Arreta desbideratu nahi izatea egotzi dio Bilduk EAJri, sahiesbidearen auzian

Zarauzko Hitza 2011ko irailaren 7a

Bilduk saihesbidearen lanen atzerapenaren aurrean EAJk izan duen jarrera salatu du: «Urak nahasteko gogoa eta alarma piztea besterik ez dela uste dugu». Lan horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapekoak direla nabarmendu du koalizioak, eta EAJk eskabideak dagokion erakundari egin behar dizkiola adierazi. Pasa den astean EAJko bozeramaile Imanol Lasak Udal Gobernuari ezohiko bilkura deitzeko eskatu zion, Aldundiak hartutako erabakia eztabaidatze aldera. «Proiektuan atzerapausoak ematea ekidin behar dugu. Horretarako beharrezkoa da udal talde guztiak ados jartzea eta indarrak batzea. Bilduri dagokio presioa egitea, proiektua bertan behera gera ez dadin», adierazi zuen ordezkari jeltzaleak. «EAJk eskubide osoa du ezohiko udalbatzarra eskatzeko sahiesbidearen proiektua aztertzeko, edota nahi duen gai oro lantzeko. Baina zarauztarrek jakin behar dute, EAJk eskatzen duen ezohiko udalbatzarra burutzeak 2.800 euroko kostua izango duela, eta hori herritar guztien sakeletatik ordainduko dela», erantzun dute Bilduko kideek. Proiektua geldirik Bestalde, EAJk «bederatzi urtetan egin ez duena Bilduri 90 egunetan egiteko» eskatu izana leporatu dio koalizioak. Hala, proiektua aurrera eramateko «nahikoa denbora» izan duela nabarmendu du. Bilduren arabera, 2002an ekin zioten proiektuari, eta 2005ean jendaurrean jarri zen proposamena. Hiru urteren buruan, orduko alkate Jon Urien Eneko Goia (EAJ) Aldundiko Errepide arduradunarekin bildu zen egitasmoaren nondik norakoak ezagutzeko. «Besteak beste, Joxe Joan Gonzalez Txabarri eta [...]

