«Txiki-txikitatik musika ikasi ez izana da dudan pena handiena»

Zarauzko Hitza 2011ko uztailaren 15a

Musika poesiaren iturri gisa eta poesia musikaren iturri gisa. Hori dio Iñaki Portillak (Casares, Espainia, 1953). Ez daki musikaz, baina ezin du hura gabe bizi. Ezta poesiarik gabe ere. Poesiaz eta musikaz haratago, isiltasuna maite du, isiltasunik gabe ezin baitu musikaz edota poesiaz gozatu. Zarautzen bizi den psikologo-psikoterapeuta kantabriarrak bigarren poesia liburua kaleratu berri du: Sonidos, Silencios, Graves, Agudos, Musica, Canciones (Soinuak, Isiltasunak, Behe-soinuak, Goi-soinuak, Musika, Abestiak) . Bihar aurkeztuko du jendaurrean. Musikaren eta poesiaren arteko loturaz idatzi duzu. Posible al da musika poesiarik gabe ulertzea, edota alderantziz? Ez, odoleko ahaideak dira. Ezin da bata bestea gabe ulertu. Soinu asko daude bizitzan, baina isiltasuna ere zabala da, eta isiltasun horretatik abiatuta ere musika sortzen da. Ruidoso amor poeman idatzi nuen gisan: No es que le falte el sonido, es que tiene el silencio (Ez zaio soinua falta, isiltasuna du, baizik). Isiltasunak musikara garamatza, eta alderantziz. Isiltasuna nahitaezkoa da musika edota poesia behar bezala gozatzeko. Musikaz ez dakizula diozu. Poesia baliatu al duzu hutsune hori betetzeko ? Hori da daukadan pena handiena, txikitatik musika ikasi ez izana, alegia. Maite dut musika, ezin dut hura gabe bizi. Arnasa hartzea bezain garrantzitsua da niretzat. Horregatik, musika sortu ezinagatik, poesian zentratu naiz. Barrua beteko [...]

Musika poesiaren iturri gisa eta poesia musikaren iturri gisa. Hori dio Iñaki Portillak (Casares, Espainia, 1953). Ez daki musikaz, baina ezin du hura gabe bizi. Ezta poesiarik gabe ere. Poesiaz eta musikaz haratago, isiltasuna maite du, isiltasunik gabe ezin baitu musikaz edota poesiaz gozatu. Zarautzen bizi den psikologo-psikoterapeuta kantabriarrak bigarren poesia liburua kaleratu berri du: Sonidos, Silencios, Graves, Agudos, Musica, Canciones (Soinuak, Isiltasunak, Behe-soinuak, Goi-soinuak, Musika, Abestiak) . Bihar aurkeztuko du jendaurrean.
Musikaren eta poesiaren arteko loturaz idatzi duzu. Posible al da musika poesiarik gabe ulertzea, edota alderantziz?
Ez, odoleko ahaideak dira. Ezin da bata bestea gabe ulertu. Soinu asko daude bizitzan, baina isiltasuna ere zabala da, eta isiltasun horretatik abiatuta ere musika sortzen da. Ruidoso amor poeman idatzi nuen gisan: No es que le falte el sonido, es que tiene el silencio (Ez zaio soinua falta, isiltasuna du, baizik). Isiltasunak musikara garamatza, eta alderantziz. Isiltasuna nahitaezkoa da musika edota poesia behar bezala gozatzeko.
Musikaz ez dakizula diozu. Poesia baliatu al duzu hutsune hori betetzeko ?
Hori da daukadan pena handiena, txikitatik musika ikasi ez izana, alegia. Maite dut musika, ezin dut hura gabe bizi. Arnasa hartzea bezain garrantzitsua da niretzat. Horregatik, musika sortu ezinagatik, poesian zentratu naiz. Barrua beteko zidan zerbaiten beharra neukan.
Eta hala, bigarren poesia liburua idatzi duzu.
Bai, hamabi egunetan idatzi nuen, Cordoban (Venezuela) oporretan nintzela. Lehendik hainbat ideia nituen ganbaran jasota, baina bertako beroak, irudi erlijiosoek, egunsentiak eta Iguazuko ur-jauziek inspiratu ninduten, eta gelditu gabe idazten hasi nintzen, sukarra baldin banuen bezala. Gosaltzeko tarterik ere ez nuen hartzen. 28 poema biltzen ditu liburuak. Ez da luzea, baina mamitsua da.
Larunbatean aurkeztuko duzu poesia liburua, Villa Mundan. Ekitaldi berezia izango da, gainera.
Bai, hainbat pertsonaiek hartuko du parte bertan. Lehenbizi Anjel Lertxundik liburuaren inguruko iritzia emango du. Asko miresten dut Lertxundi; bere idazteko modua eta umiltasuna txalogarriak iruditzen zaizkit. Hori dela eta, aurkezpenean parte har zezan nahi nuen. Kosta zitzaidan, baina lortu nuen.
Gerora, poesia errezitatuko dugu. Lehenik eta behin, Juan Mari Lekuonaren poema bat irakurriko dut, euskaraz. Gerora, katalanez eta galiziarrez poesia bana errezitatuko ditut. Oraingoan ez dut nik protagonista bakarra izan nahi izan. Hori dela eta, hainbat belaunalditako lagunak gonbidatu ditut nire poemak irakurtzera; izan ere, poesiak ez du adinik. Hala, neska gazte batzuk, heldu bat, eta adineko pertsona bat izango ditut lagun eszenatokian.
Musika eta margoak ere izango dira larunbatean.
Juana Mari Astigarragak pianoa eta Oscar Pascualek biolontxeloa joko dute, eta Allegro Molto Vivace abesbatzak kantatu. Musikak poemen indarra areagotu dezaketela deritzot.
Horrez gain, Ignasi Blanch marrazkilari kataluniarrak irakurtzen ari garenaren inguruko marrazkiak egingo ditu, unean bertan.
Psikologo-psikoterapeuta zara ofizioz. Ihes egiteko modua al da zuretzat?
Psikologoek, psikiatrek eta halako profesionalek eskura dituzten baliabideak erabili beharra dituzte pazienteei lagundu ahal izateko. Nik literatura, poesia eta filosofia erabiltzen ditut bezero bakoitzari gertatzen zaiona azaltzeko erreminta gisa. Kontsultara nortasuna galdu duen norbait etortzen bazait, esaterako, nik Bertolt Brechten El ciruelo irakurtzen diot: . Hostoengatik ezagutzen da, ez ematen dituen fruituengatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide