Zurekin ostalarien elkarteak Musika pintxatuz ekimena antolatu du uztailaren 26tik 31ra bitarterako, Zarauzko Udalaren eta Xpressionk kultur elkartearen laguntzarekin. Gastronomia eta musika akustikoa uztartzea du helburu, eta horrekin herria dinamizatzea. Xpressionkeko arduradun Jokin Telleriaren arabera, musika mota horrek «ondo ematen» du gastronomiarekin. «Bikote ona egiten dute».
Ekimenean parte hartuko duten musika taldeak aukeratzeko lehiaketa antolatu dute, hala. «Musika akustikoa estilo bat baino gehiago, jotzeko modu bat da, eta jakin badakigu musika talde askok egiten dutela lan formato horretan. Horregatik jotzeko modu hori bultzatzea egoki ikusi dugu lehiketa honen bitartez», dio kultur elkarteko ordezkariak.
Interesa duten musika taldeek hainbat baldintza bete beharko dute lehiaketan parte hartu ahal izateko. Batetik, taldeko hiru kidek gutxienez euskaldunak izan beharko dute. Horrez gain, hiru abesti bidali beharko dituzte. Abestiok propioak edota beste talderen bertsioak izan daitezke, eta edozein hizkuntzatan abestuak. Hirurak akustikoak izan beharko dute, ordea. Telleriak jakinarazi duenez, musika tresna elektrikoak erabil daitezke abestiok sortzeko, baina formatu akustikoa izan beharko dute. Bateriak edota perkusioak erabaili ahalko dira, baina intentsitatea errespetatuz.
Interneteko edozein formatutan (Myspace, Bandcamp, Youtube, Soundcloud, besteak beste) bidali beharko dira abestiak jokin@xpressionk.net helbide elektronikora. Uztailaren 10a baino lehen helarazi beharko da eskatutakoa.
Guztira, sei talde
Hiru pertsonak osatuko dute epaimahaia, eta horiek, behin abesti guztiak bilduta, entzun eta baloratu egingo dituzte. Aurkeztutako taldeen artean sei aukeratuko dituzte gerora, uztailaren 27an, 28an eta 31n Munoan zuzenean jo dezaten, 19:00etatik 22:00etara.
Horrekin batera, hautatuko sei taldeen artean irabazleak datorren urteko Udaberrifest jaialdian hasierako gonbidatu gisa jotzeko aukera izango du. Era berean, 500 euroko saria ere jasoko du. Finalera iristen diren sei taldeek afaria izango dute, gainera, kontzertuaren egunean.
Pintxo bereziak
Gastronomia aldetik ere berezia izango da ekimena. Guztira, 12 etxola jarriko dituzte Munoan, eta bakoitzean «kalitatezko» pintxo bana eskainiko da. Bultzatzeko, txakolina, ardo ondua, garagardoa edo freskagarriren bat eskatu ahalko da. Guztia, bi euro eta erdiko prezioan. 12:00etatik 15:00etara, eta 19:00ak eta 23:00ak bitartean izango dira zabalik postuak. Herritarrek itsas aldeko plazan «arrazoizko prezioan» bazkaldu edota afaltzeko aukera izango dute, hala. Zurekineko kide Asier Aldalurren arabera, pintxo poteo formatua izango du, «baina musika ona gehituta».
Tabernariak bertan parte hartzera animatu ditu. Uztailaren 5ean egingo dute ekimena prestatzeko bilera Zarauzko ostalariek. Etxezabalako lehen solairuko aretoan izango da bilkura, 16:00etan.