«Oro har, egunaren inguruko balorazio oso positiboa egin dugu», jakinarazi du Marasmako kide Jon Arangurenek, I. Gazte Xaparradari buruz. Gazteek euren artean kezka komunez eztabaidatzeko asmoz antolatu zuten larunbaterako. Talde txikitan antolatuta, kulturaz eta euskaraz, feminismoaz, etxebizitzaz, ikasle mugimenduaz eta kirolaz jardun zuten, herriko hainbat gunetan sakabanatuta. Guztira, 40 bat lagun elkartu ziren, eta tailerrak aurreikusi bezala joan ziren, «ongi», alegia.
Jende gehien bildu zuten tailerrak etxebizitzaren eta aisialdiaren ingurukoak izan ziren. Era berean, kulturaren eta aisialdiaren alorrean «ondorio garbiak» atera zituzten. «Herrian kultur mugimendu informatiboa falta dela ondorioztatu dugu, agenda moduko bat. Horrez gain, kultura jorratzeko azpiegiturarik ere ez dago, eta kultur sare baten beharra dagoela ikusi dugu», adierazi du Arangurenek. Hori dela eta, kultur sare propioa osatzea dute helburu Marasmako kideek.
Lantzeko konpromisoa
Bestalde, gazteen artean «aisialdi kontsumista» nabarmentzen dela gehitu du: «Zarautzen ekimenetan parte hartzeko joera handia dago, baina parte hartze pasiboaz gain, aktiboa bultzatu behar da. Ekimenak antolatu behar dira. Horren eredu da gaztetxea. Horregatik, haren erabilera sustatu behar da».
Behin ondorioak bilduta, beste hainbat batzar egingo dituzte mugimenduko kideek aurrera begirako ekinbideak zehazteko. «Bilkurak egingo ditugu etorkizunean ateratako ondorioei nola erantzun zehazteko», dio.