Bilduk saihesbidearen lanen atzerapenaren aurrean EAJk izan duen jarrera salatu du: «Urak nahasteko gogoa eta alarma piztea besterik ez dela uste dugu». Lan horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapekoak direla nabarmendu du koalizioak, eta EAJk eskabideak dagokion erakundari egin behar dizkiola adierazi.
Pasa den astean EAJko bozeramaile Imanol Lasak Udal Gobernuari ezohiko bilkura deitzeko eskatu zion, Aldundiak hartutako erabakia eztabaidatze aldera. «Proiektuan atzerapausoak ematea ekidin behar dugu. Horretarako beharrezkoa da udal talde guztiak ados jartzea eta indarrak batzea. Bilduri dagokio presioa egitea, proiektua bertan behera gera ez dadin», adierazi zuen ordezkari jeltzaleak.
«EAJk eskubide osoa du ezohiko udalbatzarra eskatzeko sahiesbidearen proiektua aztertzeko, edota nahi duen gai oro lantzeko. Baina zarauztarrek jakin behar dute, EAJk eskatzen duen ezohiko udalbatzarra burutzeak 2.800 euroko kostua izango duela, eta hori herritar guztien sakeletatik ordainduko dela», erantzun dute Bilduko kideek.
Proiektua geldirik
Bestalde, EAJk «bederatzi urtetan egin ez duena Bilduri 90 egunetan egiteko» eskatu izana leporatu dio koalizioak. Hala, proiektua aurrera eramateko «nahikoa denbora» izan duela nabarmendu du. Bilduren arabera, 2002an ekin zioten proiektuari, eta 2005ean jendaurrean jarri zen proposamena. Hiru urteren buruan, orduko alkate Jon Urien Eneko Goia (EAJ) Aldundiko Errepide arduradunarekin bildu zen egitasmoaren nondik norakoak ezagutzeko. «Besteak beste, Joxe Joan Gonzalez Txabarri eta Markel Olanok, biak EAJko ahaldun nagusiak, izan dute proiektu hau mahai gainean, eta biek izan dute geldirik», dio.
Bestalde, EAJri Aldundiaren erabakia «testuinguruan jartzea ahaztu» zaiola nabarmendu du Bilduk: «Ahaztu egin nahi du Olanok 101 milioi euroko desfasea utzi duela oinordetzan. Lasak bere talde politikoak Aldundian utzi duen zulo izugarria ezkutatu nahi du, begiradak beste norabait bideratuz». Bilduk «ardura nagusiki» EAJrena dela nabarmendu du: «Bildu EAJk Gipuzkoako Foru Aldundian utzitako zor eta desastreak kudeatzen ari da ahalik eta ongien».
Ildo horretatik, Lasa «beste behin agerian geratu» dela esan du. «Harro erakutsi zituen egitasmoa aurrera eramango zeneko paperak Hitzak hauteskunde kanpainan antolatuko mahai inguruan, diru publikoarekin ordaintzen dena alderdi jakin baten lorpena balitz bezala, azkenean horrela ere izan ez denean», nabarmendu du: «Lasaren promesak ezerezean geratu dira beste behin ere. Proiektua EAJko foru ahaldunen esku egon denean eta hauek geldirik izan dutenean besteei leporatu nahi die beren enegarren porrota».
EAJk proiektua idatzi zenean alderdi politiko ezberdinek egindako proposamenei eta herritar ugariren desadostasunei «muzin egin» ziela gogoratu du koalizioak. «Orain proiektu osoa berraztertzeko aukera dugu, inplikatuta dauden eragile guztiekin hitz eginez, aukera bideragarri bat aurrera eraman ahal izateko», gaineratu dute Bilduko ordezkariek.
Doako autobidea
Bilduk «ez du zalantzan jartzen» N-634 errepidearen Zarautz barneko zatia ibilgailuz arintzeak herriari egingo lioken mesedea. «Gure ustetan, ordea, saihesbidea egiteak ez du merezi, parez pare A-8 autobidea izanda». Hori dela eta, autobideari hirugarren erraia gehitu, eta doaneko izatea proposatu du Bilduk. «Ez dago eragozpen tekniko handirik autobidea herriko saihesbide bihurtzeko, eta, hala, N-634 errepidearen herri barneko zatia arintzeko», dio.
Gainera, A-8 autobidea herriaren «garapen naturala oztopatzen duen hesia» dela gaineratu du: «Laster, hesi hori astunagoa izango da, alde banatan hirugarren erraia erantsiko zaionez. Autobidearen paralelo gisara bigarren hesi bat jarri behar bada saihesbidea egiteko, herriaren garapena are gehiago zailduko da». Era berean, balizko mesedea baino lanen ondorioz egingo den «kaltea handiagoa» izango dela azaldu du Bilduk: «Zarautzen hiritartu gabe geratzen diren lurrak balio handikoak dira, baita saihesbideak zeharkatuko lituzkeenak ere».
Ez du funtzioa betetzen
Bilduk saihesbideak bere funtzioa ez duela betetzen esan du, «Azpeitiaranzko bidean amaitzen» baita, Vista Alegre auzoaren azpian, hain zuzen: «Gainera, arazoa konponduko lukeen balizko tunela ez dago proiektuan sartuta. Saihesbide honek arazoak alde batetik kendu eta bestean jartzen ditu».
«Lasak eta EAJ alderdiak oraindik porrot ekonomikora bideratu gaituen hormigoiaren kulturan ainguratuta jarraitzen du. Orain inbertsio nagusiak zarauztarrak dira, eta ez munta handia duten eta ingurumenean kalte egingo duten egitasmoak», dio.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide