Espainiako futboleko hirugarren mailako Lagun Onak eta Zarautz elkarren aurka ariko dira gaur, 20:00etan, Azpeitiko Garmendipeko futbol zelaian.
Lagun Onak futbol klubekoek azaldu dutenez, haientzako oso partida garrantzitsua da gaur jokatuko dutena. «Azpeitiarrontzat, mailari eusteko puntuei begira, partida oso-oso garrantzitsua da gaurkoa». Lagun Onak futbol taldea sailkapeneko 14. postuan dago, 36 punturekin. Zarautz, berriz, azken muturrean dago, 20.ean, 19 punturekin. Joseba Zubizarreta azpeitiarrak zuzentzen du Zarauzko taldea, etadagoeneko ez du mailari eusteko ia aukerarik.
Partidak taldearentzat duen garrantzia kontutan izanda, herriko futbozaleei partidarako deia egin diete: «Ogitartekoa hartu eta Garmendipera etortzera animatu nahi ditugu zaleak eta klubeko partaideak».
Jokalari gazteen debuta
Joan den asteburuan Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldeak «puntuazi oso ona» lortu zuen Zamudioren kontra. «Golen falta izan arren (0-0 egin zuten), partida ona jokatu zuen», esan dute Azpeitiko klubeko arduradunek.
Bizkaiko taldearen aurkako norgehiagokan herriko bi futbolari gaztek titular bezala debuta egin zuten lehen taldean: Joanes Otamendik eta Haritz Alberdik. Haiek egindako lanarekin gustura gelditu dira Lagun Onak-ekoak, «partida oso ona egin zuten biek». Futbol partidaren bigarren zatian, berriz, Azpeitiko beste bi gaztek ordezkatu zituzten Otamendi eta Alberdi; Asier Gorostolak eta Alex Aizpuruk irten zuten joko-zelaira.
Harrobia emaitzak ematen ari dela azaldu dute Azpeitiko futbol klubekoek: «Etorkizuna badago harrobian eta hori benetan poztekoa da, gure partetik zorionak eman nahi dizkiegu denei».