Zarautz eta Aia arteko herri krosa egingo dute igandean, hamabosgarren aldiz. Aiako kirol elkarteak Zarauzko kirol elkartearekin elkarlanean antolatu ohi du urtez urte lasterketa, inguruko korrikalarien «partaidetza» sustatzeko asmoz. «Krosaren helburua ez da korrikalarien arteko lehia sustatzea, parte-hartzea bultzatzea da gure asmoa», dio Joxe Mari Aiertza lasterketako antolatzaileak.
Antolatzaileek ohiko ibilbidea prestatu dute aurtengorako ere; Zarautzen hasiko dute lasterketa, 11:30ean. Kale Nagusian ekingo diote korrikalariek, eta Aiara errepidez joango dira. 11 kilometro eta 300 metroko ibilbidea egingo dute horiek, eta Aiako plazan amaituko dute.
Izen emateari dagokionez, berriz, bi eratara inskribatu daiteke: batetik, Internet bidez egin daiteke, www.herrikrossa.com webgunean; horiek lau euro ordainduko dute. Modu horretan izena emateko epea bihar gauerdian amaituko da; bestetik, egunean bertan ere eman ahal izango dute izena korrikalariek, lasterketa baino ordu erdi lehenago. Kasu horretan, ordea, 10 euro ordainduko dute. Halaber, antolatzaileek diote korrikalariek proba aurreko egunetan bere izena parte-hartzaileen artean azaltzen dela begiratu beharko dutela.
Aiertzak adierazi duenez, momentuz 70 lagun inguruk dute izena emanda. Aurreko urteetan 120 korrikalari inguru aritu izan direla adierazi du antolatzaileak, eta aurtengoan kopuru hori mantentzea espero dute antolatzaileek.
Krosak 300 metroko gora-behera positiboa du, beraz, Aiertzak adierazi du lasterketa «gogorra» dela. «Aldapa zorrotza du lasterketak, baina korrikalariek horri aurre egiteko prest egon ohi dira», dio.
Bestetik, antolatzaileek autobus zerbitzu berezia prestatu dute iganderako. Hala, lasterketa amaitutakoan Aiako plazatik Zarautzera joango da autobusa, 13:30eak inguruan.
Lasterketan lehenengo postuak geratzen den gizonezko eta emakumezkoak 200 euro jasoko ditu; bigarrenek 170 euro, eta hirugarrenek 150 euro. Halaber, korrikalari guztien artean ere hainbat sari zozketatuko dituzte.