Gipuzkoako Foru Aldundiak Solasgunea egitasmo pilotua jarri du abian, hondakinen kudeaketa herritarrek jorra dezaten, eta lehenengo hitzordua Zarautzen egingo dute, ostegunean. Urola Kostako Udal Elkarteak eta Zarauzko Udalak prestatu dute saioa, eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako herritarrek har dezakete parte. Europako hainbat herrialdetan metodologia honen bidez jorratzen dituzte gizarte gai «eztabaidagarriak». Antolatzaileek adierazi dute metodologiak «gaia bere osotasunean» ikusten eta parte hartzaileak «ados jartzen» laguntzen duela.
Osteguneko saiorako Italian egin zuten ekimeneko materiala euskaratu eta egokituko du Elhuyar fundazioak. Zientzia arloan metodologia hori erabili izan du Elhuyarrek, eta fundazioko kideek adierazi dute saioan parte hartzeko ez dagoela gaiaren inguruan «informazio osoa» izan beharrik, parte hartzaileek momentuan jasoko baitituzte datuak eta testigantzak. Horrez gain, eztabaida puntu nagusiak jorratuz, «ikuspuntu anitzak» jasoko dituzte. Horretarako elkarte eta taldeetako ordezkariak parte hartzera gonbidatu dituzte antolatzaileek. Zarauzko merkatu plazako lehenengo solairuan elkartuko dira etzi, 18:30ean, eta parte hartu ahal izateko izena emateko epea bihar amaituko, 12:00etan. Inskribatzeko Urola Kostako Udal Elkartearekin jarri behar da harremanetan, 943-89 08 08 telefonora deituta edo harrera@urolakosta.org helbidera idatzita.
«Talde ikuspuntua»
Elhuyarreko teknikariek azaldu dutenez, «bakoitzak modu erosoan iritzia emateko metodo lagungarria da» Solasgunea. Mahai jokuan oinarrituz, sei eta zortzi lagun arteko taldeak osatuko dituzte, eta askotariko iritziak partekatuz talde-erabaki bat hartzea izango dute helburu.
Saioa faseka eramango dute aurrera. Lehenengoan, partaide bakoitzak mahai-tapiza izango du aurrean, eta txartel batzuen bidez informazioa jasoko du. Bigarren fasean eztabaidatu egingo dute, «talde-ikuspuntu» batera irits daitezen. Azkenik, «jarrera politiko eta sozial bat elkarrekin hartzen» saiatuko dira. Finean, gaiaren inguruan «posizionatzen» lagunduko diete.
Antolatzaileek adierazi dute 50 pertsonak parte hartzeko prestatu dutela saioa, eta eskualdeko elkarteak eta eragileak gonbidatu dituzte. Antolatzaileen arabera, materialak «gaia ikuspuntu askotatik aztertzeko aukera ematen du». Solasgunera joatekoak diren ordezkariei aldez aurretik izena emateko eskatu die, antolatzaileek taldeak antolatu eta azpiegitura prestatu dezaten.
