Hainbat eta hainbat proiektu du Bixente Martinez (Eibar, 1954) musikariak; batzuk buruan, besteak bidean. Azken horietako bat, Igelaren Banda. Taldea 2000. urtean sortu bazuen ere, gaur estreinatuko dute, Kafe Torero kultur egitasmoaren baitan. Euskalduna tabernan eskainiko dute kontzertua, 21:30ean. Eraberrituta dator taldea, taldekide eta ideia berriekin.
Igelaren Banda abian da berriro, eta Kafe Torero egitasmoaren barruan estreinatuko duzu gaur.
Igelaren Banda duela 12-13 urtetik martxan dudan egitasmoa da. Hirukote instrumentala da, eta antzinako euskal kantuak jotzen ditugu, tradizionalak, baina jazz ikuspuntutik nolabait esateko. Kantu zaharrak oso modu librean jotzen ditugu, inprobisatzen.
2000. urtean osatu genuen lehenengo diskoa. 11 urte igaro dira ordutik. Beste formazio batekin aritu ginen kontzertuak-eta eskaintzen. Hura bukatu zen, bakoitzak beste egitasmoak genituelako buruan. Nik banituen kantu batzuk eginda, eta horiekin zerbait egiteko asmoa banuen, baina beste proiektuak medio, geldirik ginen. Orduan Kafe Toreron eskaintza iritsi zitzaidan, eta berriro ere abian jartzea erabaki nuen. Horregatik diogu estreinaldi mundiala izango dela. Igelaren Bandaren bigarren berraragiztatzea izango da.
Eraberrituta dator, gainera.
Bai. Aldaketa nagusia taldea berada . Lehengo hirukoteko parte-hartzaileak beste egitasmo batzuetan sartuta daude; batek edo bestek musika mundua utzita dauka, gainera.
Azken urteetan bertso-jazza delakoari esker, Hasier Oleaga bateria-jotzailearekin oso kimika ona izan dut, ongi moldatu gara. Hori kontuan izanda, nire asmoaren berri eman nion. Igelaren Banda ezagutzen zuela erantzun zidan, eta bertan parte hartzeko prest zegoela.
Hurrengo pausoa kontrabaxu -jotzaile bat aurkitzea zen. Nik banuen Amaiur Cajaravilleren berri, eta banuen harekin harremanetan jartzeko gogoa ere. Eta aitzakia horrekin proposatu nion Igelaren Bandan parte hartzeko. Baietz esan zidan segituan.
Orduan lehenengo entsegua egiteko hitzordua jarri genuen, eta gustura geratu ginen emaitzarekin. Gerora, beste entsegu bat egin genuen; nik buruan nituen zenbait ideia partitura batean jaso nituen, gidoi modura, eta oso modu librean bakoitzak bere ekarpenak egin zituen. Egia esan, nahiz eta bi goizez soilik entsegatu, kimika ona dugu. Datorren astean egingo dugu azken entsegua. Ilusio handiarekin nago; izan ere, ongi aterako zaigula uste dut.
Lan talde ederra osatu duzue hirurok orduan.
Bai, talde polita osatu dugu: Amaiur kontrabaxuan, Hasier baterian e ta ni gitarra jotzen. Hasier Oleaga musikari gaztea da, baina eskarmentu handikoa; ibilbide luzea du. Besteak beste, Ruper Ordorikaren talde finkoan jarduten du, Iñaki Salvadorrekin ere aritzen da. Zarautzen jazz mintegian parte hartzen duelako da ezaguna.
Amaiur Cajaraville garai batean Eraso rock taldean zebilen. Gerora, rocka pixka bat aparte utzi eta irakasle lanetan dabil. Azken boladan, Benito Lertxundirekin, Oreka TX taldearekin, Pantxoa eta Peiorekin, eta beste hainbat talderekin aritzen da. Biak ala biak gazteak izan arren, profesionalak dira, esperientzia handikoak.
Zer helburu du Igelaren Banda eraberrituak?
Musika instrumentala da. Beraz, entzuteko musika egiten dugu. Nik parte hartzen dudan beste proiektuetan egiten dugun musika abestutako musika da. Beti kantari bat dago aurrean. Hori dela eta, zerbait ezberdina egiteko gogoa nuen. Ni, gainera, oso kantari txarra naiz; ez dut gehiegi maite abestea. Izan ere, nire eztarriak ez dit uzten. Gogoratzen dut txikitan, fraideekin-eta irteerak egiten genituenean, egun osoa ematen nuela kantari, gustura. Hurrengo egunak, ordea, ahotsik gabe igarotzen nituen. Ez naiz kantaria, beraz. Nire adierazpide naturala musika instrumentala jotzea da, nire kitarrarekin. Ildo horretatik, Igelaren Banda musika instrumentaleko taldea da, nahiz eta gure pieza gehienak kantutan oinarrituta dauden, euskal kantu zaharretan. Ez ditugu kantatzen. Abesti horiek abiapuntu hartuta, doinuak sortzen ditugu, modu berezian. Batzutan modu zoroan ere bai, ezohikoan. Beste esperientzia musikalak sortzea dugu helburu.
Bigarren aldiz izango zara, gainera, Kafe Toreron.
Hori da. Lehengo taldearekin izan nintzen, duela laupabost urte. Oso ongi joan zen emanaldia. Oroimen ona daukat, erantzun ona jaso genuen.
Beste proiektutan esku hartzen duzula aipatu duzu. Denera iristea ez da lan makala izango.
Azken batean, musika egitea da gure ogibidea, eta eguneko 24 orduak horretara bideratzen dituzu. Egitasmo bakoitzean ordu batzuk sartuta moldatzen zara. Abilezia pixka batekin, lan bat baino gehiago egin dezakezu aldi berean. Rolling Stones bezalako talde bat baldin bagina, zoritxarrez, ezingo genuke proiektu bat baino gehiago aurrera eraman; mundu zabalean zehar birak eginda ezinezkoa da hori. Guk, ordea, ez dugu halakorik egiten. Euskal Herri mailako talde gehienetan, eta gurean ere, posible da. Hala ere, beti abilezia izan behar duzu, bi gauza aldi berean ez suertatzeko. Hori ere hala izaten baita: asteburu batean agian ez dizute inondik deitzen; hurrengoan, berriz, hiru tokitatik emanaldia eskaini dezazun eskatzen
dizute.
Igelaren Banda berriz abian jartzeaz gain, ba al duzu beste sorpresarik?
Lehenik eta behin, Igelaren Bandaren estreinaldia dugu. Nolabaiteko erronka izango da. Ongi irtetzen bazaigu, eta gure artean kimika dagoela ikusten badugu, aurrera egingo dugu proiektuarekin,oso poliki. Asko betetzen nauen gauza bat da.
Bestalde, Oskorrik argitaratzeke du aspaldidanik disko bat, labetik atera ezinda dabilena. Izan ere, egun argitaletxeek nahiko arazo izaten dituzte diskoak kaleratzeko. Asko atzeratzen ari da, baina oso proiektu interesgarria da. Jendea dantzan jartzeko asmoarekin osatu dugun lana da. Diskoarekin batera DVD bat argitaratuko dugu, non dantzak erakusten diren.
Duela urte batzuk jendea erromeriatan-eta aritzen zen dantzan. Egun inork ez du dantzarik egiten plazan. Hori da gure helburua, euskal dantza tradizionalak dantzatzeko ohitura hori berreskuratzea, jendea dantzan jartzea. Iztueta izeneko dantzari zahar baten partiturak berreskuratu ditugu, eta Elizondoko dantzari batzuekin elkarlanean osatu dugu.