
Ezkerretik hasi, Joanes Ederra baxu-jotzailea, David Gorospe bateria-jotzailea eta Ander Ederra gitarrista (Argazkilaria: Mikel Yerobi)
Euskal musika esparruan rara avis bat da Buffalo. Musika instrumentala jorratzen duen talde askorik ez dago inguruan, eta, horrek, nolabait esateko, berezi bihurtzen du beren proposamena. «Aldez aurretik, badirudi elitista samarra izan behar duela, baina ez da horrela. Instrumentala dela esanda, jende askok pentsatzen du ez zaiola gustatuko, baina, gero, kontzertua gustura jarraitu dutela esaten digute», adierazi du taldeko gitarrista Ander Ederrak. Orain, egiten dutena lau haizetara zabaltze aldera, estreinako diskoa argitaratu du hirukoteak.
Duela hiru urte maketa bat grabatu zuten Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan, bertako ikasleen eskutik. Kasu honetan ere Andoainen grabatu dute, baina Garate estudioetan, Kaki Arkarazo musikariaren eta soinu-teknikariaren gidaritzapean. Alde horretatik, «jauzi handia» eman dutela dio gitarristak: «Baliabide teknologikoei dagokienez, ez dago zerikusirik. Lehena bitarteko xumeekin egin genuen, eta bigarren hau, berriz, profesionalekin. Eta hori azken emaitzan antzematen egiten da», dio gitarristak.
Martxoaren erdialdean aritu ziren estudioan, pare bat egunez, eta, oro har, taldekide guztiak batera jota grabatu zuten disko. «Gitarren soloak inprobisatuak direnez, hirurok batera jotzean beste feeling bat lortzen dugu. Banan-banan grabatu izan bagenu, inprobisazio horiek ez zuten zentzu bera izango».
Izenik gabeko bufaloa
Lehenengo «grabazio serioa» honako hau izan da. Denbora gehiago izan dute abestiak konposatzeko, lantzeko eta grabatzeko ere. Taldearen estreinako diskoa bailitzan aurkeztu dute, eta, beharbada, horregatik, ez diote izenburu berezirik jarri. Buffalo izena besterik ez da ageri diskoaren azalean, nahiz eta maketa ere modu berean argitaratu zuten.
Musikalki, betiko ildoari eutsi diote. Instrumentala izaten jarraitzen du; betiere, esperimentazio eta rock-jazz kutsuekin, eta inprobisaziorako joerarekin. Nolanahi ere, aldaketa txiki bat izan dute: «Hasierako abestiak alaiagoak ziren, eta disko honetarako nahiko ilunak atera zaizkigu». Guztira, hamaika abesti jaso dituzte diskoan: Le Kasbour, Bisonte Bill, Intro+´77, Iluna Beltz, Fu#king, Mother Basser, River Surfer, Babilon, Hotel Congress, Kaktus Men eta Mistral, alegia.
Zerrenda horretan, Iluna Beltz musika talde zarauztarrari ohore egiten dion abestia jaso dute: «Iluna Beltzeko Aitzol eta Manex lehengusuak ditugu, eta haien omenez egindako abestia da. Gurea da, eta ez da haien abesti baten moldaketa». Letrarik gabeko musika izaki, abestien izenburuek «ez dute zerikusi zuzenik» abestiarekin berarekin: «Asmatu egiten ditugu, besterik gabe. Izenburu bat jarri behar zaiolako. Arrazoi berezirik gabe». Edonola ere, hitz jokoak egiten saiatzen dira, irudimenari bide emanez. Adibidez, Bisonte Bill abestiak Buffalo Bill ehiztariari egiten dio erreferentzia: «Antza denez, Buffalo Billek ez zituen bufaloak harrapatzen, bisonteak baizik».
Diskoa kontzertu emanalditan eta Zarauzko 310 Project dendan eskura daiteke, 5 eurotan. Horretaz aparte, buffaloband.bandcamp.com webgunetik dohainik deskarga daiteke. «Gure asmoa, Buffaloren musika zabaltzea da. Dirua irabaztea ez da gure asmoa, baizik eta ezagutzera ematea». Hurrengo kontzertua Hondarribiko Banako aretoan izango dute, uztarilaren 6an.