Itsaso ondoan eskubaloian

Zarauzko Hitza 2011ko ekainaren 29a

Desertu Txikia eskubaloi kantxa bihurtuko da beste behin Txaparrotan ekimenari esker. Zortzigarren urtez antolatu dute festa giroko kirol txapelketa. Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi atalak antolatzen du egitasmoa, eta ehunka lagunek parte hartzen dute urtero. Bihar hasi eta larunbata bitartean eskubaloi partidak eta bestelako kultur eta aisia ekitaldiak izango dira parte-hartzaileen eta ikusleen gozamenerako. Urtero moduan, bi multzotan banatuko dute lehia: alde batetik, eskolarteko haurrak ariko dira jokoan eta bestetik, helduak. Kirola eta festa Partidek 15 minutuko bi zati eta 5 minutuko atsedenaldia izango dituzte, bai helduen multzoan bai eskolartekoen multzoan. Izena eman duten talde kopurua dela eta, gazteen partidak hondarrezko sei zelaietan jokatuko dira, eta helduenak, berriz, lau kantxatan. Umeen partidekin hasiko da txapelketa, bihar arratsaldean. 15:00etatik 21:00ak arte jokatuko dituzte norgehiagokak. Eskolartekoen multzoan benjamin (2002-2003an jaiotakoak), alebin (2000-2001ean jaiotakoak) eta infantil (1998-99an jaiotakoak) mailako gaztetxoek jokatu ahal izango dute, sei eta zortzi lagun arteko taldetan elkartuta. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 9 eta 14 urte bitarteko 600 neska-mutil inguruk eman dute izena aurtengoan. Txapelketaren bigarren egunean, larunbatean, 15 urtetik gorakoen txanda iritsiko da. Egun osoan jokatuko dituzte partidak, 10:00etan hasi eta 14:00ak arte eta 15:30etik 21:30era. Helduen mailan, herenegun itxi zuten izena emateko epea eta guztira, 52 talde inskribatu dira, hau [...]

Desertu Txikia eskubaloi kantxa bihurtuko da beste behin Txaparrotan ekimenari esker. Zortzigarren urtez antolatu dute festa giroko kirol txapelketa. Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi atalak antolatzen du egitasmoa, eta ehunka lagunek parte hartzen dute urtero.
Bihar hasi eta larunbata bitartean eskubaloi partidak eta bestelako kultur eta aisia ekitaldiak izango dira parte-hartzaileen eta ikusleen gozamenerako. Urtero moduan, bi multzotan banatuko dute lehia: alde batetik, eskolarteko haurrak ariko dira jokoan eta bestetik, helduak.
Kirola eta festa
Partidek 15 minutuko bi zati eta 5 minutuko atsedenaldia izango dituzte, bai helduen multzoan bai eskolartekoen multzoan. Izena eman duten talde kopurua dela eta, gazteen partidak hondarrezko sei zelaietan jokatuko dira, eta helduenak, berriz, lau kantxatan.
Umeen partidekin hasiko da txapelketa, bihar arratsaldean. 15:00etatik 21:00ak arte jokatuko dituzte norgehiagokak. Eskolartekoen multzoan benjamin (2002-2003an jaiotakoak), alebin (2000-2001ean jaiotakoak) eta infantil (1998-99an jaiotakoak) mailako gaztetxoek jokatu ahal izango dute, sei eta zortzi lagun arteko taldetan elkartuta. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 9 eta 14 urte bitarteko 600 neska-mutil inguruk eman dute izena aurtengoan.
Txapelketaren bigarren egunean, larunbatean, 15 urtetik gorakoen txanda iritsiko da. Egun osoan jokatuko dituzte partidak, 10:00etan hasi eta 14:00ak arte eta 15:30etik 21:30era. Helduen mailan, herenegun itxi zuten izena emateko epea eta guztira, 52 talde inskribatu dira, hau da, 400 pertsona inguru.
Kirolaren ikuskizuna behin amaituta, festa izango da protagonista. Izan ere, gauerako, DJ saioak eta karaokea antolatu dituzte, eta bertan lotan geratu nahi duenarentzat, akanpada ere izango da. «Bertara hurbiltzera animatzen zaituztegu zuen kanpin dendak eta lo zakuak hartuta», adierazi dute antolatzaileek.
Gau motza izango denaren ondoren, finalak jokatzeko eguna etorriko da. Igandean jokatuko dira VII. Txaparrotan txapelketako azken partida erabakiorrak. Goizean umeen finalerdiak eta finalak izango dira 10:00etan hasita eguerdia bitartean, eta, bazkalostean, helduen finalerdiak eta finalak ikusteko aukera izango da.
Asteburu osoan, taberna egongo da hondartzan, «pintxo goxoekin eta musikaz girotua». «Animatu zaitezte parte hartzera eta bestela, bertatik pasa giro paregabeaz gozatzera!», dio ZKEk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide