Zaletasunak ez du etenik

Zarauzko Hitza 2011ko uztailaren 27a

Ohikoa da Ramon Serras malekoian ikustea, argazki kamera eskuan duela. Harentzat zaletasunak ez du etenik, ezta irudimenak ere. Zarauztarrak betidanik izan du argazkiak ateratzeko grina, eta irudimena aldeko, aitzindari izan da argazkigintzaren hainbat esparrutan. Hala, argazkiak ateratzeaz gain, beste hainbat alorretatik bultzatu du Serrasek argazkigintza. Bederatzi urte daramatza, esaterako, Euskalduna tabernan argazki erakusketak antolatzen. Urtean hamaika erakusketa prestatzen ditu, hala. «Herriko gazteen lanak erakusteko eskenatoki egokia da», dio. Hasiberrientzat soilik ez, ordea. 100. erakusketan eskarmentu handidun argazkilari baten lanak jarri dituzte ikusgai, Serras berarenak, hain zuzen. Bertan 2004an polaroid kamerarekin ateratako irudiekin osatutako Zarautz izeneko liburuko lanak izango dira ikusgai. «Lau gai biltzen ditu liburuak: Zarauzko erakinak, ur ertza, itsas pasealekua eta toldoak. Pello Esnalek gai bakoitzari sarreratxoa egin zion, poema bitartez». Hilabete honetan zehar bisitatu ahalko dira argazkilari aitzindariaren lanak, Kale Nagusiko tabernan. Argazkigintza errotzen Aitzindaria izan da Serras. Bera izan zen argazki bidez Zarauzko neguari «argitasuna eman» ziona, hain zuzen. «Hasi ginenean herrian ez zegoen lekurik erakusketak egiteko. Neguan iluntasuna zen nagusi». Zarauzko Argazkilari Elkartea sortu zuen, eta Torre Luzean eta Sanz Enean lehenengo erakusketak antolatu zituen, neguan zein udan. Eta pixkanaka-pixkanaka argazkigintza zabaltzen joan da herrian. «Lan handia egiten genuen, eta pixkanaka argazkigintza Zarautzen errotzen hasi ginen. [...]

Ohikoa da Ramon Serras malekoian ikustea, argazki kamera eskuan duela. Harentzat zaletasunak ez du etenik, ezta irudimenak ere. Zarauztarrak betidanik izan du argazkiak ateratzeko grina, eta irudimena aldeko, aitzindari izan da argazkigintzaren hainbat esparrutan.
Hala, argazkiak ateratzeaz gain, beste hainbat alorretatik bultzatu du Serrasek argazkigintza. Bederatzi urte daramatza, esaterako, Euskalduna tabernan argazki erakusketak antolatzen. Urtean hamaika erakusketa prestatzen ditu, hala. «Herriko gazteen lanak erakusteko eskenatoki egokia da», dio. Hasiberrientzat soilik ez, ordea. 100. erakusketan eskarmentu handidun argazkilari baten lanak jarri dituzte ikusgai, Serras berarenak, hain zuzen.
Bertan 2004an polaroid kamerarekin ateratako irudiekin osatutako Zarautz izeneko liburuko lanak izango dira ikusgai. «Lau gai biltzen ditu liburuak: Zarauzko erakinak, ur ertza, itsas pasealekua eta toldoak. Pello Esnalek gai bakoitzari sarreratxoa egin zion, poema bitartez». Hilabete honetan zehar bisitatu ahalko dira argazkilari aitzindariaren lanak, Kale Nagusiko tabernan.
Argazkigintza errotzen
Aitzindaria izan da Serras. Bera izan zen argazki bidez Zarauzko neguari «argitasuna eman» ziona, hain zuzen. «Hasi ginenean herrian ez zegoen lekurik erakusketak egiteko. Neguan iluntasuna zen nagusi». Zarauzko Argazkilari Elkartea sortu zuen, eta Torre Luzean eta Sanz Enean lehenengo erakusketak antolatu zituen, neguan zein udan. Eta pixkanaka-pixkanaka argazkigintza zabaltzen joan da herrian. «Lan handia egiten genuen, eta pixkanaka argazkigintza Zarautzen errotzen hasi ginen. Eta begira noraino iritsi garen. Gaur Zarautz argazkigintzan erreferente da», dio.
Horren adibide da Photomuseuma. 1992an zabaldu zuen, Leopoldo Zuazarekin batera. «Leopoldorekin harremana nuen aurrez. Garai hartan BBKako Kultura Saileko arduraduna zen, eta familiako gozotegira etorri zitzaidan, Donostiako Argazkilari Elkartean erakusketa bat antolatu nuela jakin zuela eta Bizkaian zehar erakutsi nahi zuela esanez», azaldu du. Hala, Serrasen argazkiak bi urtean ikusgai egon ziren Bizkaiko hainbat aretotan, «orduan erreferente zen» Durangoko Arte eta Historia Museoan eta Bilboko Arte Ederretako Museoan, esaterako.
Gerora, 1984an Ikuspen Udazken Fotografikoa argitalpenean argitaratu zituzten haren lanak: «Poz handia eman zidan horrek; izan ere, izen handiko argazkilarien irudiekin batera kaleratu baitzituzten nire argazkiak».
Elkarlan horretatik sortu zen Zarautzen argazkigintzari eskainitako espazioa zabaltzearen ideia. «Egun Euskal Herrian zein Espainia mailan argazkigintzari lotutako museo bakarra da Photomuseum», dio. Horrek «asko betetzen» du Serras: «Herriaren eta herriarentzat lekuko ederra da museoa. Horrek asko betetzen nau».

