Askotan pentsatu ohi da istoria lineala dela. Ez da hala, borobila da eta errepikatu egiten da». Hala gertatu da Agirre-Illarramendi familian ere. «Amak zuen amets hura bera dugu semeok. Horregatik liburudendari jarraipena eman nahi diogu», dio Imanol Agirrek, Garoa liburudendaren oinordekotza hartu duen semeetariko batek.
38 urteren ostean, belaunaldi berriek hartu dute Garoaren gidaritza, Imanol eta Eneko Agirrek, eta «ilusioz» egin dute, gainera. Imanol Agirre aitak, hala ere, bertan jarraituko du, semeei laguntzen: «Orain jubilatuta nago, baina ez dakit nora joan. Izan ere, bizitza guztia igaro dut liburudendan. Modu batean edo bestean, bertan izango naiz ni ere. Ardura semeek izango dute, ordea». «Izan dezakegun maisu onena da gure aita», gehitu du seme zaharrenak.
Hasierako izaerari eta joerari eutsiz, garai berrietara moldatuko dute familiaren denda. «Egoera berria da; aldaketak daude, teknologia aldetik batez ere. Hala ere, paperezko oinarriak hastapenetako ilusio bera egiten digu. Eta hala jarraituko dugu, irakurzaletasunari jarraipena emanez», dio Imanol Agirre aitak. Imanol semearen arabera, «Garoak bere esporak eman ditu, eta espora horiek jarraitu egingo dute amets horren baitan».

Flor Illarramendi, familiako ama, izan zen sendiko enpresari hasiera eman ziona, 1978ko apirilean. « Ama oso irakurzalea da, eta gaztetan Londres aldean ibili zen, atzera eta aurrera, beti liburudendatan sartuta. Herrira bueltatzean, zaletasun hori lanbide bihurtzea erabaki zuen», azaldu du Imanol seme zaharrenak.
Gauzak hala, zikloa berriz ere errepikatu dela dio: «Kuriosoa da kasua. Ni ere Londresen izana naiz, eta irakurtzea maite dut. Orain, Eneko anaiarekin batera, Garoari jarraipena emango diogu». Finean, amaren antzera, «afizioa ofizio» bihurtu dute Agirre anaiek. «Halakoa da bizitza . Gustatzen zaizun horretan jarduteko aukera baldin baduzu, zergatik uko egin?» dio Imanolek.
Horrekin gozatu egiten dutela diote bi anaiek, eta hori haien jardunean islatzen da.
Liburudenda baino gehiago
Aitaren arabera, Garoa hastapenetan, liburudendaz gain, papertegia ere bazen. «Denborarekin osatzen joan ginen lokala, eta ikastetxeentzat ere lan egiten hasi ginen. Hala ere, gure joera liburuei garrantzia ematea izan da», azaldu du. Gerora, liburu azoketan-eta parte hartu izan zuten.
Garoa liburudenda baino gehiago da, beraz. Zentzu horretan, hasierako helburuei eutsi diete: Jendea bildu eta kultura sustatzeko topagune izatea.«Garai batean, nahiz eta denda 20:00etan itxi, 22:00ak arte bertan elkartzen ginen koadrilan, literaturaren inguruan eztabaidatzera, besteak beste», adierazi du aitak. «Aurrera begiratzea ondo dago, baina tartean-tartean atzera ere begiratu behar da», nabarmendu du seme zaharrenak. Hala, iraganeko «alderdi positiboei helduz», liburuei herriko hainbat kultur ekimen gehitzea erabaki dute oinordekoek. «Gunea bizitzea», alegia.
Hala, askotariko ekimenak antolatuko dituzte, «zarauztarren lanekin», batik bat: «Beti saiatzen gara herriko artistei oihartzuna ematen». Egun, Jose Luis Lasa zarauztarraren erakusketa antolatu dute liburudendan zein sotoan. «Lasaren familiak egur enpresa bat zuen. Egun jubilatuta dago, baina egurra lantzen jarraitu du . Halako eskulturak egin ditu», esan du aitak. Erakusketa ikusgai izango da ekainaren 18a bitartean, 18:30etatik 20:00etara.
Hala, argazkigintza, margogintza eta beste hainbat arte landu nahi dute Agirretarrek: «Literaturaz aparte, beste oinarriak ere izan behar ditu liburudendak. Mahaia ez da zutabe batekin soilik sostengatzen. Zutabe horrek kale egiten badu, dena pikutara joan daiteke. Liburuez gain, beste alorrak ere eskainiko ditugu, oreka edo egonkortasuna aurkitzearren».
Horretaz gain, liburu aurkezpenak egiteko ere baliagarria izango da lokala. «Lehen ezin genuen hori egin; izan ere, lokala txikiegia zen. Orain berritu eta zabaldu egin dugu, eta jende dezente hartzeko tokia dago», esan du aitak. Pasa den ostiralean egin zuten lehena. Bertan izan zen Anjel Lertxundi idazlea, azken lana, Etxeko hautsa, aurkezteko: «Oso polita izan zen, jende asko bildu zen. Arlo hori lantzen jarraitzeko asmoa dugu».
Kultur egitasmoez gain, euskarri digitala ere landuko dute belaunaldi berriek. «Liburugintzaren baitan zalantza dago, zer gertatuko ote den paperezko euskarriarekin eta aisialdian zein garrantzi izango duten liburuek», nabarmendu du anaia gazteak.
Internet eta papera
Agirre anaiek ez diote «inolako beldurrik» teknologia berriek paperaren gainean izan dezaketen eraginei. «Zer bihurtuko diren liburudendak gerora? Ezin da jakin. Guk bien bitartean gustuko duguna egiten jarraituko dugu. Bizitza bi egun dira, eta disfrutatu beharra dago. Gero gerokoak», nabarmendu du Imanolek.
Oraingoz «adar berria» gehitu diote Garoari: interneteko eskaintza. Horretaz Eneko anaia gaztea arduratuko da. Web Consulting-a jorratuko du, eta Garoaren inguruko berriak, informazioa zein argazkiak bilduko ditu Facebook eta Twitter sare sozialetan, nahiz Flickr-en eta Youtube-ren bitartez.
Liburu digitalen arloan, «pixkanaka» hasi dira Agirre anaiak: «Duela urte batzuk hasi ginen liburu digitalen atala lantzen. Beldurtuta hasi ginen, gainera, ez baikenekien zer gertatuko zen», aitortu du. Hala ere, aldaketak ez direla «hain katastrofikoak» izango nabarmendu du: «Herri txiki batean bizi gara, eta jendeak ohiturak ditu. Euskarri digitalak irakurle jakin batzuk izango ditu, baina oraindik jendearentzat erosoagoa da literatura paperean, esku artean, izatea».
Bestalde, eduki batzuk « euskarri digitalean soilik» argitaratuko direla dio anaia gazteak; komikiak eta mikroipuinak, esaterako. Gauzak horrela, joera berrietara «neurri batean adi daudela» dio, baina «zoratu» gabe.