«Zineman lanean jarraitu nahiko nuke, eta ahal bada, zuzendari berarekin»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko urt. 12a, 06:05

Hemezortzi urte zituela joan zen Oihan Lopetegi (Zarautz, 1987) Bartzelonara, aktore ikasketak egitera. Ordutik asko aldatu da zarauztar gaztearen bizitza: film arrakastatsu batean hartu du parte, eta ama izan da. Bi urtean, berebiziko bi esperientzia bizi izan ditu, beraz. Bi anai filmaren grabazioaren, estrenaldiaren etapromozioaren ostean eta ama lanak ongi beteta, lanerako pronto dago Lopetegi; prest eta gogotsu. Epe laburrera beste film batean antzeztea  gustatuko litzaioke, eta, ahal bada,  Imanol Rayoren—Bi anai filmeko zuzendaria— gidaritzapean. Bi anai filma grabatzea, beraz, esperientzia paregabea izan da zuretzat. Bai, dudarik gabe. Imanol Rayo zuzendariarekin lan egitea zoragarria izan da. Hasiera-hasieratik oso argi zituen ideiak, bazekien nondik nora bideratu nahi zuen filma, eta horrek asko lagundu zigun aktoreoi.Normalean ez da halakorik gertatzen, nik ez nuen inoiz halako paperik egin. Hain justu, Bi anai filmean parte hartuko nuela jakin aurretik, Unas polaroid explicitas antzezlana egin nuen. Nadia zuen izena nire pertsonaiak, eta streaper-a zen, drogazale ohia eta nahiko naïf-a. Carmen—Bi anai filman egiten duen papera— oso bestelako pertsonaia da. Nik, eta oro har aktore guztiok, ezin genuen nahi bezainbeste keinu egin, ezin genuen behar baino gehiago antzeztu… Rayok ez zuen nahi, nolabait esateko, pertsonaiak bizirik egotea.  Oso pertsonaia lauak dira, apalak, neutroak. Eta erraza egin [...]

Lopetegi

Oihan Lopetegi aktore zarauztarra

Hemezortzi urte zituela joan zen Oihan Lopetegi (Zarautz, 1987) Bartzelonara, aktore ikasketak egitera. Ordutik asko aldatu da zarauztar gaztearen bizitza: film arrakastatsu batean hartu du parte, eta ama izan da. Bi urtean, berebiziko bi esperientzia bizi izan ditu, beraz. Bi anai filmaren grabazioaren, estrenaldiaren etapromozioaren ostean eta ama lanak ongi beteta, lanerako pronto dago Lopetegi; prest eta gogotsu. Epe laburrera beste film batean antzeztea  gustatuko litzaioke, eta, ahal bada,  Imanol Rayoren—Bi anai filmeko zuzendaria— gidaritzapean.

Bi anai filma grabatzea, beraz, esperientzia paregabea izan da zuretzat.
Bai, dudarik gabe. Imanol Rayo zuzendariarekin lan egitea zoragarria izan da. Hasiera-hasieratik oso argi zituen ideiak, bazekien nondik nora bideratu nahi zuen filma, eta horrek asko lagundu zigun aktoreoi.Normalean ez da halakorik gertatzen, nik ez nuen inoiz halako paperik egin. Hain justu, Bi anai filmean parte hartuko nuela jakin aurretik, Unas polaroid explicitas antzezlana egin nuen. Nadia zuen izena nire pertsonaiak, eta streaper-a zen, drogazale ohia eta nahiko naïf-a.
Carmen—Bi anai filman egiten duen papera— oso bestelako pertsonaia da. Nik, eta oro har aktore guztiok, ezin genuen nahi bezainbeste keinu egin, ezin genuen behar baino gehiago antzeztu… Rayok ez zuen nahi, nolabait esateko, pertsonaiak bizirik egotea.  Oso pertsonaia lauak dira, apalak, neutroak.

Eta erraza egin al zitzaizun Carmenen papera egitea?
Hasieran oso zaila egin zitzaidan Carmenen papera egitea, zuzendariak eskatzen zidana ulertu nuen arte. Naturala izateko eskatzen zidan Rayok, eta nik ahalik eta modu naturalenean antzezten nuen. Azkenean, hitz bat esan zidan, eta ulertu nuen zer adierazi nahi zidan. Ordutik aurrera bestelako ikuspuntu batetik ikusi nuen pertsonaia.

Gogoratzen dut grabatzen ari ginela begiko min izugarria izaten nuela, barruan nuen guztia begiekin adierazten bainuen.  Bestalde, elkarrizketa asko banuen ere, hitz egiterakoan ere ezin nuen sentimenturik azaleratu; oso modu linealean hitz egin behar nuen.

Nola prestatu zenuen papera?
Hitzez hitz ikasi nuen gidoia, buruz. Horrela, antzezterakoan ez nuen «intentziorik» jartzen, nire pertsonaia ahalik eta lauena izan zedin. Kuriosoa da. Izan ere, nik Bartzelonan Stanislavsky metodoa ikasi nuen; hau da, hitz bakoitzari indarra ematen, garra, intentzioa.

Hori dela eta, casting-a egitera joan nintzenean nire agente Loinaz Jauregik zera esan zidan: «Pentsa ezazu gaur gauean zer afalduko duzun, eta esan». Eta halaxe egin nuen. «Horrela egitea nahi dut» esan zidan zuzendariak.