Txikitatik izan du Serrasek argazkigintzarenganako zaletasuna. «Beti izan dugu etxean argazki kameraren bat. Aita ere zaletua zen, eta harengandik datorkit afizioa. Serio-serio, ordea, 1978an hasi nintzen. Emazteak eta biok errebelatzeko makina bat erosi genuen eta urtebeteren ostean Zarauzko Argazkilari Elkartea sortu genuen». Hala ere, berak zaletasun gisa hartu du beti bere jarduera , ez du «ofizio bihurtu nahi izan». Horrek hainbat teknika lantzeko aukera eman dio, eta alderdi hori garatu izan du urteetan zehar.
Hala, zenbait alderditan aitzindari izatea lortu du zarauztarrak. Bera izan da, esaterako, argazkiak koloretan errebelatu zituen Gipuzkoan lehenetariko argazkilaria: «Orduan jende gutxik egiten zuen lan kolorearekin. Frantzian erosten genituen gaiak, merkeagoak baitziren». Horri esker, Donostiako San Telmo museoko bi areto kolorez bete zituen Serrasek: «Emaztea modelo gisa hartuta, Euskal Herriko hainbat txokoren irudiak hartu, eta bi areto bete».
Bertako erakustokiez gain, nazioarteko aretoak ere bete ditu argazkilari zarauztarrak: Ourenseko Udal Museoa eta Lugoko Museoa (Galizia), Renoko Reader Galeria, Nevadako Museoa eta Coloradoko Unibertsitateko Galeria (AEB Amerikako Estatu Batuak), Trevisokoa (Italia) eta Austriako Photo Escule, besteak beste. «Garai hartan Euskal Herria irla bat zen; kanpoan egiten zena ez genuen ezagutzen. Nik, ordea, beti izan dut beste ikuspegi bat, eta aldizkari eta liburu asko erosten nituen Euskal Herritik kanpoko arte mugimenduez-eta hausnartzeko . Beste mundu batean sartu nintzen». Ikuspegi horri esker, 100 saritik gora irabazi du nazioartean.
Horrez gain, goi mailako argazkigintzako hiru titulu jaso zituen hiru urtean: FIAB, EFIAB eta EFTI. Azken hori, arrantza deskargaren inguruko lan bat eginda lortu zuen. «Gozotegitik atera eta arratsaldean Getariara joaten nintzen, antxoa-eta nola ateratzen zuten irudikatzera. Polaroid kamerarekin ateratako argazkiak hartu, eta bero zeuden bitartean, marraztu egiten nuen haien gainean». EFTI titulua eskuratze aldera, polaroid irudiak aurkeztu zituen lehenengo argazkilaria izan zen Serras: «Maila horretan ere aitzindari izan nintzen».
Tokiko aberastasuna
Serrasek parte nazioarteko argazki lehiaketetako epaimahaikide gisa askotan hartu izan du. «Badirudi kanpokoak, exotikoak, arrakasta handiagoa duela bertako irudiek baino. Bertan ere badago aberastasunik», adierazi du. Zarauztarrak nahiago du jaioterritik gertu dauden eskenatokiak islatu: «Buruari bueltak emanda, argazki ikusgarriak atera daitezke herrian bertan. Nire helburua argazkiak atera eta Zarauzko artxibo handia egitea da, gure oinordekoek egungo Zarautz ahalik eta ondoen gogora dezaten».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide