Ostiralean agurtuko dute Joxe Mari Ortiz de Zarate Fonsi. Haren omenezko ekitaldi xumea egingo dute gertuko lagunek eta ezagunek Barren Plazan, 19:00etan. Gaur erraustuko dute. Herenegun zendu zen zarauztarra, 68 urte zituela, etxean.
Aski ezaguna zen Fonsi herrian, kirol munduari egindako ekarpena medio. ZKE Zarauzko Kirol Elkartearekin lotura estua izan zuen: futbol taldeko jokalaria izan zen gaztetan, entrenatzaile lanetan jardun zuen gerora, eta hainbat eta hainbat kirol ekitaldi antolatu zuen. Duela hilabete inguru, Zarauzko Udalak bizitza osoan boluntariotzan jarduteagatik saritu zuen Ortiz de Zarate.
