguntza edo arreta berezia behar dutenak izango dira horiek, esaterako. Orokorrean, ordea, pertsona autonomoak izango dira bertan biziko direnak. Bestalde, urria-azaroa alderako, bigarren solairuan pisu tutelatu gehiago atonduko dituztela aurreikusi du Alberdik.
Larrialdietarako pisuak
Eguneko Zentroan larrialdiren bat izan duten familientzat lau pisu ere egongo dira eskuragarri. Etxean sute bat izanez gero, edo etxea urak hartuz gero, pisuok prest izango dira kaltea jasan duten sendiak hartzeko. Acedoren arabera, «ongi» hornituak daude: platerak, kazuelak eta maindireak dituzte, besteak beste. Horietako bi egokituta daude, gainera.
Eguneko Zentroa inauguratu zutenean, larrialdietarako pisuetan tratu txarrak jasan dituzten pertsonak hartzea aurreikusi zuten. «Hona etortzen badira, ordea, haien identitatea ezagutuko da. Hori dela-eta, bestelako apartamendu batera bideratuko ditugu, anonimotasun hori gordetze aldera», azaldu du Ane Eizmendi Parekidetasun zinegotziak.
