Igandean Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatuko da Zarautzen, eta dagoeneko guztia prest dute. Egun osoan zehar, askotariko ekimenak izango dira herriko zenbait gunetan: kontzertuak, tailerrak, ikuskizunak, kirol jardunaldiak, 600 lagunentzat herri bazkaria, eta festa, oro har. Guztia, hezkuntza publikoaren alde egindako lana aitortzeko. Hala egin du baita Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik ere: «Zorte handia dugu Zarautzen hezkuntzarekin. Zentro guztiek egunerokoan lan handia egiten dute, herri honentzat hezkuntza eskaintza anitza eta osatua eskainiz. Era berean, hezkuntza zerbitzu publiko oinarrizkoa eta ezinbestekoa dela gogorarazi behar dugu, eta are gehiago murrizketak aipatzen diren garaiotan».
Orokieta herri eskolak, Lizardi eta Monte Albertia institutuek eta Zarauzko haurreskolak , gainerako eskolek bezala, «paper hori egunero, ezin hobeki» egiten dutela gogorarazi du Illarramendik. Hori dela eta, herritar guztiei igandeko festan parte hartzeko dei egin die.
Zerbitzu gehiago
Euskal Eskola Publikoaren Jaia dela- ta, herriko hainbat aparkaleku antolatzaileentzat gordeko dituztela jakinarazi dute. Sor ditzaketen eragozpenengatik barkamena eskatu dute, hortaz.
Bestalde, garraio publikoa baliatzea gomendatu dute antolatzaileek; Eusko Trenek iganderako zerbitzuak areagotu ditu.