10 upategitako 600 botila irekiko dituzte Sagardo Egunean, larunbatean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko urt. 17a, 06:00

Zurekin Zarauzko Ostalarien elkarteak antolatuta, Sagardo Eguna izango da larunbatean, txotx denboraldia hasi dela ospatzeko. Bigarren urtez, Gipuzkoako hamar upategitako sagardo berria dastatzeko aukera izango dute herritarrek zein bisitariek. Adunako Aburuzakoa, Aiako Izeta eta Satxotakoa, Astigarragako Arteaga, Lizeaga eta Petritegikoa, Hernaniko Iparragirrekoa, eta Usurbilgo Aginaga, Urdaira eta Saizarkoa. Hala, 600 botila sagardo inguru irekiko dituzte larunbatean. Lau euro ordainduta, edalontzia jasoko dute herritarrek, eta nahi adina sagardo edan eta parrillan erretako txerri saiheski pintxoa jateko aukera izango da, eguerditik aurrera. Aurtengo uzta «iazkoa baino hobea» izan dela nabarmendu dute Aiako Izeta sagardotegiko Sebastian Iruretagoienak eta Usurbilgo Urdaira sagardotegiko Patxi Azkenobietak. Aurten, bertakoez gain, Galiziatik eta Frantziatik ekarritako sagarrak erabili dituzte sagardoa ekoizteko . Omenaldia Egunari hasiera emateko, «hainbat urtean sukaldean lan mordoa egin duten emakumeak» gogoratuko ditu elkarteak. Juanita Illarramendi eta Juanita Ardanza omenduko dituzte. Joshe Mari taberna gidatu zuen bere garaian Illarramendik, baita Itxaski ere. «Guztiok gogoratuko duzue Itxaskin eskaintzen zuten patata tortilla ederra», nabarmendu du Zurekin elkarteko kide Asier Aldalurrek. Ardantzaren «berezitasuna», berriz, txibiak plantxan dira. Marina Txiki eraman zuen Ardantzak, eta egun Basarrin dihardu etxekoandreak. Bi emakumeon ibilbide profesionala aitortuko dute, hala, larunbatean. Goizeko Ihintza txistulari elkarteak eta Motxian Bertso Eskolako kideek girotuko dute ekimena. Eskaintza bereziak [...]

Aurkezpena

Ezkerretik eskuinera, Zurekin elkarteko kide Igor Azpitarte eta Asier Aldalur, Izeta eta Urdaira sagardotegietako Sebastian Iruretagoiena eta Patxi Azkenobieta, eta turismo eta merkataritza zinegotzi Karmele Alberdi, atzo

Zurekin Zarauzko Ostalarien elkarteak antolatuta, Sagardo Eguna izango da larunbatean, txotx denboraldia hasi dela ospatzeko. Bigarren urtez, Gipuzkoako hamar upategitako sagardo berria dastatzeko aukera izango dute herritarrek zein bisitariek. Adunako Aburuzakoa, Aiako Izeta eta Satxotakoa, Astigarragako Arteaga, Lizeaga eta Petritegikoa, Hernaniko Iparragirrekoa, eta Usurbilgo Aginaga, Urdaira eta Saizarkoa.

Hala, 600 botila sagardo inguru irekiko dituzte larunbatean. Lau euro ordainduta, edalontzia jasoko dute herritarrek, eta nahi adina sagardo edan eta parrillan erretako txerri saiheski pintxoa jateko aukera izango da, eguerditik aurrera.
Aurtengo uzta «iazkoa baino hobea» izan dela nabarmendu dute Aiako Izeta sagardotegiko Sebastian Iruretagoienak eta Usurbilgo Urdaira sagardotegiko Patxi Azkenobietak. Aurten, bertakoez gain, Galiziatik eta Frantziatik ekarritako sagarrak erabili dituzte sagardoa ekoizteko .

Omenaldia
Egunari hasiera emateko, «hainbat urtean sukaldean lan mordoa egin duten emakumeak» gogoratuko ditu elkarteak. Juanita Illarramendi eta Juanita Ardanza omenduko dituzte. Joshe Mari taberna gidatu zuen bere garaian Illarramendik, baita Itxaski ere. «Guztiok gogoratuko duzue Itxaskin eskaintzen zuten patata tortilla ederra», nabarmendu du Zurekin elkarteko kide Asier Aldalurrek. Ardantzaren «berezitasuna», berriz, txibiak plantxan dira. Marina Txiki eraman zuen Ardantzak, eta egun Basarrin dihardu etxekoandreak. Bi emakumeon ibilbide profesionala aitortuko dute, hala, larunbatean.
Goizeko Ihintza txistulari elkarteak eta Motxian Bertso Eskolako kideek girotuko dute ekimena.

Eskaintza bereziak
Sagardo dastaketaren ostean, gosez edo egarriz geratu direnek izango dute festarekin jarraitzeko aukera. Izan ere, herriko hainbat tabernek eta jatetxek aperitibo eta bazkari bereziak eskainiko dituzte. Kantabriko, Arrano, Itxaso, Alai, Salegi, Kulixka, Eguzki, Itzala, Bea Zay, Joe, Aldape, Gau Txori, Tivoli, Naparrak, Basarri, Egoki, Xoxoa, Geltoki, Iruña, Itxas Lur, Txiki Polit, Arkupe eta Anima tabernetan, sagardo botila bat eskatuz gero, aperitibo bana jasoko dute, doan.

14:00etatik aurrera, berriz, Zubi Ondo, Santa Barbara, Azpi Enea, Egoki, Txiki Polit, Kirkilla Enea, Kandela, Lagunak, Berazadi Berri, Etxaiz, Euskalduna eta Itxas Lur jatetxeetan sagardotegiko menua eskainiko dute. Saiheskia eskatzen dutenek 20 euro ordaindu beharko dute; txuleta eskatzen dutenek, berriz, 25 euro.

Festa luzatzen baldin bada, bisitariek gaua herrian pasa dezaten, eskaintza berezia prestatu du elkarteak larunbat gauerako. Ildo horretatik, Txiki Polit, Olatu, Norte, Alameda, Gran Camping Zarautz, Camping Talai Mendi, Zarautz, Igerain, Zarautz Playa, Itulazabal, Ekia eta Musika Plazan hartu ahalko da ostatu. Honakoa da prestatu duten eskaintza: aipatu osatuetan bi lagunentzako gaua, gosaria eta Sagardo Egunerako bi txartel, guztia 54 euroren truke.

Turismo eta merkataritza zinegotzi Karmele Alberdik herritarrak Sagardo Egunean parte hartzera gonbidatu ditu. «Zarauztarrak sagardozaleak direla argi dago, eta festan parte hartzera animatzen ditut, egun polita izango baita».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide