Kontsumo iraunkorra sustatzeko Ekobira azoka antolatu dute etzirako

Zarauzko Hitza 2011ko uztailaren 21a

Kutxa Ekoguneak antolatuta, Ekobira kontsumo iraunkorraren azoka ibiltaria Zarautzera iritsiko da larunbatean. Lege Zaharren Enparantzan 30 bat erakusmahai jarriko dituzte, «kontsumo arduratsuaren eta berrerabiltzearen garrantzia gizarteratzeko asmoz». Ekoguneko arduradun Zuriñe Sanchezek jakinarazi duenez, ingurumenari «ahalik eta kalte gutxien» egiten dion kontsumitzeko modua sustatuko dute ekimenaren bitartez: «Kontsumitzeko beste modu bat posible dela egiaztatu ahalko dute herritarrek». Agenda 21eko zinegotzi Jabier Etxabururen arabera, baserriko produktuak eta bestelako jakiak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Horrez gain, eskulangileek material birziklagarriekin sortutako lanak izango dira ikusgai, eta energia berriztagarriekin lan egiten duten enpresek produktu jasangarriak erakutsiko dituzte. Besteak beste, olio erabilia birziklatzeko sistema berritzailea duen Eko3r enpresak, eguzki energian eta ingurumen hezkuntzan diharduen Garbitek enpresa, Garbi xaboi naturalak eta material birziklatuen bidez bisuteria sortzen duen Emakume Sortzaileen Elkarteak postua zabalduko dute larunbatean, goizez 11:00-14:00 bitartean, eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara. Era berean, Zarauzko bestelako proiektuak edota produktu ekologikoen ekoizpena ezagutzera emateko gunea ere izango da Ekobira. Ildo horretatik, Zarautz Zero Zabor taldeak eta Biolurek bat egin dute ekimenarekin. «Maiatzean jasangarritasun azoka antolatu genuen, zero zabor filosofia zabaldu eta hondakinak kudeatzeko beste eredu bat plazaratzeko asmoz. Lehenengo azoka horrek izandako harrera ona ikusita, Ekobiran parte hartzea erabaki dugu», adierazi zuen Zero Zaborreko kide [...]

Kutxa Ekoguneak antolatuta, Ekobira kontsumo iraunkorraren azoka ibiltaria Zarautzera iritsiko da larunbatean. Lege Zaharren Enparantzan 30 bat erakusmahai jarriko dituzte, «kontsumo arduratsuaren eta berrerabiltzearen garrantzia gizarteratzeko asmoz».
Ekoguneko arduradun Zuriñe Sanchezek jakinarazi duenez, ingurumenari «ahalik eta kalte gutxien» egiten dion kontsumitzeko modua sustatuko dute ekimenaren bitartez: «Kontsumitzeko beste modu bat posible dela egiaztatu ahalko dute herritarrek».
Agenda 21eko zinegotzi Jabier Etxabururen arabera, baserriko produktuak eta bestelako jakiak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Horrez gain, eskulangileek material birziklagarriekin sortutako lanak izango dira ikusgai, eta energia berriztagarriekin lan egiten duten enpresek produktu jasangarriak erakutsiko dituzte. Besteak beste, olio erabilia birziklatzeko sistema berritzailea duen Eko3r enpresak, eguzki energian eta ingurumen hezkuntzan diharduen Garbitek enpresa, Garbi xaboi naturalak eta material birziklatuen bidez bisuteria sortzen duen Emakume Sortzaileen Elkarteak postua zabalduko dute larunbatean, goizez 11:00-14:00 bitartean, eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara.

Era berean, Zarauzko bestelako proiektuak edota produktu ekologikoen ekoizpena ezagutzera emateko gunea ere izango da Ekobira. Ildo horretatik, Zarautz Zero Zabor taldeak eta Biolurek bat egin dute ekimenarekin. «Maiatzean jasangarritasun azoka antolatu genuen, zero zabor filosofia zabaldu eta hondakinak kudeatzeko beste eredu bat plazaratzeko asmoz. Lehenengo azoka horrek izandako harrera ona ikusita, Ekobiran parte hartzea erabaki dugu», adierazi zuen Zero Zaborreko kide Ainhoa Iraolak.
Hala, «hondakinak kudeatzerako orduan norbanakoen osasuna kontuan hartuko duen, ingurumena errespetatuko duen, eta ekonomia sozialagoa landuko duen» ereduaren erakusleiho izango den stand-a jarriko dute taldekideek larunbatean. Bertan, hondakinen gaikako bilketa eta konposta bidezko trataera azalduko dute. Atez ateko bilketari buruzko informazio panelak ere zintzilikatuko dituzte. Ildo horretatik, zero zabor eta hondakinen bilketa eredu horren inguruko zalantzak argitu, eta ekarpenak egin ahal izango dituzte herritarrek.
Bestalde, doako postua jarriko dute. Hori dela eta, herritarrek behar ez dituzten produktuak utzi ahalko dituzte bertan, eta behar dituztenak doan jaso.
Txikientzat txokoa
Txikienek ere gozatuko dute azokako jarduerez; izan ere, haiei zuzendutako tailer ugari izango dira, ikasi eta jolas dezaten, aldi berean. «Ingurumena eta ekologia haurtzarotik hasten dira ikasten», nabarmendu du Sanchezek.
Bestalde, Ekoguneak antolatuko dituen bederatzi azoketan—Donostian, Errenterian eta Arrasaten egin zituzten lehenengoak; Legazpin eta Tolosan izango dira hurrengoak, eta Donostian amaituko da bira–— martxan izango den enkantean parte hartu ahalko dute herritarrek. Enkantean bisitariek euren eskaintzak aurkeztu ahalko dituzte kirol, musika, gastronomia, kultura eta telebistako pertsonaia ospetsuak emandako elementuak eskuratze aldera. Hala, besteak beste, Juan Mari Arzaken eta Karlos Argiñanoren sukalde jakatxoak, Txirri, Mirri eta Txiribitonen sudurrak eta turuta, eta Julian Iantziren El Conquistador del Mundo saioko elastikoa eskuratuko ditu eskaintza onena egiten duenak.
Bildutako dirua Emausi emango diote, Nokoue (Benin) inguruko herri batera bideratzeko, energia berriztagarrien bidez argindarra sortzen laguntzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide