Rafael Bengoa osasun sailburuordeak jakinarazi berri du E. coli bakterioa izan dezakeen zarauztarrari analisiak egiten ari zaizkiela medikuak, eta larri dagoela oraindik. Aitortu du zaila izango dela bakterioa bakartzea, antibiotikoak hartzen ari baita 43 urteko gizonezkoa. Baina dena dela, duena duela ere, “Alemaniatik ekarri” duela ziurtatu du.
Proba mikrobiologikoen emaitza negatiboa izan da. Atzo eman zituzten emaitzak. Baina antibiotikoak hartzen ari denez, osasun arduradunek ez dute baztertu kutsatuta egon daitekeela.
Gizonezkoa infekzio gogor baten sintomekin ospitaleratu zuten joan den asteazkenean. Berria egunkariak jakin duenez, beherakoarekin eta deshidratatuta eraman zuten ospitalera. Haren egoerak okerrera egin zuen, eta ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitatera lekualdatu zuten. Hesteetako ebakuntza egin zioten segituan. Egoera larria bada ere, hoberako bidean dela argitu dute medikuek.
Sindrome hemolitiko-uremiko delako gaitza du gizonezkoak. Hori dela eta, E. coli bakterioa izan dezakeela pentsatu dute. Izan ere, Hanburgon (Alemania) izana da zarauztarra, hamar egunez. Bertan barazki freskodun entsaladak jan zituela baieztatu dute egindako zenbait probak. Hala ere, oraindik baieztatzeke dago gaitzaren jatorria zein den. Gaur jakinaraziko dute E. coli duen ala ez.
Espainiako pepinoak ez
Zarauztarra antibiotiko tratamendua hartzen ari da, eta, ondorioz, mikrobiologikoki baieztatu gabe gera daiteke gaixotasunaren kausa. Sindrome hemolitiko-uretikoa, E. colia-z gain, bestelako bakterioek ere eragin dezakete. Hori dela eta, ezin da ziurtatu Alemaniako luzokerrak izan diren zarauztarraren gaitzaren eragileak.
Ziurtatu dute, ordea, Espainiako pepinoak ez dutela izurritea eragin. Alemaniako laborategi batek Estatutik esportatutako bi luzoker aztertu ditu, eta ez dutela bakteriorik ondorioztatu dute. Ez dakite, ordea, nondik eta nola sortu den gaitza. Kasuak kezka sortu du Europan eta zenbait herrialdek Espainiatik banatutako barazkiei ateak ixtea erabaki du. Horrek kalte handiak eragin dizkie Espainiako zein Euskal Herriko baserritarrei. Ildo horretatik, kalte ordainak eskatuko dizkiete ateak itxi dizkieten herrialde horiei.
Lasaitasunerako deia
Lasaitasunerako deia egin dute Osasun saileko arduradunek, batetik, gaixotasuna ez delako pertsonatik pertsonara igarotzen; bestetik, ohiko garbitasun neurriak hartuta ez dagoelako kutsatzeko aukerarik. Hala, eskuak maiz garbitzeko eta gordinik jan aurretik barazkiak ongi garbitzeko aholkatu dute adituek. Neurri horiek hartuta, beraz, ez dago kutsatzeko arriskurik.
Egindako proben arabera, ez dagoela ortuari freskoak jateko «inolako arazorik» ziurtatu dute, halaber.
Dagoeneko hamasei dira E.coli bakteriak kutsatuta hil diren pertsonak, hamabost Alemanian eta bat Suedian. Bestalde, herrialdean 1.400 kutsatu daudela jakinarazi dute. Horrez gain, Danimarkan, Erresuma Batuan, Herbehereetan eta Austrian ere topatu dituzte kasuak; guztiak Alemanian izandako herritarrak dira.