Iberiarren zibilizazioa Frantziako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako mediterranioko kostaldean finkatu zen K.a. VI. mendearen bukaeran, Languedoc-en, Katalunian, Valentzian, Aragoiko zati batean, Murtzian eta Andaluzian, hain zuzen. Abuztuaren 16ra bitartean, ordea, Zarauzko itsas bazterrean izango da haien gotorlekua. La Caixa aurrezki kutxako Gizarte Ekintza Sailak, Zarauzko Udaleko Kultura sailaren laguntzarekin, K.a. I. mendea desagertu zen kultura iberiarrari buruzko erakusketa antolatu du Beraza ondoko karpan.
Bertan, antzinako gizarte horrengana hurbiltzeko aukera izango dute zarauztarrek zein bisitariek, «modu didaktikoan». Finean, Iberiar kultura deritzona ezagutu ahalko dute; hala nola, haien sorrera, eguneroko bizitzako xehetasunak, kultura eta artea, antolaketa militarra eta gobernatzeko moduak, idazkera, merkataritza, hirigintza eta arkitektura eta erlijioa.
Atzo egin zuten inaugurazioa, eta ekitaldian izan ziren Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi, kultura zinegotzi Gari Berasaluze, La Caixa Fundazioko idazkari nagusi Lluis Reverter, eta Jose Manuel Bilbao La Caixako ordezkari nagusia Euskadin. «Sasoi honetarako eskaintzari kalitatezko erakusketa eder hau gehitu diogu», azaldu zuen Illarramendik. Berasaluzek «eskaintza interesgarritzat» jo zuen erakusketa, eta La Caixaren laguntza eskertu zuen: «Aurrezki kutxek patrikak potolotzen dituztela dio Juan Luis Mendizabal Mendi-k, eta ez zaio arrazoirik falta. Hala ere, hainbat laguntza bideratzen dute, batzuk kulturara. Duela hilabete batzuk erakusketa hau Zarautzen antolatzeko prestutasuna agertu zuten. Espero dugu aurrerantzean herrian halako ekimen gehiago antolatzeko elkarlanerako prest egotea».
Aurkezpenaren amaieran, Reverterrek eta erakusketako komisario Lluis Batistak bisita gidatua eskaini zieten bertaratu zirenei, erakusketako atalak banan banan azaltzeko.
Data. Uztailaren 12tik abuztuaren 16ra.
Kokalekua. Beraza ondoko karpan, Lizardi eta Orixe kaleen artean.
Ordutegia. Astelehenetik igandera, 11:00-14:00 eta 17:00-22:00 bitartean. Eskola taldeen bisitetarako 902-90 66 66 telefonoan eskatu beharko da ordua.
Bisita gidatuak. Astelehenetik igandera, 12:00ak eta 19:00ak bitartean.
Sarrera. Doan.
Informazio gehiago.
902-22 30 4o telefonora deituta edo www.laCaixa.es/ObraSocial webgunean.