Hala ere, entseguak izan ziren gakoa. Lau protagonistok—Bingen Elortza, Aitor Coteron, Loreto Mauleon eta lauok— elkartu, eta zuzendariak esandakoak behin eta berriz errepikatzen genituen. Gerora, pertsonaiaren azalean sartzen hasten zara, hark bezala pentsatzen duzu. Nik neure kasa lortu nuen hori.

Lehen aldia al da film batean parte hartzen duzuna?
Bai, nire lehenengo filma izan da Bi anai. Hainbat antzezlan eta laburmetraitan hartu dut parte, baita bideoklip batean ere. Nahiko amateur-ak ziren, ordea.

Izan ere, ikasten zabiltzanean baliabide gutxi izaten dira, eta ez dizute ordaintzen. Hala ere, ezin duzu aukera galdu, esperientzia irabazteko baliagarriak baitira.

Aurrez, zer-nolako lanak egin dituzu?
Laburmetraiei dagokionez, zenbait unibertsitatek sorturiko lanetan antzeztu dut. Bestalde, Badalonako Mandala taldearen bideoklipean hartu nuen parte. Eta azkenik, askotariko antzerkietan egin dut lan, Unas polaroid explicitas eta Romeo y Julieta, besteak beste.

Zer moduz moldatu zara alor bakoitzean?
Antzerkia gustatzen zait, baina, egia esan, beldur pixka bat ere badiot. Azken antzezlana ez zen nik nahi bezala atera, eta sentsazio gazi-gozoa geratu zitzaidan. Prozesu guztia oso ongi joan zen, oso gustura jardun nuen lanean, baina estreinaldia bestelakoa izan zen. Oso perfekzionista naiz, eta ez nintzen gustura geratu emaitzarekin. Hala ere, gogoa dut beste antzezlanen bat egiteko, aipatu arantza kentzeko, behinik behin.

Eta zein diziplina duzu nahiago?
Zinema, dudarik gabe. Hala ere, prozesua ez zait gehiegi gustatzen. Motela da oso, makillaje probak egin behar dira, argia neurtu…Ordu asko pasatzen dira kontu horietan. Gainera, saltoka grabatzen dira eszenak. Agian filmaren amaierako eskena grabatzen da lehenbizi, gero lehena…Niri guztia jarraian egitea gustatzen zait, antzerkian bezala. Hala ere, behin filma bukatuta, emaitza asko gustatzen zait.

Etorkizunean, beraz, zineman lanean jarraitu n ahi al zenuke? Zein proeiktu dituzu etorkizunerako?
Herenegun esan nion Loinazi dagoeneko prest nengoela lanean hasteko. Gogoa dut, egia esan. Alabak hilabete eta erdi bete ditu, eta lanean hasteko irrikitan nago. Ea zerbait ateratzen zaidan. Izan ere, nire alorrean ez dago lan gehiegi.

Krisiak ere eragin dio, beraz, zinemagintzari.
Egia esan, une honetan oso geldirik dago guztia. Euskal Herrian lanik topatzen ez badut, atzerrira begiratu beharko dut. Tokiora edota Parisera joan behar baldin badut, bada joango naiz. Agian aukera gehiago izan ditzaket Euskal Herritik kanpo, auskalo. Madrilen ere egoera ez da batere ona; lehen lan eskaintza asko jasotze zituen jendeak egun ez du lanik.
Nik zineman jarraitu nahiko nuke lanean, eta ahal bada, zuzendari berarekin. Hala ere, ez dut ezer baztertzen. Telesail batean lan egiteko aukera ematen badidate, ni prest. Entrenamendu ona izan daiteke: egunero kamera aurrean ordu asko igaro, egunero gidoiak ikasi… Horretarako ere badut gogoa. Gainera, ez dut inoiz telesail batean lan egin, eta probatzeko gogoa daukat.

Zein motatako filmak egitea gustatuko litzaizuke?
Denetarik gustatzen zait, baina neure burua film dramatikoetan ikusten dut, gehienbat. Bestelako generotako filmeekin baino gehiago ikasteko aukera ematen dute film dramatikoek. Beldurrezkoak ere asko gustatzen zaizkit, txiki-txikitatik. Ilusio handia egingo lidake, esaterako, beldurrezko luzemetrai japoniar batean parte hartzeak.

Komediaren bat ere egingo nuke. Ez dut inoiz halako paperik egin. Normalean, paper tristeak egiteko deitzen didate, eztiak edo gisa horretakoak.

Alde horretatik, genero horretara mugatzeak beldurra ematen al dizu?
Aktore guztiok diogu horri beldurra . Baina hori norberaren esku dagoela uste dut. Eskaintzen dizuten paperen bat gustatzen ez bazaizu, aske zara ezetz esateko. Norberaren egoeraren arabera hartu behar dira erabakiak. Ni, esaterako, prest nago edozein generotan lan egiteko. Baita film komertzialetan ere. Hala ere, nahiago dut bestelako filmeren batean parte hartu; izan ere, sekulako beldurra diot ezaguna izateari. Badakit aktore izanda zaila dela hori ekiditea, baina lasai bizi nahiko nuke, behinik behin . Nire lagun batek Tokiotik alde egin behar izan zuen, ezin baitzuen etxetik atera ere egin. Ez dut halakorik niri geratzerik nahi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide