Hilaren 26ra bitartean surfari lotutako giroa nagusituko da Zarautzen. Izan ere, urtero legez, Zinematik Surfing jaialdia antolatu dute egun horietarako. Hala, kirol horren inguruko luzemetraiak eta laburmetraiak emango dituzte Beraza gunean. Aurrez zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Saio bakoitzari amaiera borobila ematearren, DJ saioak izango dira Dada tabernan.
Etzi, esaterako, Dante Place taldearen musika izango da zuzenean, Beraza gunean. Jarraian, The nias theory (Igor Bellido) eta Skate (Manex Aranburu) laburmetraiak eskainiko dituzte. Horrez gain, One California day (Mark Jeremias eta Jason Baffa) luzemetraia ere eskainiko dute, Beraza gunean. Gauerditik aurrera Axel disko jartzaileak girotuko du Dada taberna.
Egitaraua
Abuztuak 26, ostirala. Azken saioa
20:00. Manett taldearen
musika zuzenean, Beraza gunean.
22:00. Laburmetrai emanaldia: Fin Tree (Ion Eizagirre), Txoria txori (Hermanos Aguas) eta Still (Yari Abousali). Horrez gain, The endless summer (Bruce Brown) luzemetraia ere eskainiko dute, Beraza gunean.
00:00. Zinematik DJ saioa: DJ Katza, Dada tabernan.